Tolosako Udala

Esneki Tolosan: azoka berezia, lehiaketak, dastatzeak eta familia osoarentzako jarduerak

Esneki, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia, azaroaren 8an eta 9an egingo da, Tolosan. Esneki eta frisoi lehiaketak, 'Euskal Herriko gazta mahaia' dastatze gidatua, ikastaroak eta haurrentzako jarduerak ere antolatuko dira.

Esneki azoka
Esneki, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia azaroaren 8an eta 9an izango da, Tolosan. TOLOSAKO UDALA
2024ko azaroaren 6a
05:05
Entzun

Esneki, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia, azaroaren 8an eta 9an izango da, Tolosan (Gipuzkoa), Tolosako Udalak, Hazi fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center-en, Esneki Zentroa Leartikerren, Euskadiko Frisoi Federazioaren, Gipuzkoako Frisoi Elkartearen eta Tolomendi elkartearen laguntzarekin.

Bi txapelketa dira Esneki azokaren muina, azaroaren 9ko goizean egingo direnak: III. Esneki Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurt Txapelketa Beotibar pilotalekuan, eta XV. Frisoi Txapelketa Ferialekuan.

Lehena, hain zuzen, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ekoiztutako esne, gazta eta jogurt mota guztien txapelketa da. Aurten, ehun erreferentzia baino gehiago aurkeztuko dira. Bederatzi kategoriatan banatuko da: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi gazta onduak, ardi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua.

Kategoria bakoitzean bi azpikategoria bereiziko dira: gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin eraldatutako esnekiena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena. Azpikategoria horietako bakoitzean puntuaziorik onena lortzen dutenek jasoko dute saria, eta, behin hori argituta, maila bakoitzeko irabazleen artetik sari nagusia nork eramango duen ebatziko da.

Elikagaien sektoreko 24 pertsonak osatuko dute epaimahaia, eta esnekien itxura, ehundura, zaporea eta usaina kontuan izango dituzte. 10:00etan hasiko dira dastatzearekin, eta 13:00etan izango da sari banaketa. Bitartean, Beotibar pilotalekua publikoari irekita egongo da, eta, epaimahaiak produktuak dastatu eta balioztatu ahala, bertaratutakoek dastatzeko aukera izango dute.

Aldi berean, Euskal Herriko XV. Frisoi Txapelketa egingo da, Ferialekuan. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako zazpi abeltzainek ekarritako 88 animaliak hartuko dute parte, adinaren araberako zortzi mailatan sailkatuta. Ezaugarri morfologiko egokienak dituzten animaliak izango dira irabazleak. Goizean, behiak ile apaindegian nola prestatzen dituzten ikusteko aukera egongo da, eta sari banaketa 14:00etan izango da.

Esnekiak herritarrei hurbiltzeko esperientziak

Lehiaketek dirauten bitartean eta goiz osoan, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia egingo da Trianguloan. 25 postu jarriko dira, non barietate guztietako gaztak eta esnekiak erosteko aukera izango den.

Gainera, aurreko urteetan arrakasta handia izan duen Euskal Herriko gazta mahaia dastatze gidatua egingo da: azokako gazta aukera zabala ezagutzeko eta jateko aukera izango da Beotibar pilotalekuan bertan. Ordu erdiko lau txanda eskainiko dituzte (10:00etan, 10:45ean, 11:30ean eta 12:15ean), gehienez ere 20 laguneko taldetan banatuta. Leartiker zentro teknologikoko adituek emango dituzte gazta bakoitzaren ezaugarrien inguruko azalpenak. Txartelak Esneki.eus webgunean eskura daitezke, 8 euroren truke.

Haurrentzako tailerrak

Haurrak dituzten familiei bideratuta, bi tailer antolatuko dira. Horietako bat azaroaren 8an egingo da, ostiralarekin, Ferialekuan. 18:00etan, Errapetik ahorainoko bidea egitasmoa egingo dute, haurrei esnea nondik datorren azaltzeko. Baserritar batek azalpenak emango dizkie, behi bat jezten duen bitartean. Horrez gain, behiak jezteko simulagailu bat jarriko da, eta natillak kozinatzen ikasiko dute haurrek. 5-10 urteko haurrentzat da gomendagarria, eta Esneki.eus webgunearen bidez eman behar da izena (40 plaza daude).

Bigarren tailerra, berriz, azaroaren 9an egingo dute, larunbatarekin, 11:00etatik aurrera, San Frantzisko pasealekuan, Gipuzkoako Artxibo Historiakoaren parean, Frisoi Elkarteak eta Basque Culinary Center-ek antolatuta. Esnetan jarduerak izango dira. Txekorren zainketa gune bat atonduko dute, eta behia jezteko simulagailua jarriko dute berriro erabilgarri. Esnekiak eraldatzen ikasi eta jogurtak egiten ikasteko hainbat txanda antolatuko dira (11:00etan, 11:30ean, 12:00etan eta 12:30ean), baina ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea.

Esnekien testuinguruak lagunduta, Euskal Herriko Emakume Gaztagileak liburua aurkeztuko dute, azaroaren 8an, 17:00etan, Beotibar pilotalekuan. Liburuak euskal gaztagintzaren kulturan emakumeek utzitako ondarea berreskuratu eta omentzen du, hamabi elkarrizketaren bitartez. Fernando Hualde idazlea eta Joseba Urretabizkaia argazkilaria dira liburuaren egileak.

Autoen aparkalekua errazteko neurria

Azoka berezietan ohikoa denez, bisitari asko etortzen dira Tolosara. Herriaren erdiguneko aparkaleku aukerak, ordea, mugatuak dira, eta erraz betetzen dira halako egunetan. Hori dela eta, bisitan datozenei Usabal industrialdean aparkatzeko deia egin die udalak. Handik erdigunerako joan-etorria erraztu nahian, doako autobus zerbitzu zuzena jarriko dute.

Goiz osoan ibiliko da autobusa, 09:30etik 14:30era. Zerbitzu zuzen eta azkarra emateko, lau geldialdi egingo ditu.

Usabal kiroldegiko, Usabal industrialdean dagoen Oria beilatokiko eta Amarotz auzoko Iruñea etorbideko autobus geltokietan egingo ditu lehen geldialdiak, eta zuzenean erdigunera joango da. Geltoki bakarra izango du erdigunean, bidaiariak utzi eta hartzeko: Jon Andoni Irazusta pasealekuan (biala), Naparzubiaren ondoan. Hiribusak, berriz, ohiko ordutegi eta ibilbidea izango du.

Eragileen arteko elkarlana, lehen sektorea bultzatzeko

Urriaren 29an, Esneki azoka bereziaren hirugarren aldiaren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Raimundo Ruiz de Escudero Hazi fundazioko zuzendari nagusiak; Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak; Imanol Zubelzu Basque Culinary Center-eko proiektu gastronomikoetako arduradunak; Jon Anakabe Leartiker zentro teknologikoko zuzendari nagusiak; Eneko Dorronsoro eta Larraitz Sasieta Gipuzkoako eta Euskal Herriko Frisoi Elkarteetako ordezkariek; Iker Karrera Tolomendi elkarteko kudeatzaileak; eta baita eskualdeko zenbait esnekigilek ere.

Escuderok azpimarratu zuenez, Esneki azoka garrantzitsua da euskal esne sektorearen ikusgaitasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko: «Esneki Euskadiko gazta eta esneki mota guztiak ezagutarazteko eta sustatzeko garrantzi handia hartzen den lekua da, euskal kontsumitzaileei eta bisitariei begira. Horrelako ekintzak oso garrantzitsuak dira ekoizleentzat eta nekazaritzako elikagaien industriarentzat, haien lehiakortasuna bultzatzeko tresna gisa».

Agirresarobek ere eskaintzaren aniztasuna nabarmendu zuen: «Euskal Herriko esnekien sektorea askotarikoa da, eta Esneki bezalako plazak aukera bat dira eskaintza zabal hori ezagutarazteko eta kontsumo ohituretan eragiteko. Lehen sektorea sustatu ez ezik, ekoizleak saretzeko ere aukera ematen du, gainera. Horregatik, balio nagusi bat erakusten du Esnekik: zailtasunak zailtasun, sektore bizia dela».

Azkenik, horrelako ekimenak aurrera ateratzeko elkarlana funtsezkoa dela adierazi dute Tolosako Udaletik, egitaraua osatzeko lana egin duten Basque Culinary Center-i, Euskadiko Frisoi Federazioari, Gipuzkoako Frisoi Elkarteari eta Tolomendi elkarteari eskerrak emanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.