Zarauzko Lizardi BHI ikastetxeak (Gipuzkoa) batxilergoko lau modalitateetako adar guztiei buruzko prestakuntza ematen du: Zientziak eta Teknologia, Giza eta Gizarte Zientziak, Orokorra eta Arteak. Arteen modalitateko bi adarrak egin daitezke, hau da, Arte plastikoak, irudia eta soinua, eta Musika eta arte eszenikoak —antzerkia eta dantza—.
Arteen modalitatea eskaintzen duen Urola Kosta osoko ikastetxe bakarra da. Beraz, eskualde horretako ikasleek arteen prestakuntza egin nahi badute, Lizardi institutuaren ateak zabalik dituzte. «Zientziak eta Teknologia eta Giza eta Gizarte Zientziak modalitateez gain, iaz batxilergo orokorra eta artistikoa ematen hasi ginen, baina arte plastikoen adarra bakarrik, eta aurten batxilergo artistiko osoa ematen hasi gara», Marina Aranzabal Lizardi BHI ikastetxeko zuzendariak azpimarratu duenez.
Orain arte, profil artistikoa duten Urola Kostako batxilergoko ikasleek ez dute aukera hori izan, hau da, arteei buruzko prestakuntza egitea haien eskualdean bertan. «Normalean aurrena Giza eta Gizarte Zientziak modalitateko ikasketak egin izan dituzte batxilergoan, eta ondoren arteei buruzko goi mailako ziklo bat hautatzen zuten, baina orain Lizardi institutuan arteen prestakuntza egiteko aukera dute eta dantzan, antzerkian eta arteen gainerako alorretan trebatzeko».
Arteen modalitateko bi adarrak egin daitezke Lizardi BHI ikastetxean. LIZARDI BHI
Sormen gela
Aurten, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak curriculum berria lantzen hasi direla eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sormen gelak zabaldu ditu hainbat ikastetxetan. Gipuzkoako bigarren hezkuntzako bitan, Arrasate BHI eta Lizardi BHI ikastetxeetan, hain zuzen. «Egunotan, sormen gela edo etorkizuneko gela eraikitzeko lanak amaitzen ari dira. Martxoaren 24tik aurrera, hirugarren ebaluazioan, Derrigorreko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen mailako ikasleak sormen gela horretan jadanik hasiko dira curriculum berriaren eremuen lanketan». Sormen gelan bi talde batera bilduko dira, espazio handi batean, eta benetako egoeretan oinarritutako proiektuak aurrera eramango dituzte. «Gero, ikasegoera horren inguruan landuko dira lehengo modura elkarrengandik banatuta zeuden ikasgaietan lantzen ziren konpetentziak eta oinarrizko jakintzak».
Gainera, sormen gela baliabide teknologikoez ederki horniturik egongo da. «Esaterako, chroma key alderdia dago, bideoa, telebista eta irratia lantzeko, edo baliabide digitalen artean, beharren arabera joango dira txertatzen hiru dimentsiotan lan egiteko pantaila edo betaurrekoak, AIko aplikazioak... besteak beste. Pilotatze bat izango da, eta pixkanaka bere erabilera ezartzen joango gara ikastetxean, hemen lantzen ditugun proiektuekin bat egin dezan».
Hizkuntzen garrantzia egungo gizartean
Ikasleek hainbat proiektu lantzen dituzte Lizardi ikastetxean. Besteak beste, bizikidetza, hezikidetza, Agenda 30, berrikuntza, digitalizazioa, kalitatea eta hizkuntzak. Horrela, ikasleek frantsesa, ingelesa eta alemana ikasteko aukera dute. «DBHko bigarren mailatik batxilergoko bigarren mailara arte, ikasleek ikasgai bat eleaniztasunean egiteko aukera dute. Adibidez, DBHko hirugarren mailan Musika ingelesez hartzeko, DBHko laugarren mailan Teknologia euskaraz edo ingelesez, Batxilergoan Fisika edota Psikologia euskaraz edo ingelesez... Horrela, maila guztietan aukera bat dute ikasleek, nahi duenak hori egiteko».
Halaber, ikasleek hain ibilbidean nahi duten arloa aukera dezakete. Aukera zabala da. «Alde batetik, zaletasunak garatzeko tailerrak dauzkate, esaterako, dantza eta musika ikuskizunak, gozogintza, eskalada... Bestetik, ikasgaiak indartzeko tailerrak daude, eta hizkuntzen aldetik ere, ahozkotasuna lantzeko, frantsesa, ingelesa eta alemana eskaintzen ditugu».
Lizardi institutuak Frantziako eta Alemaniako zenbait ikastetxetako ikasleen arteko trukeak egiten ditu. «Horrez gain, batxilergoan bidaiei ere garrantzia ematen diegu, bi urtetik behin Italiara joaten gara eta Londresera ere bai. Eskiatzera ere joaten gara».
Lizardi ikastetxean izena eman nahi duten ikasleek martxoaren 27tik apirilaren 21era zabalik izango dute aurrematrikulazioa egiteko epea.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.lizardi.eus.