Zientzia

Zunda kamikazeak lortu egin du asteroidearen orbita aldatzea, NASAk baieztatu duenez

Dimorphos asteroidearen orbita 32 minutu laburtu da DART espaziontziak emaniko kolpearen eraginez

DARTek emaniko kolpeak Dimorphos asteroidetik kanporaturiko hautsa erakusten du irudi honek, talkatik 285 ordura. NASA/ESA/STSCI/HUBBLE
Edu Lartzanguren.
2022ko urriaren 11
21:27
Entzun

Esperimentu bat zen, baina arrakasta izan duela baieztatu du gaur NASAk, Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak.

Irailaren 27an, DART espaziontzia gure planetatik 11 milioi kilometrora dagoen Dimorphos asteroidearen kontra bota zuten. Gizateriaren historian inoiz egin gabeko esperimentuan, ikusi nahi zuten asteroide baten orbita aldatzerik ote dagoen, etorkizunean Lurra mehatxupean jar dezaketen espazioko objektuak desbideratzen ikasteko.

Baita lortu ere. Lurreko eta espazioko teleskopioak erabili dituzte azken egunotan, asteroidearen orbita berria neurtzeko, eta, ondorioztatu dutenez, Didymos asteroide handiagoaren inguruan bueltaka dabilen Dimorphosek orain, kolpearen eraginez, 32 minutu gutxiago behar ditu orbita bat osatzeko: 11 ordu eta 23 minutu.

NASAko zientzialariek espero zuten gutxienez 73 segundoan aldatzea orbita, baina, azkenean, hori 25 aldiz baino gehiago laburtu da. «Kolpe txikia» izan dela adierazi dute misioko arduradunek, baina etorkizunean aski litzateke halako aldaketa bat, Lurraren bidean legokeen asteroide bat desbideratzeko.

Lurra Defendatzeko Programaren barruan pentsatu eta gauzatu zuten DART misioa. Dimorphos asteroidea ez dago Lurraren ibilbidean, eta ez dago hark planeta suntsitzeko arriskurik.

Lurrarentzat arrisku izan daitezkeen asteroideak zaintzeko ATLAS sistemak dituen teleskopioekin ikusi ahal izan zuten DARTen talka, eta horrek eragin zuen hauts hodeia.

Iazko azaroaren 23an jaurti zuten DART zunda, Kaliforniatik (AEB). Asteroide Bikoitza Birbideratzeko Proba moduan euskaratu daiteke haren izena, baina dardo gisa itzul daiteke akronimoa. DARTek arazorik gabe egin zuen ia urtebeteko bidaia kamikazea.

Didymos eta Dimorphos asteroide bikote bat dira, eta Eguzkiaren inguruan orbitatzen dute. Didymos da bikoteko asteroide nagusia: 780 metro pasatxoko diametroa du. Dimorphos haren inguruan biraka dabilen ilargitxoa da, ia 162 metroko diametrokoa. Beraz, esan daiteke zehaztasun handiko tiro ariketa bat egin dutela.

DARTek 570 kilo zituen. Ilargiaren erditik 17 metrora jo zuen, segundoko 6,6 kilometroko abiadan. Krater bat sortu zuen, eta hauts hodei handi bat.

Datuon bidez, kalkulatu ahalko dute etorkizunean nolako dardoa beharko den Lurra mehatxupean jartzen duen objektu bat desbideratzeko.

Zundarekin batera bidaia egin duen Italiako Licia Cube sateliteak 50 kilometrotik ikusi eta neurtu zuen gertatutakoa.

Gaur aurkeztu dituzte lehen ondorioak, baina, neurketa zorrotzak Hera zundak egingo ditu, bost urte barru. ESA Europako Espazio Agentziak 2024an jaurtiko du zunda, eta 2027. urtean helduko da. Orduan jakingo da, zorroztasun osoz, nola aldatu duen talkak asteroideen ibilbidea.

ESA eta NASA 2015. urtetik ari dira elkarlanean AIDA programan, planeta asteroideen mehatxuetatik defendatzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.