Tomas Ondarra eta Jon Uriarte kazetariek De Bizkaia de todo la vida liburua sortu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Iazko Gabonetan arrakasta handia izan zuen argitalpenak, eta lurraldean gehien saldu zen liburua izan zen. Turismo gidaliburu gisa eta memoria kolektiboari eginiko omenaldi gisa sortu da, eta Bizkaiko paisaia, ondare eta kultura aberastasuna jasotzen du. Helburua da bisitariei eta bizkaitarrei hori guztia ezagutaraztea.
Proiektuak denbora luzea zeraman inprimatzeko zain, «egin gabeko gauzen zerrendan». Helburu argia du: elkarrekin bizi izandakoa aintzat hartzea, eta gogoratzea izan ginenaren ondorio garela, hala izatean nola egotean, jatean eta edatean, lan egitean eta gozatzean. Egileek diotenez, xehetasunei buruzko eztabaidak egonik ere Bizkaiaren funtsa ez da eztabaidagai. Jaurerria berezia izan denez, Bizkaia lurralde plurala da eta izango da, kontinente handiek —haietako batzuk oraindik ezezagunak— osatutako planeta txikia.
Turismoa sustatzeko foru diputatu Sonia Perez Ezquerrak adierazi duenez, «liburu honek lurraldearen turismo sustapenaren funtsa islatzen du. Lehenik eta behin, Bizkaiko jendearentzat da Bizkaia, eta, bidaiari garen aldetik, hausnartu behar dugu gure lurraldea ezagutzen ote dugun, hura ezagutzeak berekin ekarriko baitu zaintzea. Bestalde, lan honekin beste helburu bat ere ezarri dute: Euskal Herriko eta kanpoko bisitariei eskualdeak ezagutarazita, hara joateko gonbita egitea, hiriburuan soilik gera ez daitezen, asko baitago lurralde osoan ikusteko, ezagutzeko eta gozatzeko. Hala, turismoaren onurak banatu egiten dira, eta, jarduera urtaro jakin batzuetara mugatu beharrean, hura zabaldu eta deszentralizazioa sustatzen da, guztion etxeari balioa emateaz gainera».

Bizkaian zehar harro ibiltzeko erakusketa bat
Liburuaren arrakastaren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du erakusketa bat atonduko duela eta lurralde osoan erakutsiko dutela 2025. urtean, maiatzean Expovacaciones azokan aurkeztu ondoren. Erakusketak, obraren edukiak herritarrengana hurbiltzeaz gainera, Bizkaikoa izatearen harrotasuna indartuko du, lurraldeko elementu adierazgarriak nabarmenduko baititu. Lurraldeko txoko bakoitzaren nortasuna islatzeko eta aldarrikatzeko aukera izango da.
Erakusketari esker, bisitariek Bizkaiko 65 gai adierazgarri ezagutuko dituzte, hala nola ikono enblematikoenak —Gernikako arbola eta haritz hostoa—, edo hain ezagunak ez diren baina oso esanguratsuak direnak —Gernikako piperra edo pil-pilean egindako jakiak—. Liburuan, eta orain erakusketan, memoria kolektiboan baztertuta geratu ziren leku eta alderdi kulturalak berreskuratu dituzte, eta gaur egunera ekartzen dituzte kontakizun baten bidez.
Bidaia bat historian, kulturan eta gastronomian
Erakusketari esker, ibilbide bat egin ahal izango da Bizkaiaren historian eta identitatean funtsezkoak diren espazioetatik. Santimamiñe eta Pozalagua kobazuloetatik hasi, eta Mikeldi eskultura misteriotsura joko du gero, Oma basoraino iritsi arte. Gidari izango ditugu Matxitxakoko eta Santa Katalinako itsasargiak, eta Gaztelugatxe, Gorbeiako Gurutzea eta Bizkaiko Balkoia ikusiko ditugu. Urduñako, Ziortzako eta Urkiolako tenpluei ere omenaldia egingo zaie, bai erlijiosoei, bai kondairetakoei, Arretxinagako harri miragarriak ahaztu gabe. Anbotoko Damak eta basoetako jaunak baimena ematen badute, patxadaz ibili daiteke Otzarretako pagadi magikoan eta Argiñetako nekropolian zehar.
Ez dira alde batera utziko lurraldearen industriaren eta arkitekturaren historiaren funtsezko alderdiak. Hala nola El Pobal burdinola, Euskalduna ontziola eta Sestaoko Labe Garaiak, baita San Mames zaharra eta berria, Abando-Indalecio Prieto geltokia eta Viviendas Bizkaia ere. Ez dira ahaztuko, ez, ikono ezagunak: Bizkaiko Zubia, Santurtziko sardina saltzaileak edo iraganean meategiz eta beharginez beteta egon zen Zugaztieta. Beste kokagune batzuk ere izango dira, hala nola Omako basoa, Butroeko gaztelua edo Landetxo Goikoa baserria, Urdaibaiko Erreserbako flysch ikusgarriekin batera.
Zaporeak, soinuak eta tradizioak
Liburuaren egileek ez dute ahaztu gastronomia Bizkaiaren nortasunaren funtsezko parte bat dela. Izan ere, gastronomiari buruzko kapitulu gehiago daude beste gai batzuei buruzkoak baino, «janarirako gustua baita aberririk batuena». Zapore eta usainen bidez, bizkaitarrak erabat identifikatuta sentitzen dira, eta erakusketa honek lurrarekiko loturak gogoraraziko ditu.
Tradizio bizientzat ere lekua egongo da. Bisitariek aukera izango dute Lekeitioko kaxarrankan, Santa Agedako kantuetan eta OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkartearen ahots ospetsuetan murgiltzeko. Hori guztia gasolino-an, azulito-an, Bizkaibusean edo bizikletaz zeharkatu daitekeen lurralde batean. Eta garraio publikoan bada, hobeto, hala aukera izango baita kalimotxo batez eta txistor talo batez gozatzeko.

Ibilbide honen bidez, erakusketak bizkaitarrak hunkitu eta harritu nahi ditu, baita beren lurragatik sentitzen duten harrotasuna indartu ere. Bizkaian zeharreko bidaia hau, iraganari eginiko omenaldia izateaz gainera, gure oraina eta etorkizuna gehiago gozatzeko eta balioesteko gonbidapena ere izango da.