Bilboko Udala

Euskara sustatzen Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan

Bilboko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan euskararen normalizazioa sustatzeko egitasmoa da Biribilko. Horretarako, euskararen ezagupena zabaldu, euskararen aldeko motibazioa areagotu eta euskararen erabilera bultzatu nahi ditu.

Euskaraz barra-barra
'Euskaraz barra-barra' ekinbidearen ikurra Bilboko saltoki batean. BIRIBILKO
2024ko urriaren 15a
05:10
Entzun

Biribilko egitasmoaren sustatzailea Bilboko Udala da, eta Euskarako, Herritarren Arretako eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Sailaren bidez eta Bilbao Ekintza udal sozietatearen laguntza izan du.

Horietaz gain, ondoko erakunde hauen lankidetza eta babesa ere badu Biribilkok: HABE, Bilboko Euskaltegi Homologatuak, BilbaoDendak, Bilboko auzoetako merkatarien elkarteak eta Bizkaiko Ostalaritza Elkartea.

Biribilkoren ezaugarriak

Hauek dira Biribilko markaren ezaugarriak:

Errentagarritasun plus bat da.

Bateratzea da: euskara, merkataritza eta ostalaritza.

Komunikazioa da.

Etorkizuna da.

Bilbotik Bilborako da.

Zergatik Biribilko?

Hainbat arrazoi daude Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko, besteak beste:

Euskararen normalizazio prozesuan eremu sozioekonomikoa funtsezkoa delako, eta haren baitan merkataritza eta ostalaritza sektoreek aparteko garrantzia dutelako herritarren eguneroko bizitzan eta harremanetan duten eraginagatik.

Bilbon euskaraz dakiten pertsonak geroz eta gehiago direlako eta asko direlako beste herri batzuetatik Bilbora datozen euskaldunak, herritar gehiengoaren jarrera euskararen aldekoa delako, eta Bilboko gizarte bizitzaren hainbat esparrutatik euskararen alde egiten ari diren urratsekin bat egin eta lerrokatzeko.

Jarduera komertzialaren eta euskararen sustapenaren artean dagoen lotura nabarmentzeko, bezeroen asebetetze maila areagotu eta euskara errentagarritasun faktore bilakatzeko, eta bertako bezeroei eskainitako zerbitzua hobetu eta sektorearen tokikotasuna eta hurbiltasuna indartzeko.

Proiektuak eta ekinaldiak

Euskararen normalizaziorako funtsezkoak diren 3 ardatz lantzen ditu Biribilkok: ezagutza, erabilera eta motibazioa. Horretarako, hainbat ekimen eta jarduera garatzen dira Biribilkoren baitan:

Biribilko euskara ikastaroak: Merkatari eta ostalarientzat beren-beregi antolatutakoak. Ikastaroon ezaugarriak honako hauek dira:

Ikastaroetan izena eman ahal izateko baldintza da Bilbon kokatutako merkataritza edo ostalaritza establezimendu batean lan egitea.

Ikastaro hauetan, bi maila nagusi eskaintzen dira: oinarrizkoa (euskaraz ez dakiten edo oso gutxi dakitenentzat) eta hobekuntzakoa (euskaraz zerbait dakitenentzat).

Eskolak modu presentzialean ematen dira, Bilboko ondoko euskaltegietan: Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti, Indautxuko AEK, Juan Mateo Zabala, Matxintxu AEK, Lizardi AEK, Santutxuko AEK eta Ulibarri.

Guztira, 90 eskola ordu ematen dira, urrian hasi eta ekainera arte.

Prezioa 90 eurokoa da guztira. Diruz lagundutako ikastaroak dira. Hala ere, 2025eko ekainaren amaieran, ikastaroak amaitutakoan, diru hori berreskuratzeko aukera izango dute ondoko bi baldintzak betetzen dituzten ikasleek: klaseetarako asistentzia, gutxienez, %75ekoa izatea (gutxienez, 68 eskola ordu) eta klaseetara joatea, gutxienez, maiatzaren 1era arte.

Ikastaroak hasi ziren 2009-2010eko ikasturtetik 2023-2024ko ikasturtera arte, 2.166 izen emate egon dira.

Biribilkoren webgunean (www.biribilko.eus), ikastaroei buruzko informazio guztia ikus daiteke, eta ikastaroetan izena online emateko aukera ere badago.

Euskaraz barra-barra ekinbidea: Biribilko egitasmoaren barruan, Euskaraz barra-barra ekinbidea darama aurrera Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Helburua da arreta euskaraz eman dezaketen Bilboko merkataritza eta ostalaritza establezimenduak identifikatu eta ikusgarri egitea Euskaraz barra-barra ikur bereizgarriaren bidez. Horrela, bezero eta saltzaileen artean euskararen erabilera erraztu eta sustatu nahi da.

Ekimen horrekin bat egiteko, establezimenduek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

Jendaurreko langileen %33k (herenak) gutxienez, euskaldunak izan behar dute.

Establezimenduek ziurtatu egin behar dute irekita dauden ordutegi osoan beti izango dutela euskara ulertzen duen langile bat gutxienez, bezeroei euskaraz egiteko aukera bermatzeko.

Ekinbidearekin bat egiten duten establezimenduek Euskaraz barra-barra egitasmoaren ikurra ageriko leku batean ipini beharko dute edozein bezerok erraz ikusi eta identifikatu ahal izateko.

Euskaraz barra-barra ekinbidearekin bat egiten duten establezimenduek ondoko hizkuntza konpromiso hauek bete behar dituzte:

Jendaurrean lan egiten duten establezimenduko langile guztiek euskaraz edo ele bietan egingo diete lehen hitza bezeroei.

Langile euskaldunek euskaraz emango diete arreta euskaraz hitz egin nahi duten bezero guztiei.

Euskaldunak ez diren langileek langile euskaldun baten arreta jasotzeko aukera eskainiko diete euskaraz hitz egin nahi duten bezeroei.

Uneren batean establezimenduan langile euskaldunik ez badago, euskaraz ulertzen duen langile baten arreta jasotzeko aukera eskainiko zaie euskaraz egin nahi duten bezeroei.

Orain arte, Euskaraz barra-barra ekimenarekin bat egin duten establezimenduak Bilbon 319 dira. Establezimendu horiek www.biribilko.eus webguneko Establezimenduak atalean agertzen dira.

Biribilkoren webgunea: Alde batetik, merkatari eta ostalarientzako zerbitzu eta eduki desberdinak eskaintzen dizkie euskararen ezagupena eta erabilera sustatzeko:

Euskara ikasi eta erabiltzeko dauden online baliabideak agertzen dira eta eskuragarri daude: itzultzaile automatikoak, hiztegiak, material didaktikoa, autoikaskuntza…

Hizkuntza euskarri desberdinak daude eskuragarri, hizkuntza paisaia idatzian euskararen erabilera sustatzeko: errotuluak, kartelak, lanerako dokumentuak, kartelak, oinarrizko hiztegi sektorialak….

Bilbon, euskararen alde urratsak egin dituzten establezimenduak banan-banan identifikatu (zerbitzua euskaraz eskain dezaketenak, Biribilko ikastaroetara joandakoak…) eta euren zabalpena egiteko informazioa agertzen da (helbidea, telefonoa, webgunea…)

Horrez gain, Establezimenduak izeneko atalean, Bilbon euskara sustatzeko urratsen bat egin duten establezimenduak agertzen dira: Biribilko ikastaroetara joandakoak, webgunean euskara ere badutenak, zerbitzua euskaraz eskain dezaketela esan dutenak… Halaber, hau guztia aurki daiteke:

Euskararen aldeko urratsak egin dituzten edo hizkuntza paisaian euskara sustatzeko interesa agertzen duten establezimenduentzako doako zerbitzu eta materialen eskaintza.

Doako itzulpen zerbitzua, ageriko idazki eta oharrak gaztelaniatik euskarara itzultzea euskararen presentzia sustatzeko.

Jarduera adarren araberako doako hiztegi komertzialak, adar desberdinetan ohikoenak diren hitz eta esamoldeak.

Zabalik – Itxita txartela, idatzizko hizkuntza paisaian euskararen gutxieneko presentzia errazteko.

Euskaraldia egitasmoan, difusiorako eta merkataritza eta ostalaritza sektoreko establezimenduen parte hartzea sustatzeko Euskaraldiaren inguruko informazioa zabaltzen da Biribilko egitasmoko establezimenduen artean.

Bilboko merkataritza eta ostalaritza osatzen duten establezimendu guztiei zuzendutako aurrez aurreko inkesta burutzen da aldizka, Biribilko establezimenduen datu basea elikatu eta eguneratzeko. Guztira, 4.210 establezimendu dira egitasmo honetarako datuak eman dituztenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.