Innobasqueren tartea

Euskadiko berrikuntza txertaketaren atzean

COVID txertoak ez dira erronka bat izan soilik industria farmazeutikoarentzat, txertoak biltegiratu eta banatzeaz arduratu direnentzat ere erronka bat izan dira. Hemen, eginkizun hori Bexen Medical enpresaren esku egon da, eta garatu dituen konponbideak Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan daude dagoeneko.

Ontzi isotermikoa. INNOBASQUE
2022ko martxoaren 23a
09:24
Entzun

COVIDak gure artean jarraitzen du, eta, nahiz eta haren eraginak eta hilgarritasun tasak oso handiak izaten jarraitzen duten, egoera duela bi urtekoa baino askoz hobea da funtsezko bi elementuri esker: txertoen garapen azkarra eta horiek herritar guztiei jartzeko logistika efizientea. Euskadin, logistika horren zati handi bat Hernaniko enpresa baten esku egon da: Bexen Medical.

Enpresa Mondragon Korporazioko kidea da, eta aitzindaria da lagin biologikoen eta medikamentu termolabilen kudeaketa eta biltegiratzean. Hau da, horiek hondatu eta alferrik gal daitezke garraioan zehar hotz-katea apurtzen bada. Batzuetan muturreko tenperaturak izaten dira (gogora dezagun, adibidez, Pfizerren txertoa -70 gradutan kontserbatzen dela), eta horrek sekulako erronka logistikoa planeatzen du banaketan. Bexen Medical enpresak lau hamarkada daramatza arlo horretan lanean, baina ez zuen inoiz aurrean izan, bolumena eta garrantzia aintzat hartuta, Euskadin jarritako dosi guztiak (4,72 milioi baino gehiago) txertaketa-zentro guztietara egoera bikainean bidaltzeko erronka.

Hasieran, 2020ko abenduan, garraio hori erabilera bakarreko ontzi isotermikotan egiten zen. Baina, txertoen kopuruak gora egin ahala, hotz-metagailuen, kutxa isotermikoen eta kartoiaren bolumenak ere gora egin zuen txertaketa-zentroetan, eta horiek zabortegian bukatzen zuten. Efizienteak eta azkarrak izan behar zuten alternatiba jasangarriago bat bilatzeko orduan, hau da, ontzien osagai guztiak berrerabiltzeko aukera emango zuen konponbide bat.

Erronka horrek aukera bat ezkutatzen zuen. Ez du merezi teknologia gehitzea erabili eta botatzeko ontzi bati, baina, elementu horri bizitza gehiago ematen badizkiogu, errentagarria izango da balio erantsia ematea. Datuen garaian, horren baliokidea da esatea hori zela ontziak adimendun bihurtzeko aukera.

Beraz, Bexenek CLCircular enpresarekin lankidetzan fabrikatu zituen eta 2021eko apirilean zirkulazioan jarri zituen ontzi isotermiko berriek erabilera anitzeko sentsoreak sartu zituzten kubeta berrerabilgarri batean, eta, tenperaturarekin batera, hezetasun-baldintzak, presioa eta argiztapena erregistratzen dituzte. Horrez gain, hauteman dezakete ontziak kolperik jasan duen, azelerometro bati esker. Eta, noski, kubeta bakoitzaren geolokalizazio zehatza adierazten dute, zuzenean. Datu horiek hodeira igotzen dira, eta jasota eta sailkatuta gelditzen dira plataforma batean. Prozesu logistiko osoaren gaineko kontrol-maila horri esker, gorabeherak prebenitu daitezke.

Gainera, ontzi berriek edukiera handiagoa dute, eta bakoitzean 6.000 dosi garraia daitezke; hasieran 1.200 dosi zeuden erabilera bakarrekoetan. Hustu ondoren, sentsoreak dituen kubeta ateratzen da, eta horiek berrezartzen dira edozein unetan erabili ahal izateko, nahi adina. Kalkuluen arabera, ontzi berriek bost urteko bizitza baliagarria dute, aurrekoen sei orduen aldean.

Hala ere, konponbideak oso-osorik bezeroaren esku gelditzen ziren beste bi erronka zituen. Kasu honetan, txertaketa-zentroen esku, eta lankidetza erabatekoa izan da. Lehena ontzien itzulerako inplikazioa zen. Bigarrena, langileak prestatzea plataforma erabiltzeko. Arrakasta kolektibo horren ondoren, Bexen Medical berrikuntza horretarako aplikazio berriak aztertzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.