Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Bigarren aldiz, Nerea Ibarzabal Salegik irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Jone Uriarekin buruz buru aritu ondoren, 1.036,5 puntu eskuratu ditu Markinakoak, eta 1.029 Getxokoak. Bi horien ondotik, honela geratu da sailkapena: Xabat Galletebeitia Abaroa (616,5 puntu), Gorka Pagonabarraga Agorria (609 puntu), Onintza Enbeita Maguregi (607 puntu), Oihana Bartra Arenas (606,5 puntu), Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (556,5 puntu) eta Aissa Intxausti Aburruza (550 puntu). Giroa bero egon da hasiera-hasieratik Bilbo Arena aretoan.
Ibarzabalen agurra
"Barrua bete zaigu hemengo
grina arnastean
hau gal daiteke euskara hezkuntzan
ez irakastean
bihotza Gazan, astean
hil nahiko duten gaztean
kartzelak lepo ta denok preso
merkatu askean
badirudi kontrastean
argi izpi bat desastrean
dena izozten dela baten bat
kantuan hastean
badirudi kontrastean
azpi izpi bat desastrean
dena izozten dela herri bat
kantuan hastean"
Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Ibarzabali.
Haren ondotik, honela geratu da sailkapena:
. Jone Uria Albizuri (1029 puntu)
. Xabat Galletebeitia Abaroa (616,5 puntu)
. Gorka Pagonabarraga Agorria (609 puntu)
. Onintza Enbeita Maguregi (607 puntu)
. Oihana Bartra Arenas (606,5 puntu)
. Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (556,5 puntu)
. Aissa Intxausti Aburruza (550 puntu)
Nerea Ibarzabal txapeldun!!!
Matematika ikasketak egitea hautatu zueneko garaia izan du gogoan Uriak: "Ohartu naiz ja urteak/ joan direla aurrera,/ zoriz hautatu nuela/ Matematika karrera". Honek ere, ederto borobildu du ariketa: "Dena ez da bolumena,/ neurria ta azalera,/ ta ez da soilik bertsotan/ iristea finalera./ Nahiz baimenean nagoen/ hile batzuk gorabehera./ ez da edozein luxu ez,/ behintzat, nire arabera:/ edozeinek ez du lortzen/ pozik joatea lanera".
Parranda batean, tabernako komunean ezagutu zuen laguna izan du kantugai Ibarzabalek: "Gura barik sortzen diren/ elkarrizketa xumetan/ elkar ezagutu gendun/ tabernako komunetan". Laguntasun ideala ez zirudien arren, urte askotan luzatu da elkarren arteko harremana: "Laguntasunak hor dirau/ utzi genuen bezala". Etorkizuna haren alboan irudikatzen duela esanez borobildu du ariketa: "Nik etxe bat nahiko nuke/ eta zu pisukidetzat,/ ureztatzeko kaktusak,/ garbitzeko leiho ertzak.../ Pozik prestatuko nuke/ jardin eder bat zuretzat". Txalo zaparrada batekin amaitu du ariketa.
“Kasualitate hutsa izan zen, baina, orain, inoiz gertatu izan zaizun onena dela uste duzu”. Horixe izango da bi bertsolariek nahi duten doinu eta neurrian hiruna bertso kantatzeko gaia. Ibarzabal izango da lehenengoa ariketa osatzen.
Sei puntuko motzean orain bi bertsolariak. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera bidean doaz Ibarzabal eta Uria. Ekaitza igaro ondoren, onik heldu dira saiora, baina 2002ko finalean agertu dira bat-batean. Umoretik abiatu da Uria: "Bost emakume zeudela eta/ bostak bizardunak". Ibarzabalek ere bide beretik jo du: "Zenbat ilaje desberdin izan/ dituen Onintzak". Ederki borobildu du ariketa Uriak: "Sartu kotxeko gunean,/ goazen tunel ilunean:/ ea hurrengoan agertzen garen/ etorkizunean".
Bezeroa da Ibarzabal; igarlea, Uria. Azken saioan, atzo hilko zela esan zion Uriak, eta, ordutik, ondasun guztiak gastatu ditu Ibarzabalek, ezer gabe geratu arte: "Bueltaidazu dirua/ edo eman tiroa". Barre algara ugari eragin ditu bertsoaldiak publikoaren artean.
Honako lanak egin beharko dituzte buruz burukora sailkatu diren bi finalistek:
. Binaka, hiruna bertso, zortziko txikian.
. Binaka, hiruna bertso, sei puntuko motzean.
. Ganbarako lana: gaia emanda, hiru bertso doinu eta neurri librean.
Uria eta Ibarzabal buruz burukora
Bero dago giroa Bilbo Arenan!
Bertsozaleen artean zalantza da nagusi: ez dago argi zein bi bertsolari sailkatuko diren hurrengo fasera.
Amaitu dira lehenengo ataleko ariketak. Aurki jakinaraziko dute zein bi bertsolari sailkatuko diren hurrengo fasera. Bertsozale asko euren eserlekuetatik altxatu dira, hankak luzatzeko asmoarekin.
Espazio falta du mugikorrean Etxebarriazarragak. Garbiketa egiten hasi, eta azken urteetako argazkiei begira jarri da: "Ta enebazanak nahi be/ agertu dira". Azken urtean ingurutik joandako senide eta lagunak izan ditu hizpide bigarren bertsoan: "Ez dagoena begitzea/ egiten da arraro,/ baina ahaztu ezin da/ bestela akabo./ Gaur halantxik nago:/ dodaz sekula baino/ argazki gehiago,/ ta oroitzapenak inoiz/ baino gutxiago". Mugikorra itzali, eta esnatzea hobe izango dela esanez borobildu du ariketa: "Aurrez begiratzea/ hoba izango da".
25 urteko gazte bat da Pagonabarraga. Hilabete bi langabezian igaro ondoren, lana eskaini diote berriro ere: azken kontratuen antzera, sei hilabeteko kontratua da. Kritiko abiatu da: "Esan zidaten eskainitako/ guzti-guztiak har nitzan,/ baina horrela ezin liteke/ aurrera egin bizitzan". Egoera horrek frustrazioa eragiten diola nabarmendu du bigarren bertsoan: "Bizi behar dut orain gisara,/ azaldu gabe badakit:/ sei hilabete lanetik ta/ sei gurasoen pagatik". Etorkizunean, egoera askorik aldatuko ez dela esanez amaitu du ariketa: "Eta ez gara igual ohartu/ gabiltzalako penetan,/ bizi baldintza zein izango den/ hurrengo hamarkadetan".