Sanferminak Iruñean. Proposamenak. Peña bat dut bihotzean. Armonia Txantreana

Zuriz jantzi zituzten sanferminak

Auzo batean sortutako lehenengo peña izan zen Armonia Txantreana, 1950eko hamarkadan. Zuriz jantzita ibiltzen dira, eta zapi gorrian armarria brodatuta dute.

Iruñea
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Txantrea auzoan sortu zen Armonia Txantreana peña, 1950eko hamarkadan. Iruñeko auzo batean sortzen zen lehenengo peña izan zen. Lehenengoak izan ziren arropa zuria eramaten ere. 1930eko hamarkadatik zenbait peñatako kideak alkandora eta praka zuriak janzten hasi ziren, baina txantrearrek janzkera hedatu zuten.

1956. urtean Alegria Txantreana peña sortu zen. Peña sortzeko baimena eskatu zutenean, garaiko udalak trabak jarri zituen, antzeko izenarekin peña bat bazelako: Alegria de Iruñea. Hortaz, izena aldatu behar izan zuten. Baina, zapiak peñaren inizialekin -A eta CH- brodatuta zeuden, eta hasieran A hizkia zuen hitz bat aukeratu behar izan zuten. Harmonia hitzak, gainera, festetako esentzia gordetzen zuen.

1932. urtean sanferminetan lehenengo jantzi zuriak eramaten hasi ziren. Baina 1950eko hamarkadan hedatu zen ohitura Armonia Txantreanako peñakideei esker. Peñaren adierazle gisa peñakide guztiek zuriz janztea erabaki zuten. Txantrearrei beste peñak gehitu zitzaizkien, eta, gaur egun, sanferminetako ohiturazko janzkera da. Beste peñetatik bereizteko janzkera gisa jantzi zuten arren, gaur egun zuria erabiltzen dute haien janzkeran, eta ez dute blusarik eramaten.

Izena aldatu zutenean Txantreako Kirol eta Kultur Elkartera sartu ziren. 1981. urtean peña elkartetik banandu zen, eta auzoan lokala erosi zuten. Hala ere, peña kirolari lotuta egon da. 1960ko hamarkadatik aurrera, mendi saila izan zuten. Ondoren, Txantreako mendi taldea sortu zen. Gainera, auzoan hainbat ekimen antolatzen dituzte: umeentzako lehiaketak, auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsa... Auzoko jaien batzordeko kideak dira, eta peñen arteko Bosko sarian parte hartzen dute.

Armonia Txantreana peña sortu zenean, lagun gutxik parte hartzen zuten. Hasieran gizonak bakarrik sartzen ziren peñan. 1970eko hamarkadatik aurrera, nolanahi ere, emakumeen presentzia peñetan nabarmena izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.