Hartuta dauzkate hitz joko guztiak. Ez dira alferrik umoristak eta hitzaren artistak. Hartuta daude, besteak beste: Esatea be, Bodologuak, Altxa komedia, Barre librea, Barrexerka, Monologolak, Euskalaketa, Karkarkar, Barredromoa, Algaraka, Barreman eta Ztandap. Zutikako eta bakarkako jardunaren eta irriaren eta umorearen loraldiaz aritzeko ahalegin bat baino ez da bakarrirrizketa.
Agerikoa baita euskaraz egindako stand-up komedia edo umorezko bakarrizketa ez dela hemen eta orain asmatutakoa, baina loratze eder batean dela hemen eta orain. Algaraka bakarrizketa lehiaketa da azken alea: Bergarako (Gipuzkoa) Jardun euskara elkarteak eta Goiena komunikazio taldeak antolatu dute, Primeran plataformaren laguntzarekin. Hiru kanporaketa jokatu ostean, bihar izango da finala, Bergarako Seminarixoan (20:00). Hamabi lehiakide aritu dira, eta hiru epaimahaikide: Idoia Torregarai kazetari eta umorista, Aner Peritz bertsolaria eta Josu Zubia kulturgilea. Aurkezle lanetan, Miren Nogales eta Jon Olivares. Parte hartzaileen laguntzaile eta aholkulari jardunean, Getari Etxegarai eta Nerea Arriola. Saio guztiak ikusgai Primeran plataforman eta Goienaren webgunean. «Goienaren parte garrantzitsua dira euskara elkarteak. Eta proposamen hau haiek egin digute: euskararen transmisioari buruzko kezka horretatik abiatuta, ahozkotasunaren garrantziaz ohartuta, euskarazko bakarrizketak egitea, lehiaketa bat eta mugimendu oso bat sortzea, stand-up delako formula horren inguruan», azaldu du Goienako ikus-entzunezkoen zuzendari Oihane Agirrek.
Eta arrakastaz egin dute aurrera: «Pil-pilean dago. Ikusten ari gara pertsona bakarrak antzokiak betetzen dituela. Loraldi hori badago. Eta kontua izan da bolada hori aprobetxatzea eta lehiaketa sustatzea». Hamabi lehiakide dira, baina aukeraketa bat egon da aurretik: 11 epaimahaiak aukeratu ditu, eta hamabigarrena, berriz, ikusleek. Astebetez egon ziren webgunean ikusgai hautagaiek lehiaketan parte hartu ahal izateko bidali zituzten bideo laginak. «2.000 lagunek bozkatu zuten, eta gazteenak lortu zuen publikoaren saria. Izan ere, gazteentzako moduko formatu bat ere bada. Sare sozialen eta pilula txikien bidez zabaldu daitekeena. Eta bide batetik edo bestetik, baina gazteek ikus dezatela euskaraz ere egin daitekeela umorea».
«Formatu honekin, graziosoa izan zaitezke baina kritika soziala egin, gauzak transzenditu, edozein bidetara jo, eta beste gauza batzuk esploratu ere bai».
ANTTON TELLERIAUmorista
Horretan ari da azken urteotan Antton Telleria. Nekatutak haren ikuskizuna erreferentziazkoa da euskarazko bakarrizketen alorrean, eta beste proposamen batekin dator orain: Ninini. Aitortu du bat-bateko maitemina izan zela harena: «2018a izango zen, eta lagun batek gomendatuta ikusi nuen Netflixen: Comedy special izeneko formatu bat. Txundituta gelditu nintzen. ‘Baina hau egin daiteke?’, galdetu nion neure buruari. Ordura arte, bakarrizketaren kontzeptu hori mugatuta ikusten nuen: telebistako kodeetara mugatuta, berez barregarriak diren premisa batzuetatik abiatuta… Komedia hizki larriz ikusi beharrean, hizki txikiz idatzita ikusten nuen bakarrizketetan: barregarria bai, eta iji eta aja bai, baina…». Gogoan du bakarrizketaria ere: «Louis CK estatubatuarra. Ikusten duzu nola hausnartzen duen erlijioaz, abortuaz… Halako aldaketa bat izan zen hori niretzat. Aldaketa handi bat ordura arte mugatua ikusten nuen formatu batean. Graziosoa izan zaitezke baina kritika soziala egin, gauzak transzenditu, edozein bidetara jo, eta beste gauza batzuk esploratu ere bai».
‘Barre librea’ saioa, mugarria
Orduan sartu zitzaion «harra» Telleriari. Eta nabarmendu du ETB1eko Barre librea saioa «oso inportantea» izan zela horretarako. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola «aliatu» izan zituela, eta haiek eman ziotela «aukera». Beste horrenbeste dio Idoia Torregarai umoristak ere: «Halako formatu bat euskarazko telebistara eramatea mugarri bat izan zen. Horrek demokratizatu egin zuen umorea: edozeinen eskura jarri eta parte hartzaile egin. Hor dago gakoa. Arrakasta hartatik etorri da oraingo loraldia. Uste dut hura inflexio puntu nahiko argia izan zela: ikustea jende askok egin zezakeela, formatu oso atsegina zela, eta, hala, zirrikitu askotara iritsi da orain».
Torregarai eta Mirari Martiarena aitzindariak izan dira euskarazko bakarrizketen alor horretan: Bakean dagoena bakea utzi, Luze edo motz, Ztandap... «Azken bi urteotan, halako ugaritze bat gertatu da: bai saioena, bai bakarrizketariena. Hori nabarmena da. Modan dago, eta hori ona da, euskarak dena behar baitu. Ongi etorria da. Umorea behar baita, eta formatu hau ere bai», azaldu du Torregaraik.
«Formatu honek zera dauka, zuzenean ari zarela, jendaurrean, gidoi bat defendatzen. Energia askoz ere indartsuagoa sortzen da aurrez aurrekoan. Idatzi dezakezu testu bat, grabatu dezakezu audio bat, baina aurrez aurrekoak beste konexio bat sortzen du».
IDOIA TORREGARAI Umorista
Eta zer dauka, bada, formatu horrek? «Zuzenean ari zarela, jendaurrean, gidoi bat defendatzen. Energia askoz ere indartsuagoa sortzen da aurrez aurrekoan. Idatzi dezakezu testu bat, grabatu dezakezu audio bat, baina aurrez aurrekoak beste konexio bat sortzen du. Ez dago munduan gauza hobeagorik, ez sexurik eta ez ezer [barrez]. Barre eragin diezu, eta disfrutatzen ari zara. Gainera, mezu bat eman duzu, eta zerbaitekin apurtu». Telleriak ere bide beretik hitz egin du: «Ez da beti ateratzen. Ongi egiteko ere baldintza batzuk bete behar dira. Baina ongi ateratzen denean, jendearekin sortzen den kimika hori sekulakoa da. Eta hori da jendea formatu honetara katigatzen duena: konplizitate hori sortzen denean, sekulako indarra sortzen da».
Baina hori guztia euskaraz? Telleriarena da hausnarketa: «Gauza asko gaindituta dauzkagu, baina esango nuke orain arte mesfidantza puntu bat eta nolabaiteko mespretxua egon dela halakoak euskaraz egiteari dagokionez. Oso barrutik ari garenok, gauzak mimoz eta irizpidez egiten ari garenok, demostratzen ari gara hizkuntzaren aldagaiak ez duela inondik inora ere umorea determinatzen».
Eta iritsi dira mimo eta irizpide berriak euskal bakarrizketarien artera ere. Duela gutxi sortu da Barreman: euskal umoristentzako manager lanak egiten dituen enpresa. «Musika mundutik gatoz, baina Antton Telleria oso laguna da, eta harekin proba moduko bat egin genuen, Nekatutak ikuskizunarekin», azaldu du Julen Caminos arduradunak. Zerekin topo egin duten ere bai: «Ikusi dugu ez dagoela euskal umoristen managerrik, umoristen mundua oso utzita zegoela, eta irudi berri bat eman nahi izan diogu, ez bakarrik aulkiari eta mikroari lotutako hori».
«Ikusi dugu ez dagoela euskal umoristen managerrik, umoristen mundua oso utzita zegoela, eta irudi berri bat eman nahi izan diogu, ez bakarrik aulkiari eta mikroari lotutako hori».
JULEN CAMINOS Barreman enpresako arduraduna
Antton Telleriarekin hasi ziren —Ninini ikuskizunaren publizitate kanpainarekin aritu dira oraintxe bete-betean—, eta zerrendan dituzte Jon Plazaola eta Ana Goitia ere. «Gure ideia da poliki-poliki hiru proiektu horietan laguntzea. Ez bakarrik emanaldiak lortzen, baita irudia eta alde teknikoa lantzen ere, besteak beste. Zeren jende asko oso galduta dabil alde teknikoan, eta, gu musika mundutik gatozenez, baditugu kontaktuak eta talde teknikoak. Proiektuaren parte gara. Bidelagunak gara: haiekin egoteko, emanaldietara joateko, hor egoteko, atzeko lan hori guztia egiteko». Izan ere, Caminosek dio nabaritu dutela Euskal Herrian badagoela euskarazko bakarrizketen halako «goraldi edo loraldi bat»; hain zuzen, azaldu du ikusleen eta umoristaren arteko harreman hori «sustatzeko» sortu dutela euren marka, eta bide berriak «esploratzeko». Eta ez du esan, baina bakarrizketari batek esango luke: «Barreman sareak josteko». l