Zuk niri, nik zuri

Ane Muñoz.
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Berriki Iparraldeko txapelketan hirugarren geratu den Sustrai Kolina bertsolariaren deia jasotzeak ikaragarri poztu ninduen. Horra diziplina anitzetan murgiltzen den beste bertsolari konpletito bat; batzuk musikan, gidoigintzan, literaturan edota ikus-entzunezko alorretan dabiltzan bezala, puntako bertsolari honek kazetaritza atsegin du, eta horretan dihardu, saioz saio handik hona ez dabilen bitartean. Elkarrizketatu nahi ninduela eta, tira, bertsolariei bereziki diedan errespetuarekin, urduri samar joan nintzen hitzordura. Ai ama, zer kontatuko diot honezkero jakingo ez duenik, eta azkenaldian daramadan bizimodu eroso, lasai eta arrunt honekin, gai izango al naiz ezer berria adierazteko?

Taberna bateko terrazan goxo jezarrita, zinemarekin hasi, eta, konturatu orduko, zinemaldiak ez ezik txapelketa nagusiek ere biltzen duten jendetzaren bat-bateko interes neurrigabeaz hausnartzen genbiltzan, bai ni eta bai bera ere, solasean. Hainbestetan hunkitu nauen ahots fin horren jabeak nire diskurtso errepikakorra jator entzuten zuen bitartean, pixkanaka rolak nahasi eta nire galdeketa partikularrari ekin nion. Amaitu orduko, kazetariaren rolean sartu-sartuta nengoen, puntako bertsolari gazte baten burutik irtendakoa arretaz irensten.

Ez dakit gizajoak nire hitz zaparrada horretatik zerbait onik aterako duen, baina nik behintzat harenak sakelean gordeta etxera ekarri nituen, eta gaur lasai esan dezaket Sustrairena dela, hau da, elkarrizketatzaile elkarrizketatuarena, kazetari bezala aspaldian egin dudan elkarrizketarik politena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.