Udako proposamenak

Zuhaitzen agindupean

Euskadiko Arkitektura Institutuan 'Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa' erakusketa izanen da ikusgai urria bitarte.

'Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa' erakusketa. MIKEL BLASCO / EUSKADIKO ARKITEKTURA INSTITUTUA
'Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa' erakusketa. MIKEL BLASCO / EUSKADIKO ARKITEKTURA INSTITUTUA
Iratxe Muxika
2024ko irailaren 1a
05:00
Entzun

Lorategi batean kokatutako zuhaitz bilduma bat da arboretuma, eta, hortik abiatuta, nahi adina zabaldu litekeen erakusketa bat. Finean, zuhaitzak arkitektura izatea. Halaxe deitu diote Euskadiko Arkitektura Institutuaren aurtengo erakusketari: Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa. Urrira arte izanen da ikusgai. 

Zuhaitzak ezinbertzeko elementuak izan dira arkitekturan, eta, ideia horretatik abiatuta, bi helburu nagusirekin ekarri dute erakusketa Bordeletik (Frantzia) Donostiara: zuhaitzen izaera arkitektonikoa berrestea eta hausnarketa irekitzea. Alegia, zuhaitzaren eta arkitekturaren harremana ezagutaraztea. 

Erakusketa aretoa baso bilakatuta, bisitaria libre izanen da nahi duen lekuan hasi eta bukatzeko; eta, horrenbertzez, bidean interpretazioak egiteko. Eskualdeko paisaien —arkitektura eta zuhaitzen— 23 artelan egonen dira erakusketan, baita munduko zenbait adibide ere. Bordeleko Arc en rêve Centre d’architecture-tik etorritako erakusketa da, 2021ean estreinatu zuten bertan. Funtsean, egiten den lekuan egiten dela ere, emaitza bera lortu nahi dute: jendeak ikus dezala zein garrantzitsuak diren zuhaitzak, eta zein antzekotasun dituen arkitekturarekin. 

Diseinuak

Euskal Herriko hiru zuhaitz ezagun izanen dira aretoan, elementu sinboliko gisa ulertuta. Izan ere, leku berezi, espiritual eta tradizionaltzat hartzen dituzte zuhaitzak eta haiek sortutako inguruak. Etxetik kanpo, munduko elementuei ere egiten diete erreferentzia: Sri Lankako hotel bat eta haren baso diseinu berezia, Estatu Batuetako supermerkatu bateko baso eraikina, Londresko Drawing Matter bildumako marrazkiak eta 2020ko Olinpiar Jokoetako estadio bat, bertzeak bertze. Horiek denek, egun zutik egon daitezen, zuhaitzak izan dituzte oinarri eta inspirazio. 

Adibide errealak dira denak, bisitariek ikus dezaten zuhaitzak egungo —eta aspaldiko— arkitekturaren parte direla, eta, gainera, zati garrantzitsua direla. Batzuetan eraikinak bitan bereizten dira, tartean zuhaitzak zeuden tokian eta moduan uzteko, eta, bertzeetan, arkitektura diseinuaren barrenean hazten dira arbolak. Kasu batean edo bertzean, basoak baldintzaturiko arkitektura lanak dira, eta ohiko lana bilakatu da diseinu bat egin aitzinetik arbolen lanketa eta hausnarketa egitea. Japonian, errate baterako, bada aldamio eta plataformetan oinarritutako etxe bat, zeinaren tartetik arbolak hazten diren. Jarrera eta ikuspegi kontua izan liteke: oztopo gisa edo gehigarri gisa ikusi. Bada bertze hotel bat bistara ikusezina izateko sortua dena, eta horretan ari dira egun. Teilatuan zuhaitzak landatu dituzte, eraikina basoan gal dadin, bistara behintzat. 

Euskadiko Arkitektura Institutuak, dena dela, badu bertzelako eskaintzarik ere: hitzaldiak, tailerrak eta eskola bisitak, erraterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.