Musikariak

Alaitz Guridi eta Edurne Saizar: «Zure haurrarentzat ez dago zurea baino ahots lasaigarriagorik»

Sehaska eta altzo kantuak berreskuratzeko asmoz, tailerrak egiten dituzte Guridik eta Saizarrek. Guraso gazteak sentsibilizatzea dute helburu, batik bat.

Alaitz Guridi eta Edurne Saizar, duela hiru aste, Oiartzunen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Alaitz Guridi eta Edurne Saizar, duela hiru aste, Oiartzunen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iratxe Muxika
Oiartzun
2025eko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Haur bat besotan hartu eta modu inkontzientean ateratzen da maiz kantu bat kantatzea, buruak agindutako lehendabiziko doinuan. Haurra, ia modu automatikoan, lasaitu egiten da gehienetan. Horixe da sehaska kantu bat: lasaitasuna ahots forman. Belaunaldiz belaunaldi kantuak ahantzi badira ere, guraso gazteei sehaska eta altzo kantuak erakusteko tailerrak egiten dituzte Alaitz Guridik (Lazkao, Gipuzkoa, 1975) eta Edurne Saizarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985). 

Lo hartu dute sehaska kantek?

GURIDI: Lagun batek jarri zuen proiektua martxan, antzematen zuelako gizartean geroz eta gutxiago abesten dugula, bai gure artean eta bai haurrekin ere. 2016. urtea zen, Donostian, eta guraso gazteen sentsibilizazio kanpaina gisa hasi ginen sehaska kantuen eta altzo kantuen tailerrak egiten. Gurasoei begirako lan bat izateaz gain, gizarteari begirako proiektu bat da, erakusteko zeinen garrantzitsua den haurrei kantatzea, baina betiere gure ahotsarekin. Egitasmo hartan, kutxa bat eman genion 2016. urtean jaiotako haur bakoitzari, barrenean sehaska eta altzo kantak zituena. Oso proiektu polita izan zen. Eta gero Edurnerekin batera hasi nintzen, Oiartzunen proiektu horren gaineko interesa agertu zutelako eta apustua egin zutelako sehaska kantu horiek ez galtzearen alde. 

Zergatik da hain garrantzitsua kantatzea?

GURIDI: Haurrekiko zuzeneko hartu-eman horretan komunikazioa lantzen da, hizkuntza lantzen da, psikomotrizitatea lantzen da... onurak besterik ez ditu. Eta, batez ere, lotura emozionala garatzen du. Uste dut orokorrean oso gutxi kantatzen dela, eta horrek ezinbestean eragiten du haurrekin dugun komunikazioan. Eta, noski, haurrei ere gutxiago kantatzen zaie lehen baino. Sentsazioa dut jolas kantu zahar horiek galtzen ari direla. Gure tailerretara, adibidez, aitona-amona asko etortzen dira, eta euren modura kantatzen dituzte abestiak, eta hori oso polita da. Altzoko kantuak etxe bakoitzean modu batera edo bestera kantatzen dira; familia ohitura bat da hori. 

Gurasoak ere joaten dira?

SAIZAR: Bai. Haurrak, gurasoak eta aitona-amonak etortzen dira, eta ohartu gara guraso berriek kantu asko ez dituztela ezagutzen; bidean galdu direlako, ziurrenik. 

Saioa kantari pasatzen duzue?

GURIDI: Hasieran saio teoriko bat egiten dugu normalean, eta hor kontatzen diegu zer garrantzi duten sehaska kantek eta zer garrantzitsua den altzoan kantatzea. Literatur aldetik eta lotura afektibo emozional aldetik ezinbestekoak dira, eta guztiok egin dezakegun zerbait da. Esaten diegu ez dela kontzertu bat, kantuak ikasteko tailer bat baizik. 

SAIZAR: Pantaila batean proiektatzen ditugu abestiak, eta saioaren helburua azaltzen diegu. Banan-banan abesten ditugu kantuak, guk aurrena eta denok batera gero. Denak sartzen direnean ederra izaten da, koru bat dugula ematen du. 

GURIDI: Kantu asko txaloka hastekoak dira, eta hor aritzen gara denak txaloka. Panpina batzuk ere eramaten ditugu, eta, haurrak koxkorragoak badira, panpinekin jartzen ditugu jolasean. Eta, gero, errezitalak, sehaska kantu guztiak ez baitira abestiak. 

Guraso ez direnak ere joan daitezke, ezta?

GURIDI: Gure interes nagusia gurasoak dira, haiek ematen baitute haurrekin denbora gehien. Baina, noski, aitona-amonekin ere asko egoten badira, oso interesgarria da eurak etortzea, baita beste edozein interesdun ere. Azken batean, haurrekin hartu-emanean direnentzat dira saioak. Baina bai, helburu nagusia gurasoekin sentsibilizazioa egitea da, ikusteko zer garrantzitsua den haurrek euren ahotsa aditzea kantuan. Teknologia berrien eraginez, sarri sakelakoan jartzen dizkiete kantuak haurrei, baina hor ez dago hartu-emanik; oso desberdina da. Zure haurrarentzat ez dago zurea baino ahots lasaigarriagorik. Batzuk ez dira ausartzen, edo ez dute nahi, esaten dutelako gaizki kantatzen dutela edo ez dakitela kantuan, baina haurrak haien ahotsak aditu nahi ditu. 

SAIZAR: Etorri daitezke haurrik ez duten baina interesa daukaten pertsonak ere. Ikasteko modu bat da, eta kuriositatez ere etortzen da jendea, ikusteko zer kantu kantatzen ditugun. 

Sehaska, euskaraz?

GURIDI: Bai, hori argi genuen, gure kantuak nahi genituen; euskaraz sortuak. Kantuekin aukeraketa bat egiten dugu, noski, ezinezkoa da denak biltzea. Arantxa Ansarekin batera bilduma bat egin genuen, Donostiako garai hartarako, eta zerrenda bat egin genuen euskara hutseko sehaska kantekin. 

SAIZAR: Eta gero batu genizkion magalean kantatzeko abestiak, zeren sehaskakoak bezain garrantzitsuak dira horiek. Aberastasun handia dago hor, estimulu asko lantzen direlako eta haurrarentzat mesedegarriak direlako zentzu askotan. 

Zuei ere kantatzen zizueten etxean?

GURIDI: Gure etxean ama eta aita, biak, oso kantariak ziren, eta asko kantatzen ziguten. 

SAIZAR: Nik kantuak ez ditut gogoratzen, baina altzo jolasak asko egiten genituen etxean. 

Derrigor izan behar dute lotarako? 

GURIDI: Ez. Askotan kantatzen da umea kontsolatzeko; triste dagoenean edo min hartu duenean, adibidez. Negarrez hasten ginenean zer egiten zuten gurekin? Besoekin inguratu eta kantatu.

Baina letra tristeak izaten dituzte gehienetan.

GURIDI: Triste dagoen haur bat besotan hartzen baduzu eta kantu triste bat kantatzen badiozu, edo doinu lasai bat, umeak ulertzen du zu bat egiten ari zarela bere sentimenduekin. Eta horrexek lasaitzen du. Ez dira lotarako kantuak soilik, sentimenduak partekatzeko dira: goxatzeko, lasaitzeko, zaintzeko, hurbiltzeko... Ez da beti zertan letrarik kantatu; alegia, doinua abestu daiteke letrarik kantatu gabe, eta horrek ere funtzionatzen du. Edo xuxurla egin daiteke. 

SAIZAR: Badaude bixi-bixiak direnak ere, oso jostagarriak direnak. Une bakoitzerako kantuak eta kantuak daude. 

lotsabako

Sehaska kantu bat?
BIEK: Obabatxoak.

Kantuan aritzeko ordu bat?
BIEK: Lasai dauden edozein ordu.

Zeini kantatzen diezue?
GURIDI: Orain, ikasleei. SAIZAR: Ilobei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.