Sastrea

Eider Garcia Garikano: «Zure bilobek ere eraman ahalko duten arropa egitea lortu nahi dut»

Eider Garcia Garikano sastreak ehun organikoen natura errespetatuz egiten ditu jantziak, neurrira. Danborradako galtzak josten hasi zen, eta gaur egun Janus Lester eta Merina Gris ditu bezero, adibidez.

Eider Garcia Garikano, aurreko astean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Eider Garcia Garikano, aurreko astean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Amona Maribik eman zion jostorratz bat lehen aldiz, Donostiako azken sastreak erakutsi zion ofizioa, eta Londres izan zuen inflexio puntu. Eider Garcia Garikano sastreak (Donostia, 1998) duela urte eta erdi ireki zuen Garikano estudioa, eta, ordutik, denetariko bezeroei egin dizkie jantziak, neurrira; Janus Lester artistari eta Merina Gris taldekoei, adibidez. Donostiako Zuntz dendan du informazio gunea, eta haren lana ikusgai dago Instagrameko @garikano_studio kontuan.

Hau da bizitzan egin dizuten lehen elkarrizketa?

Bai!

Izan ere, moda diseinatzaile moduan izan duzun lehen enkargua duela urte eta erdi jaso zenuen.

Bai. Estudioa ireki nuen lehen egunean, danborradako galtza batzuk egin nituen neurrira.

Moda ez da gazte askok hautatzen duten bidea. Zergatik aukeratu zenuen zuk?

Institutuan Artearen Historia ikasten nuenean, deigarri egiten zitzaizkidan koloreak, margolanetako arropak, grekoen oihalak... Probatzea erabaki nuen, eta gustatu zitzaidan.

Zer da Londres zuretzat?

Heldu bihurtu nauen tokia. Oso hiri handia da, eta, ez badituzu ideiak argi, galdu zaitezke. Jendearen inposizioek zapaldu zaitzakete, eta zure identitatea sortzeko oso argi eduki behar duzu nora zoazen, zer zaren, zein zaren eta zer nahi duzun. Inflexio puntu handi bat izan da.

Ideiak argi zenituela joan zinen?

Han argitu nituen.

Zein izan zen ondorio nagusia?

Pertsona bakoitzak bere estiloa daukala arropan, eta denek daukatela aukera nahi duten moduan eta ondo janzteko.

Moda ikastera joan zinen.

Bai, sastre lana.

Zertan bereizten da sastre lana joskintzako beste alorretatik?

Sastrea, tradizionalki, gizonentzako arropa egin duen jostuna da, baina aldatuz joan da. Sastre emakume gehiago daude, eta emakume askok jantzi nahi dute neurrira egindako arropa, eta trajeak eraman. Sastrea artilea, kotoia, lihoa eta horrelako oihal organikoekin ibiltzen den artisaua da, eta arropak neurrira egiten dituena.

Zergatik sastre lana?

Donostian patroigintza eta moda ikasi nituen, eta ikasi genuen dena industriala izan zen: amerikana baten papar oihaletan eta aurrealde guztian tarteko ehun itsasgarria itsasten... Niri iruditzen zitzaidan oihalaren natura aldatzen genuela itsasgarria itsasten genuen orduan. Hasieran itxura egituratua ematen zion, baina pertxa batean edo nonbait uzten bazenuen zintzilik, bereizi egiten ziren tarteko ehun itsasgarria eta oihala bera. Hori oso arraroa iruditu zitzaidan. Azken urtean Antonio Pascual ezagutu nuen, Donostiako azken sastrea; duela pare bat urte hartu zuen erretiroa. Harekin egin nituen praktikak, eta hortik sortu zen sastre jardunean dudan interesa.

«Sastre emakume gehiago daude, eta emakume askok jantzi nahi dute neurrira egindako arropa, eta trajeak eraman»

Aurreikusten zenuen Donostian estudio bat irekiko zenuela?

Londresek zera erakutsi zidan: pertsona batentzat edo enpresa batentzat lan egin nahi banu, ondo erabaki beharko nukeela norentzat lan egin.

Zergatik?

Esplotazioa oso erraz ezkutatzen delako, eta zuk ikasteko edo hazteko asmoa baldin badaukazu oso erraz manipulatu zaitzakeelako pertsona batek. Bi enpresatan egon nintzen Londresen, eta izugarri esplotatu ninduten, ahal izan zuten bezainbeste. Donostiara itzuli nintzen, eta niretzako zen zerbait hasteko gogoa izan nuen. Eta hortik sortu nuen estudioa.

Zein da zure markaren estiloa?

Gaur egungo materialak —nylona, ehun teknikoak, Goretex-a daukatenak...— sastre lanaren teknikekin erabiltzen ditut. Eskuz jositako zatiak dauzkate, eta tarteko ehun itsasgarriak ahalik eta gehien ekiditen ditut.

Trauma daukazu.

Trauma daukat. Nire estiloa nahasketa moduko bat da. Batetik, gorp tech estiloa: mendirako erabiltzen dituzten arropak...

Oso ohikoak Donostiako Parte Zaharrean.

Oso ohikoak, eta Ikatz kalean gehiago! Bestalde, ehun organikoek duten natura mantendu ahal izatea bilatzen dut.

Tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzu, orduan?

Bai. Oihal organikoak gaur egungo estiloetara moldatzen ditut, eta tradizionalki arropak egin diren moduan lantzen ditut.

Badago merkatua?

Bai. Jendea gehiago konturatzen da orain fast fashion-eko arropak bi garbialdi baino ez diela irauten, eta arropa ez zaiola ondo egokitzen beren gorputzari. Garrantzitsua da pertsona baten morfologiaren arabera arropa bat edo beste egitea, bere gorputzera egokitzeko eta dauzkan ezaugarriak indartzeko.

Sastreek, berriz, arropa neurrira egiten duzue.

Eta, gainera, urteak irauten dute. Atenporalak bihurtzen dira. Gaur egun, moda batek bizpahiru aste irauten du asko jota: egun batetik bestera horiez aspertu egiten zara. Orduan, niri gustatuko litzaidake pertsona bakoitzak bere estiloa aurkitzea, eta estilo horrekin bat etorriko diren arropa atenporalak egitea. Hau da, zure bilobek ere eraman ahalko duten arropa egitea lortu nahi dut.

Zuk zure amonaren jaka bat daramazu soinean!

Bai, bai! Arropak asko iraun dezake ondo eginda badago eta oihal ona baldin badauka.

lotsabako

Nork eman zizun jostorratz bat lehen aldiz?
Nire amona Maribik.

Botoiren bat josteko?
Ez, ezpainzapiak dekoratzeko.

Zein da zure ametsetako bezeroa?
Eneko Sagardoi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.