Zutikako nekazaritza

Neiker ikerketa zentroa estalpeko nekazaritza bertikaleko proiektua ari da garatzen. Landareak modu bertikalean eta esparru itxi eta kontrolatuetan ekoiztea da helburua: espazioaren erabilera «optimizatzen» dute, eta ekoizpen «jasangarria» bermatu.

Albaka landareak, Neikerren ikerketa zentroan (Derio, Bizkaia). NEIKER
Albaka landareak, Neikerren ikerketa zentroan (Derio, Bizkaia). NEIKER
enekoitz telleria sarriegi
2024ko irailaren 7a
05:00
Entzun

Gerriak behartu gabeko laborantza. Makurtu eta lokaztu gabeko nekazaritza. Ez doana gerrien, makurtzeen eta lokatzen kontra, baizik eta hura osatzera datorrena. Eskari berriei eskaintza berriak. Larritasun berriei berme berriak. Hala diote zutikako nekazaritza ikertzen, sustatzen eta goratzen dutenek. Estalpeko nekazaritza bertikala edo indoor vertical farming-a hedatzen ari da. Datorrenaren eta etor litekeenaren muga lauso horretan.  

Neikerrek heldu dio gaiari. Ez dira asko horretan ari diren ikerketa zentroak eta enpresak, baina hazten ari den jarduera eta ekoizpen sistema da. Arrazoia: elikagaien ekoizpena berritzea premiazko bihurtu dela populazioaren hazkundearen eta klima aldaketaren testuinguru globalean. «Bazegoen halako interes bat nekazaritza enpresen artean. Enpresa horiek ekoizpen sistema berrien bila aritzen dira euren lehiakortasuna hobetzeko. Badaude teknologia enpresak ere halakoetan espezializatzen ari direnak. Eta Neikerren helburuetako bat ere bada soluzio berriak ematea eta teknologia berriak eta puntakoenak aplikatzea nekazaritza ekoizpenaren munduan», azaldu du Patrick Riga Neikerreko Landare Ekoizpen eta Babes departamenduko ikertzaileak. 

Eta zer egin dute? Laborantza bertikalerako azpiegitura bat erosi. 50 metro karratuko espazio itxi eta kontrolatu bat, non landareak hiru mailatan jarrita landatzen dituzten, apalategiak balira bezala, espazioaren erabilera optimizatzeko. Modulu horrek ureztatze sistema automatizatuta dauka. Eta argia, tenperatura, hezetasuna eta CO2 kontzentrazioa ere kontrolatuta dauzka. 

Zertarako? «Prototipo bat da muntatu duguna. Datuak izateko. Badaudelako datuak eta argitalpenak, baina oso gutxi dira tokikoak. Beste herrialdeetako ekonomiak, klimak eta laborantzak ematen digutena orientazio bat baino ez da. Falta zitzaigun sistema produktibo bat hemen muntatzea, hemengo baldintzak aintzat hartuta, eta hemengo merkatuaren eskaria aintzat hartuta», argitu du Rigak.

Vertical Farming proiektuko landareak. NEIKER
Vertical Farming proiektuko landareak. NEIKER

Derioko (Bizkaia) instalazioetan jarri dute. Albaka, tipulina, martorria eta perrexila. Landare usaintsuekin ari dira lanean, merkatua produktu freskoak, sasoikoak eta kalitate handikoak lortzeko egiten ari den eskaera geroz eta handiagoari erantzuteko, eta urte osoan. «Merkatuaren azterketa egin zen, eta horiek zuten eskaririk handiena. Baina, berez, beste edozer gauza ere landatu daiteke sistema honen bidez: marrubiak, meloiak, tomateak, piperrak… Kontua ez da, ordea, horrelakoak jada ekoizten dituen berotegi sistemekin-eta lehian sartzea, horiek ere jada teknifikatuta daude. Kontua da produktu berrientzako eta merkatu berrientzako ekoizpen sistema berriak proposatzea».

Rigak argitu du estalpeko sistema ez doala nekazaritza tradizionalaren kontra, halakoak  «alternatibak» izaten direla. «Berotegietan ekoizpen hidroponikoa hasi zenean ere halako dudak sortu ziren. Baina berrogei urte pasatu dira, eta ikusten duzu segitzen duela aire librean egiten den laborantzak, laborantza ekologikoak, eta baita hidroponikoak ere. Sistema ezberdinak dira. Ekoizle bakoitzak aukeratzen du berea. Bakoitzak ekoizten duen produktua merkatu ezberdin batentzat baita. Hau aukera berri bat da modu horretan ekoitzi nahi duenarentzat, eta produktu berriak ekoitzi nahi dituenarentzat, eta kontsumitzaile berrien eskariari erantzun nahi dionarentzat», nabarmendu du Rigak.

Onuren zerrenda agerikoa dela diote. Ekoizpen egonkorragoak eta aurresateko modukoagoak ematen dituela da horietako bat. «Adibidez, albaka. Ekoitz daiteke gurean, baina udako hilabeteetan. Indoor motako ekoizpen sistema honen bidez, urte osoan ekoitz dezakezu. Klimatik erabat isolatuta egiten duzulako. Baduzu horretarako gaitasuna», azaldu du Neikerreko ikerlariak. 

Baina ez da ur asko gastatzen? «Ez da hala. Erreparatu datuei: Mediterraneo inguruan, aire librean albaka kilo bat ekoizteko, 150 litro inguru behar izaten dituzte. Guk, ekoizpen sistema honen bidez, hamar litro erabilita ekoizten dugu albaka kiloa. Aztarna hidrikoa, beraz, ezin hobea da». 

Ur oso gutxirekin landatzen dituzte albakak. NEIKER
Ur oso gutxirekin landatzen dituzte albakak. NEIKER

Baina ez da energia asko gastatzen? «Aire librean egiten den ekoizpenarekin konparatuta, zalantzarik gabe, bai. Baina goi mailako teknifikazioa daukan berotegi batekin konparatzen baduzu, berdindu egiten da energiaren gastua. Eta sistema honek daukan abantaila da plaka fotovoltaikoak jar daitezkeela sabaietan. Berotegietan, plakak jartzen badituzu, argirik gabe gelditzen zara. Eta, gainera, ekoizten duzun kantitatea aintzat hartuta, energia gastu hori konpentsatu egiten da». Ekoizpena 50 aldiz handitu daitekeela ei da beste onuretako bat.

Baina ez da ongarri asko gastatzen? «Indoor sisteman %70 murriztu dugu ongarria. Eta ez gara ari fitosanitarioak erabiltzen. Oso laborantza azkarra delako. Hamabost egunean jada zeure albaka moztu dezakezu. Tartean tximeleta bat iritsi eta bere arrautzak jarri baditu, ez dute denborarik eklosionatu eta garatzeko. Eta normalean ez dira halakoak sartu ere egiten, areto itxiak eta kontrolatuak direlako, baina zorriren bat sartuko balitz ere, ez dio kalterik egiteko denborarik ematen. Hondakinik gabeko sistemak dira, beraz, eta hori oso interesgarria da».

Supermerkatuan ekoitzia

Asian, AEBetan, Europa iparraldeko herrialde batzuetan... supermerkatu batzuk hasi dira nekazaritza bertikala erabiliz ekoitzitako euren produktuan saltzen, eta biltegi erraldoiak eraikitzen. Lurzoruaren beharrik ez dagoenez, azken kontsumitzaile horrengandik gertu dauden hiri eremuetan halakoak jartzeko aukera dago. Logistikan ere aurrezten da. «Hori da abantailetako bat: banaketa oso distantzia txikietan egiten dela. Hirietan instala daitezkeen sistemak direlako, edo hirietatik oso gertu dauden industria guneetan. Garraioaren karbono aztarna, beraz, minimoa da».

Rigak iragarri du «geroz eta gehiago» erabiliko direla halako sistemak. «Zeren ez zaude baldintza klimatikoen menpe, eta baldintza horiek geroz eta gogorragoak eta aldakorragoak dira klima larrialdia dela eta. Orain artekoa ez du ordezkatuko, baina zerbait gehigarria eskaintzen du. Aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Baita ekoizle txikientzat ere». Eta eman du ideia bat baino ez dena: «Metro karratu gutxi behar dira, eta altuera emateko aukera duzu. Ekoizle txiki guztiek dute euren lanabesak eta traktorea gordetzeko tokiren bat, eta toki horietan jar daitezke halako moduluak, eta inguruko jatetxeak albakaz hornitu».

Patrick Riga ikerlaria, albaka landareak zaintzen. NEIKER
Patrick Riga ikerlaria, albaka landareak zaintzen. NEIKER

JAKINGARRIAK

  1. Zer da estalpeko nekazaritza bertikala edo indoor vertical farming-a?

    Landareak ekoizteko sistema bat da: nekazaritza bertikala. Landareak apaletan jartzen dira zutika, eta espazioa optimizatu —nahi adina altuera hartu dezakete apal horiek—. Biltegietan eta eraikinetan apaila daitezkeen moduluak dira

    .
  2. Zer baldintzatan?
    Ez dute lurzorurik behar. Espazio itxiak eta kontrolatuak dira. Ureztatze sistema automatizatua izaten dute. Eta argia, tenperatura, hezetasuna eta CO2 kontzentrazioa ere kontrolatua izaten dute.
  3. Zeintzuk dira onurak?
    Uraren erabilera aurrezten da, eta ongarriena ere bai. Ekoizpen egonkorragoak lortzen dira, eta, kanpoko baldintzetatik babestuta daudenez, muturreko klima baldintzen eragina desegin egiten da —lehorteena zein uholdeena, esaterako—, eta baita izurrite eta gaixotasunen inpaktua ere. Kontsumitzailearengandik gertu dauden hiri eremuetan jar daitezkeenez, logistikan aurreztu egiten da, eta karbonoaren aztarna murriztu.
  4. Zer ekoitz daiteke?
    Landare usaintsuak ekoitzi dituzte orain arte gehien: albaka, tipulina, martorria, perrexila... Lupulua ere hasi dira modu horretan ekoizten, garagardo industriak azken boladan duen lupulu eskasiari aurre egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.