Egungo eredu ekonomikoa xahutzailea eta ekologikoki jasanezina da, eta ezberdintasunak besterik ez du sortzen. Kapitala metatzea eta ahalik eta etekinik handiena ateratzea dira gaur egungo ekonomia eredu nagusiaren helburuak, zuzenean edo zeharka horiek gizartean eta ingurumenean eragiten dituzten ondorioak aintzat hartu gabe. Natura baliabideak xahutzen dira mugarik gabeko desarrollismoa bultzatuz, eta, beraz, premiazkoa da trantsizio ekosozialerantz urratsak egitea eta garapen ereduaren inguruko hausnarketa sakona egitea.
Bestalde, jarduera erreproduktiboen eta, zehazki, bizitza eusteko ezinbestekoak diren zaintza-lan guztien desbalorizazioa sistemikoa da, eta zaintza-sistema publiko zein pribatu prekario eta ankerra da horren erakusle. Eredu neoliberalak, gainera, gizartea bakantzera eta indibidualismora darama, eta horrek ondorio sozial eta psikologiko larriak dakartza: herri mugimenduak ahultzea, desmobilizazio soziala, kontsumismoa, gaixotasun mentalak, bakardadea, zorigaitza…
Horri guztiari aurre egiteko ahaleginean martxan jarri den Oiartzun Burujabe proiektua prozesu herritarra da. Estrategikotzat jotzen diren esparru guztiak, planifikazio komunitarioan eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituta, herrian bertan garatzea da prozesu honekin lortu nahi dena. Oiartzun Burujabe herriko ehun ekonomiko, sozial eta instituzionala biltzen dituen egitasmoa da, zibilizazio krisiaren aurrean Oiartzungo herriak proposatzen duen alternatiba praktiko bat.
Planifikazio modu berri bat
Herriari burujabetza tresnak itzultzeko bide horrek gauzak egiteko beste modu bat eskatzen du. Oiartzun Burujabe prozesua, beraz, gobernantza eredu berria lortu nahi duen udalgintza egiteko modu berri bat da. Sektoreka landuko den bidea da, eta mahai sektorialetan arloari dagozkion erabaki estrategikoak, taktikoak eta plangintzak erabakiko dira. Halaber, mahai sektorialetan planak aurrera eramateko beharko diren baliabideak definituko dira, kontuan hartuz bitarteko horiek herritarrek, eragile ekonomikoek edota udalak eskaini ahal izango dituztela.
Epe luzerako ikusmira eta inplikazioa eskatzen duen proiektua da. Ahalduntzea bilatzen duen prozesu parte hartzailea, sektoreetako profesionalak eta udaleko giza baliabideak ere inplikatuko dituena. Aberastasun ekonomikoa herritik eta herriarentzat eraikitzea bilatzen duen prozesua da, baldintza egokiak dituzten lanpostuak sortzeari bide emango diona.
Oiartzun Burujabe ekinbidean herritarrek, udalak eta eragile ekonomikoek parte hartzen dute, ekonomia sozialaren printzipioak oinarritzat hartuta.
Prozesu honetatik sortuko diren proiektu eta egitasmoak, baita prozesua bera ere, ezkerreko balio eta printzipioetan oinarrituko dira: plurala eta transbertsala izango da, herritarren gehiengoari ekarpen materiala egingo dio eta logika/mekanismo esplotatzaileak ezabatzeko bidea markatuko du.
Komunitatean txertatuta dagoen prozesua
Trantsizio ekosoziala helburu, ingurumena errespetatuz eta zainduz, jasangarria izango da; era berean, ikuspegi feminista izango du, eta botere harreman oro deuseztatzeko urratsak egin nahi ditu. Komunitatean guztiz txertatua dagoen prozesua izanik, euskal hizkuntza eta kultura izango ditu oinarrian, eta munduari irekia izango da, herriaren aniztasunari eta aberastasunari balioa emateko. Halaber, proiektuak Euskal Herri mailara egokitzeko ahalegina egingo da prozesua, antzeko bidean lanean ari diren herriekin elkarlan aukerak aztertuz.
Lan egiteko eredu hori ez da berria Euskal Herrian. Sektore askotan, proiektu eta ekinbide ugari jarri dira martxan egiteko modu honetan oinarrituz (hezkuntzan, elikadura sektorean, energiaren alorrean, komunikabideetan…) eta Oiartzunen ere bide luzea egina dute dagoeneko. Egitasmo eta proiektu ugari abian jarri dituzte herrian bertan, herritar askoren inplikazioari eta parte hartze zuzenari esker sortu direnak. Besteak beste, Labore Oarso, Elika Kooperatiba, Arraztalo elkartea eta HemenGuk ekinbidea lehen sektorean, Argitturri Energia Berriztagarrien Kooperatiba energiaren alorrean, eta baita aisialdi, hezkuntza, kirol, kultur zein ongizate esparruetan antzeko logikarekin urteak martxan daramatzaten proiektuak ere.
Herritarrak ahaldundu
Bizitzarako beharrezkoak diren jarduerak tokian-tokian modu autoeratu, kolektibo eta komunitarioan planifikatu eta kudeatzea da prozesuak lortu nahi duena, herritarrak ahaldunduz, egitasmoen jabe eta partaide eginez. Konpromiso indibidual eta kolektiboa eskatzen duen prozesua da. Izan ere, herritar edota eragile gisa hartzen diren eguneroko erabakiek garrantzi handia dute, inguruko ekonomia eraldatzeko gaitasuna baitute. Azken batean, herritarrak izan daitezen inguruko ekonomiako erabakien jabe, haien lan eta bizitzen burujabe.
Burujabetzak jardunaldiak
Oiartzungo Udaleko eta Alternatiben Oi(h)artzuna herri plataformako kideek Oiartzun Burujabe ekinbidea ezagutarazi zuten urriaren 17tik 19ra egin ziren Burujabetzak jardunaldietan. Burujabetza esperientzia eraldatzaileetan sakontzen jarraitzeko antolatu zituzten jardunaldi horiek Oiartzun Burujabe ekinbideak eta Udalbiltzak. Herrigintza eta udalgintza eraldatzaile ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutzeko aukera izan zen. Herri mailako proiektuak aurkeztu ziren, burujabetza eta trantsizio ekosoziala, parte hartzearen paradigma berriak edo udalgintzatik estatugintzarako jauzia nola egin, besteak beste.
Urriaren 17an egin zen Burujabetzak jardunaldien aurkezpen ekitaldian, hauxe azaldu zuen Olaia Lasa Oiartzungo Udaleko zinegotziak: «Oiartzunen badira urte batzuk burujabetza ezberdinak lantzen ari garela, eta Oiartzun Burujabe herri proiektua abiatu berri dugu. Iaz Hernani Burujabek egin zituen jardunaldien ondotik, garrantzitsua ikusten genuen herrian bertan jardunaldiak antolatzea, bertan martxan dauden proiektuak ezagutarazi eta balioa ematea eta, aldi berean, beste tokietan egiten ari direna ezagutu eta handik ikastea».
Burujabetzak jardunaldietan, besteak beste, Olatukoop sareko kideak herri kooperatiben gainean mintzatu ziren, Ixambre kooperatibako kideak Aragoiko Artiedako esperientziari buruz, eta Oiartzungo burujabetza esperientziak ezagutarazi ziren: Elika, Labore eta Arraztalo batetik, eta uraren kudeaketa publikoa bestetik.
Halaber, Lluc Salellas Gironako alkateak bere hiriko desazkunderako politika publikoak azaldu zituen; Debagoiena 2030 proiektuko Elena Herrartek josten ari diren trantsizio ekosozialerako eskualde aliantzak ezagutarazi zituen, eta Mireia Vehi CUPeko parlamentari ohiak eta Bertie Russel Bartzelonako unibertsitateko irakasleak Udalgintzatik estatugintzara hitzaldia eman zuten.