Izar baten kulunkak Europako Espazio Agentziako (ESA) ikertzaileen arreta piztu zuen, Esne Bidearen 3D mapa zehatzena osatzen ari ziren bitartean. Arranoaren Konstelazioan, Lurretik 2.000 argi urtera, izar bat ikusi zuten iluntasunaren inguruan orbitatzen: zulo beltz bat. Gaia teleskopioari esker, Esne Bidean inoiz aurkitu duten izar-zulo beltz masiboena agertu da, Eguzkiak baino 33 aldiz masa handiagoa duena. Lurretik gertuen daudenetan bigarrena da. Gaia BH3 izeneko zulo beltzaren hurbiltasunari esker, lehen aldiz, objektu horiek xehetasun handiz aztertzeko modua izango da.
«Inork ez zuen espero gure inguruan masa handiko zulo beltz bat aurkitzea», azaldu zuen apirilaren 16an argitaratutako prentsa oharrean Pasquale Panuzzok, ikerketaren buru izan den Parisko Behatokiko astronomoak. «Ikerketa bizitza osoan behin egiten duzun aurkikuntza bat da», ospatu zuen. Objektu astronomikoa ondoan duen izar baten mugimenduei esker topatu dute; izan ere, zulo beltzak ikusezinak dira giza begientzat, eta, beraz, zeharka bakarrik antzeman daitezke: inguruan izar bat badute, adibidez. Izarraren mugimenduak aztertuz, astrofisikariek objektu ikusezinaren ezaugarriak kalkula ditzakete.
Zenbat eta handiagoa izan izarraren tamaina, orduan eta handiagoa izaten da eratzen den zulo beltza. Horrela azaldu du zulo beltzen sorrera Javier Armentia Iruñeko planetarioko zuzendari eta astrofisikariak: «Izar batzuen biziaren azken unean, masiboenak direnen artean batez ere, leherketa bortitz bat gerta daiteke, supernoba bat, eta objektu oso trinko bat sortzen da; zulo beltz bat». Grabitatea hain trinkoa denez han, ez dio uzten argiari ihes egiten. Hori da zulo beltzen inguruan zabaldu den ezaugarri nagusia: zerbait iluna, begiek hauteman ezin dutena. Funtsean, Gaia BH3 materia asko pilatu duen objektu bat da, izar baten amaieran gertatzen den prozesuaren ondorioz geratzen den hilotza.
Aurkitutako zulo beltzaren elementurik deigarriena tamaina da, Eguzkiak baino 33 aldiz masa handiagoa baitu. «Horrek esan nahi du zulo beltz horren jatorrian izar oso masibo bat dagoela», azaldu du Armentiak. Izar baten bizia grabitatea gainditzean datza, hau da, gas bola horrek konprimatzeko duen joerari aurre egitean. Hori lortzeko, haren barnean erreakzio nuklearrak gauzatzen dira, izarraren energia egonkorra izan dadin. Horregatik, izar oso masiboak oso denbora gutxi bizi dira, grabitateari aurre egitea zailagoa baita haientzat. Dena kolapsatzen denean, supernobaren leherketa bat dagoenean, izarraren materiaren zati handi bat ziztu bizian ateratzen da, eta nukleoa kolapsatu egiten da; hala, zulo beltz bat osatzen da.
«Aurretik zegoen izarrean pentsatu behar dugu; zulo beltz hori sortu duen izarrak oso handia izan behar zuen», azaldu du Iruñeko planetarioko zuzendariak. Silvia Bonoli astrofisikari eta Ikerbasqueko ikertzailea zulo beltz supermasiboetan espezializatuta dago, eta, haren hitzetan, «oso zaila» da Esne Bidean izar jatorriko zulo beltz hain handiak aurkitzea: «Zenbat eta handiagoa izan izar bat, orduan eta masa handiagoa galtzen du biziaren amaieran. Litekeena da zulo beltz honek unibertsoa oso gaztea zeneko izarretan izatea jatorria, oso handia delako».
Izarrak, binaka
Izar bat jaiotzen denean, haren bikotekidea ere jaiotzen da. Lau izarretik hiru sortzen dira binaka —Eguzkia da horren salbuespena, adibidez—, sistema bitarra nagusitzen baita izarren artean. Beraz, aurkitutako izar zulo beltz masiboaren jatorrian izar bat zegoenez, posible da haren inguruan orbitatzen ari den beste izarra haren bikotekidea izatea. «Batek eboluzionatu egin du, eta biziaren amaierara zulo beltz bat osatuz iritsi da, baina laguna oraindik bere bizitzako azken etapetara iristen ari da», azaldu du Bonolik.
Gaia proiektuko zientzialariek uste dute duela milioika urte bi izar jaio zirela; bata bestea baino masiboagoa zen, eta, izar masibo horren eboluzioaren ondorioz, izarra zulo beltz bihurtu zen. Besteak ez du astirik izan, izar baten bizia azkarragoa baita zenbat eta pisu handiagoa izan, zenbat eta materia gehiago izan. Bestea, berriz, izar distiratsu bat da, lagunaren inguruan bueltaka dabilena. «Izar distiratsu horrek modua ematen digu ez ikusteko, baina bai zulo beltza hor dagoela jakiteko», argitu du Armentiak. Gaia teleskopioak hartutako irudi horiekin zulo beltzaren masa kalkulatu ahal izan dute zientzialariek. «Interesgarriena da normalean ezingo genukeela zulo beltz honen berri izan; lehertzen ikusi bagenu soilik. Baina, inguruan orbitatzen duen izarrari esker, horretarako gai gara», esan du Armentiak.
Zulo beltzak oso iheskorrak dira, haien ingurunea aztertuta bakarrik hautematen baitira. Batzuetan, izarrak bata bestearen ondoan badaude, batetik bestera materia erortzen da: grabitatea oso bizia denez, izar horren kanpoko aldea zulo BH3 beltzera eror daiteke. Zulo beltzera erortzen den material hori berotzerakoan, energia igortzen da espaziora, eta energia hori X izpien teleskopio batek neur dezake. «Oraindik ez dakigu nola sortzen den zulo beltz masiboa, baina X izpien teleskopioek informazio asko ematen digute», esan du Armentiak. Ikerlari batzuek uste dute izarretan jatorria duten zulo beltz masiboak ez direla izar bakar batetik sortzen, bi izarren talkaren ondorioz baizik. Gaia programako zientzialariek ez dute baztertzen BH3 zulo beltzarekin hori gertatu izana.
Teleskopioaren begia
Zulo beltzaren inguruan mugitzen ari den izarra Gaia teleskopioak harrapatu du, giza begia baino milioi bat aldiz zehatzagoa den teleskopioak. Argitaratutako irudiak hasiera baino ez dira, Armentiaren arabera: «Iruñean gaudela imajinatu. Gaia teleskopioarekin Istanbul [Turkia] behatuko bagenu, posible izango balitz noski, bertan dagoen pertsona baten biboteko ileak kontatzeko aukera izango genuke, baita ile horiek hazten ari zaizkion abiadura neurtzekoa ere».
Teleskopioei esker, zulo beltz gehiago aurkituko dituzte, giza begiaren bistatik ezkutatuak daudenak, baina haien bikotekideek, izar biziek, argitzen dituztenak. Zulo beltzak ikertzea unibertsoaren historia argitzen dela uste du Bonolik. «Unibertsoko lehen izarretatik zer geratzen den ikus dezakegu. Izarra nola sortu den jakiteko, prozesua berreraiki behar da, dinosauro baten fosilarekin egiten den bezala».