Seedbed Incubator programa

Berrikuntza, nekazaritzako elikagaien sistema iraunkorragoa eta osasungarriagoa izan dadin

EIT Food elikagaien arloko berrikuntzako ekinbide liderra da Europan, eta nekazaritzako elikagaien sistema iraunkorragoa, osasungarriagoa eta konfiantzazkoagoa izan dadin lan egiten du. Seedbed Incubator programa abiatu du.

IRUDIA 5
Seedbed Incubator programaren aurkezpena Bilboko B Accelerator Tower gunean, EIT FOOD
2024ko uztailaren 18a
05:10
Entzun

Europa osoko industriaren arloko, start-up-etako, ikerketa zentroetako eta unibertsitateetako funtsezko eragileen partzuergo bat da EIT Food ekinbidearen bultzatzailea. Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) ezarritako zortzi berrikuntza erkidegoetako bat da EIT Food. EIT Europa osoan berrikuntza eta enpresa-espiritua bultzatzeko 2008an sortutako erakunde bat da, eta Europako Batasunetik independentea da.

EIT Food elikagaien arloko berrikuntzako ekinbide liderra da Europan, eta nekazaritzako elikagaien sistema iraunkorragoa, osasungarriagoa eta konfiantzazkoagoa izan dadin lan egiten du. EIT Fooden helburua kontsumitzaileekin lankidetza estuan aritzea da, teknologian oinarritutako ezagutza, produktu eta zerbitzu berriak garatzeko, Europako herritar guztien artean bizimodu osasungarriagoa eta jasangarriagoa sustatzeko.

EIT Foodek Seedbed Incubator sei hilabeteko programa jarri du abian, fase goiztiarreneko ideia berritzaileak eta puntako ikerketak Europako merkaturako baliagarriak diren negozio-proposamen bihurtzea bilatzen duena.

Euskal ekintzaile teknologikoak erakarri

Seedbed Incubator programaren proposamena da ikertzaileak —garapen teknologiko propioa duten eta unibertsitateetako start-up edo spin-off bat sortu nahi dutenak, normalean doktoretza egina dutenak— edo beren enpresa merkaturatu berri duten eta ideia hori finkatzeko eta gauzatzeko laguntza behar duten euskal ekintzaile teknologikoak erakartzea. Horrela, haien proiektuak hartzen dituzte, eta urte erdian adituen laguntzarekin lan egiten dute negozio-proposamen sendo bihurtzeko. EIT Foodek eraldaketa horretarako tresnak emateaz gain —adituak, merkatu-azterketak, negozio-plana, eta abar—, finantzaketa eta kolaboratzaile sare bat ere eskaintzen dizkio, haiekin harremanetan jartzeko eta, horrela, proiektua hobetzen jarraitzeko.

Juan Zaffora, EIT Foodeko eskualde-'start-up' managerra, iazko maiatzaren 17an Bilbao Exhibition Centren antolatu zen 6. Berrikuntza Forumean. DAVID HERRANZ
Juan Zaffora, EIT Foodeko eskualdeko 'start-up'-en managerra, iazko maiatzaren 17an Bilbao Exhibition Centren antolatu zen 6. Berrikuntza Forumean. DAVID HERRANZ

Seedbed Incubator programaren ardatz nagusiak azaldu ditu Juan Zafforak, EIT Foodeko eskualdeko start-up-en managerrak: «Programaren gako nagusia da proiektuen baliozkotze komertzial eta teknologiko egokia egiteko diseinatuta dagoela. EIT Fooden sare zabala aprobetxatuz, ekintzaileak komunitatearekin konektatuko ditugu, merkatuko informaziotik abiatuta, erabaki zuzenak har ditzaten beren product-market fit delakoari dagokionez. Horrela, start-up-ak Seedbedetik ateratzen dira, haien bezero posibleak zeintzuk izango diren, konponbidearekin zer arazo konpontzen ari diren eta start-up-a hurrengo mailara eramateko negozio-eredu ideala zein den jakinda».

Zafforak hizpide izan du, halaber, Seedbed Incubator programak nola lagundu duen eta laguntzen duen Euskal Herriko ikertzaile gazteen ideia berritzaile horiek garatzen: «Seedbed inkubagailua Euskadin harreman estua duen Europako programa bat da. Urtero, programarako hautatzen diren Europa osoko 50 ekintzaileak Bilbora etortzen dira programaren lehen ekitaldi presentzialean. Proiektu horiek tokiko errealitatearekin harremanetan jartzen dira, adituekin eta tokiko enpresekin konexioak egiten dituzte eta, horrela, eskualdea beren plan estrategikoetan kokatzen dute. Era berean, parte hartzen duten Euskadiko ekintzaileek Europako EIT Food sarerako sarbidea dute, eta horrek aukera ematen die behar duten merkatuetan hedatzeko. Bestalde, programa honek ikusgaitasun handia ematen dio euskal ekosistemari Europan, urtez urte nazioartean duen posizionamendua hobetuz baitoa».

Seedbed Incubator programaren aurtengo deialdia jadanik itxita dago, baina laster beste deialdi batzuk izango dira, bai Seedbed Incubator programarena, baita EIT Foodek abian jarriko dituen beste ekintzailetza programa batzuenak ere. Aipagarria da Seedbed Incubator programa ez dela berria, azken lau urteetan programa horretan parte hartzeko beste horrenbeste deialdi egin baitira.

Zenbait start-up-ek parte hartu dute jadanik EIT Foodek abian jarritako programetan. Besteak beste, Bilboko Isauki start-up-ak Seedbed Incubator programaren laguntza estimagarria izan du. 2022an sortua, Isaukik ohiko itsaskiaren alternatiba bat sortu du mikro eta makro algak erabilita. Alternatiba nutritibo eta osasungarri bat da, arrainen populazioen agortze-arazoak, arrantza-ontziek ozeanoetan eragiten duten kutsadura, eta horien ekoizpenari eta garraioari lotutako karbono-aztarna handia konpontzeko.

Isauki start-up-eko arduradunek hauxe azpimarratu dute: «EITren Seedbed programak elikagaien industria hobeto ulertzen eta bertan nola sar gaitezkeen ulertzen lagundu zigun. Laguntza handia jaso dugu start-up baten sorreraren alderdi bakoitzean espezializatutako aholkulari askoren eskutik, eta harreman asko egin ditugu Europa osoan beste start-up batzuekin, industria-bazkideekin eta inbertitzaileekin».

Egoera

Gorabidean dauden 1.000 enpresa teknologiko baino gehiago daude Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Enpresa horiek, orotara, 8.000 langile baino gehiago dituzte, eta 1.500 milioi eurotik gorako balioespena lortu dute. Ekosistema hori oso lotuta dago bertako ekoizpen-ehunarekin, eta hamar start-up-etik zazpik aurrera eramaten dituzte EAEko sektore estrategikoentzako irtenbideak.

Eusko Jaurlaritzak eta Spri taldeak egindako txostenaren arabera, Ekintzailetzaren Euskal Ekosistema oinarri teknologiko edota berritzaileko mila enpresak baino gehiagok osatzen dute. Araban daude oinarri teknologiko edota berritzaileko enpresa berrien %16, Bizkaian %52 eta Gipuzkoan %32.

2024. urteari begira, 259 milioi euroko inbertsio zuzena eta 130 milioi euroko inbertsio gehigarria espero da ekintzailetza prozesuaren etapa guztietarako, «enpleguari balioa eta kalitatea emateko ekosistema erakargarri bat» sendotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.