ATZEKOZ AURRERA. Ane Garcia. Zezenketarik Ez sareko kidea

«Zuk begiratu edo ez, berdin torturatzen dute zezena»

Zazpigarrenez, zezenketen kontrako kalejira antolatu dute San Fermin egunez Iruñean. Bertan izanen da Zezenketarik Ez sareko Ane Garcia, «sufrimendurik gabeko festak» aldarrikatzeko.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Sanferminak maitatzea eta zezenketak maitatzea gauza guztiz diferenteak direla erakustera tematua dago Ane Garcia (Antsoain, Nafarroa, 1996). Zezenketarik Ez sareko kidea da. Garbi du zer egin behar lukeen Iruñeak «behingoz»: zezenketak desagerraraztea. Gogor kritikatu ditu, adibidez, udala, peñak eta zezenketazale direla aitortu ez baina plazara doazenak.

Jende asko espero duzu gaurko kalejira antitaurinoan?

Azkeneko urteetan jende asko etorri da; beraz, espero dugu aurten oraindik eta gehiago etortzea. Azken finean, zezenketen ordu berean da, eta ikusarazi nahi dugu ordu horretan ongi pasatzeko beste modu asko daudela, sufrimendurik eragiten ez dutenak.

Nola dago zezenketen kontrako mugimendua Iruñean?

Gero eta kontzientzia handiagoa dago, eta nabaritzen da. Geroz eta beteago daude tauromakiaren kontrako ekintzak, eta geroz eta hutsago, berriz, zezen plazak. Gainera, datu bat oso adierazgarria da: lehen, zezenketen kontrako mobilizazioak kanpoko jendeak egiten zituen. Orain, Iruñerriko jendeak antolatzen ditu.

Hainbat herritar jadanik hasi dira zezenketen etorkizunari buruzko apustuak egiten: hemendik bost urtera bukatuko direla, hemendik hamarrera... Zuk zer diozu?

Ez nago oso baikor. Hamar urte baino gehiago beharko dira.

Zergatik zara ezkorra?

Zoritxarrez, plazak badu jendea erakartzen duen zerbait. Sanferminen aitzakiapean, diote parranda egitera doazela, eta badirudi oraindik ere oso garrantzitsua dela hemengo jende batentzat. Baita turismoarentzat ere. Gero, jakina, betikoak daude: tradizioa dela, kultura dela... oso zaila da pentsaera horiek aldatzea; oso errotuta daude.

Halere, sarea gero eta atxikimendu handiagoa ari da lortzen. Norena sumatzen duzue faltan?

Garrantzitsuenak: udalarena, batetik, eta peñena, bestetik.

Nola ikusten duzu Iruñeko Udala?

Zezenketazale. Lehenbailehen atera behar lituzke zezenketak programaziotik, eta ez du urratsik egiten, ezta nahi ere.

Peñei zezenketen aurkako jarrera hartzeko eskatu diezue. Zer erakutsi dute orain arte?

Egia da hasi omen direla hausnartzen, baina badirudi oraindik ez dutela interes handirik. Uste dugu haien posizioa funtsezkoa dela auzi honetan, haiek baitira plazara jendea eramaten dutenak, batik bat.

Batzuk eguzkipera joaten dira, itzalpera beste asko. Zeuen mezua iguala da bi aldeentzat?

Noski, berbera da. Berdin da non zauden kokatuta. Plazan gertatuko dena gauza bera da: tortura bera, sufrimendu bera, eta sartzeko pagatzen duzun dirua toki berera doa.

Eguzkipera joaten diren askok argudiatzen dute ez dutela ikusi ere egiten plazan zer gertatzen den.

Baina badakite zer gertatzen den hor. Begiratzen duzun edo ez, zezena berdin torturatzen dute.

Zer esanen zenieke zezenketazaleak direla ukatu baina zezen plazara joaten direnei?

Joaten baldin badira parranda ederra delako, musika ederra delako, egin ditzatela horiexek beste toki batean.

Jende asko ezagutzen duzu inoiz joan den arren dagoeneko joaten ez dena?

Bai, nire inguruko jende askok egin du ariketa hori. Gazte ginenean, batzuek esaten zidaten: «Ez, ni parrandagatik joaten naiz». Zorionez, gaur egun, dagoeneko ez dute argudio hori ematen, eta ez dira joaten.

Halako adibideek lortzen al dute esperantza piztea?

Bai, erakusten dutelako guztiok ikas dezakegula, eta iritzia aldatu.

Zuk non ematen dituzu arratsak?

Ordu asko eman izan ditut txosnetan. Aurten, zoritxarrez, egun bakarrean izango dugu aukera hori.

Egunero dituzu antzeko planak, edo nahiago duzu aldatu?

Soilik uztailaren 6an naiz metodikoa: 09:00etan, gosaria Antsoainen; 12:00etarako, Gazteluko plazara, eta, gero, balkoipeetara. Nire egun gustukoena da.

Zezenketarik gabeko bakarra da.

Bai; beste arrazoi bat 6a maitatzeko. Eta, begira: 6an inork ere ez du sumatzen zezenketen falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.