Donostiako Aste Nagusia 

Zurriola, nazioarteko musika eta jaki gosez

Zurriola Kultura Irekia egitasmoan, hamabi janari kamioneta jarri dituzte Zurriolako hondartza ondoko Urumea terrazan. Nazioarteko gastronomiaz gozatzeko aukeraz gain, kontzertuak ere eskainiko dituzte festetan.

Argentinako gastronomia eskaintzen duen janari postuak parrilan oinarritzen du bere eskaintza. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Aste Nagusiaren erdia igaroa da, baina Donostian egunero egiten diren jardueren eskaintzak ez dirudi amaierarik duenik. Kontzertuak, dantzak eta mota guztietako jarduerak daude, baina bada lasaitasunerako gune bat ere: musika eta janariaren nolabaiteko oasi bat.

Ikusmenak eta entzumenak gidatuta, Urumea terrazan dauden foodtruck-ak, hots, janaria saltzen duten kamionetak, ikusmenerako gozagarri ere badira: Argentinatik Balira, Kataluniatik Brasilera.

Zurriola Kultura Irekia egitasmoaren barruan, gastronomia, musika eta bestelako jarduerak eskainiko dituzte Aste Nagusian. Aurreko urteetan, janari postu finkoak jarri izan ditu Donostiako Udalak. Aurten, ordea, ezagunagoak egin diren janari kamionetak jartzea erabaki dute, eta hamabi postu eskaini dituzte Zurriolako hondartzaren parean. «Gastronomia mota lasterra eta merkea izaten da», azaldu du Jose Ramon Garciak. Burgoskoa (Espainia) da, eta Pura Vida kamioian egiten du lan. Burgosko produktuak erabiltzen ditu lehengai gisa. Asturiasko (Espainia), Baliko (Indonesia) eta Costa Ricako gastronomiak uztartzen ditu bere kamioian. Gurpil gaineko gastronomia «geroz eta gehiago zabaltzen ari den merkatua» dela adierazi du.

Astelehen arratsaldean euri zaparrada galanta izan zen, eta atzo ere eguraldia makal zebilen eguerdi aldean; jendeak txaketa eta toallekin estaltzen zuen burua. Edonola ere, musika hotsez gain, bazen jendea Urumea terrazara erakartzen zuen beste zerbait: janariaren usaina.

Postuak jendez gainezka zeuden 13:00etarako, eta Flavio Banterla taldearen doinuak airean ziren, kontzertua hasteko ordu-erdi eskas falta zela. «Urtero etortzen gara jartzen dituzten postuetara, eta asko gustatzen zaizkigu», azaldu du Lourdes Bidorreta donostiarrak. Haren txakurrak ere Donostiako Aste Nagusiko zapia zuen soinean.

Jaki eskaintza askotarikoa

Janari eskaintzak ez du ia mugarik: Igeldoko esnearekin egindako kroketak, Argentinako erara egindako parrila... Eskaintza denetarikoa eta denentzakoa da, eta postu bakoitzak bere espezialitatea du. Hanna Caravan postukoak dira David Cuende eta Sonia Ferren, eta gastronomia begetarianoa eskaintzen dute. «Gastronomia eta bidaiatzea dugu gustuko, eta, ondorioz, orain dela zortzi hilabete kamioia jartzea erabaki genuen», azaldu du Cuendek. Bartzelona ingurukoa da bikotea. Eskaera begetarianoari buruz galdetzean, Cuendek esan du handitzen ari dela baina bezero gehienak «kanpotarrak» direla.

Otordu garaian jendetza bildu da hondartza parean, eta eguzkia esnatu du Flavio Banterla taldeak. Agertokian, hiru biolin, teklatua, bateria eta baxua ditu lagun Baterla abeslari eta gitarrista italiarrak. Goitik behera zuriz, maitasuna eskaintzeko asmoa duela azaldu die bertaratu zirenei, eta bere ahots indartsuarekin ekin dio kontzertuari. Abesti pertsonalez aireratu ditu Banterlak, eta entzuleek txalo eta oihuekin erantzuten diote.

Biolinen doinu melodikoak kamioien usainarekin nahasten dira, eta nabaria da 14:00etan bazkalordua iritsia dela. Kontzertuari kasu egin bai, baina itzalaren babesa bilatu dute askok. «Horrelako egitasmoak antolatzea oso ideia ona da, baina, uda izanda, janariak horren araberakoa beharko luke», nabarmendu du Laida Elorza bezeroak.

Etorkizunari begira, street food edo kaleko janariaren moda Euskal Herrian zabaltzen ari dela nabaritzen dela esan dute postuetako langileek. «Gure postuak bost urte daramatza dagoeneko, eta jende asko etortzen da», nabarmendu du Irati Moralesek. La hambroneta furgonetan egiten du lan. Aste Nagusi osoa pasatuko du postuak Urumea terrazan, eta, gero, baita Bilboko Aste Nagusian ere. «Postuak arrakasta du, jendeak badakielako zer eskaintzen dugun; erosle fidelak ditugu», nabarmendu du Moralesek.

Zurriolara joandakoek zentzumenentzako nahi besteko eskaintza izan dute. Donostiako Aste Nagusiak iraun bitartean, badakite musika eta janari gosea non eta nola ase.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.