Zientzia

Zuhaitz genealogiko zaharrena

Neolitoko familia zabal baten genealogia osatu dute, Hazleton Northen (Ingalaterra) hobiratutako gizakien DNA aztertuta. Duela 5.700 urte inguruko familia bereko 27 senide biologiko identifikatu dituzte, bost belaunalditakoak. Iñigo Olalde EHUko genetikalariak parte hartu du ikerlanean.

Zuhaitz genealogiko zaharrena.
jakes goikoetxea
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Neolitoa aldaketa garaia izan zen. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sorrera, animalien etxekotzea, populazio sedentarioak... Neolitoko iraultza ikertu izan da. Baina nolakoa zen garai hartako familien egitura? Nolakoa senideen harremana? Nola baldintzatzen zuen senidetasunak lurperatzeko modua?

DNAren azterketari esker, orain errazagoa da halako galderei erantzutea, eta horrela lortu dute munduko zuhaitz genealogikorik zaharrena osatzea, zehaztasun handiz: Neolitoko familia zabal baten bost belaunaldi identifikatu dituzte Hazleton Northeko tumulu luzean, Cotswold-Severn eskualdean (Gloucestershire, Ingalaterra hego-mendebaldea). 35 gizakiren hezurretako eta hortzetako DNA aztertu dute, eta ikusi dute 35 horietatik 27 senide biologikoak zirela. Duela 5.700 urte inguru bizi izan zen familia bat da, Britainia Handian nekazaritza eta abeltzaintza sartu eta ehun bat urtera.

Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta Euskal Herriko ikertzaile batek parte hartu du: Iñigo Olalde EHUko Ikerbasque eta Ramon y Cajal genetikariak. Genetika eta arkeologia uztartu dituzte informazio berria lortzeko eta ulertzeko. Newcastleko Unibertsitateko Chris Fowler arduratu da ikerketa arkeologikoaz; Olaldek egin ditu azterketa genetikoak. DNA erabiltzen ari dira antzinako fenomeno eta harreman sozialak ulertzeko.

Zuhaitz genealogikoaren buruan, gizon bat. Gizon horrek lau emakumerekin izan zituen seme-alabak. Lau emakume horietatik hiruren arrastoak aurkitu dituzte. Laugarrenarenak ez, baina bai elkarrekin izandako seme batenak, eta, beraz, badakite laugarren emakume bat ere izan zela —ama bat—. Horrela, bost belaunaldiko zuhaitz genealogikoa osatu arte.

Hazleton Northeko tumuluak L hizkiaren formako bi ehorzketa eremu ditu, bata egitura nagusiaren iparraldean, bestea hegoaldean. Ehorzketa eremu bakoitzak ganbera bat du. Olalde ez da han izan. Gaur egun ez dago tumulurik. 1979-1980. urteetan arkeologo talde batek guztia induskatu zuen, ikusten baitzuten Hazleton Northeko tumulua eta beste batzuk arriskuan zeudela: «Horietako asko nekazari lurretan zeuden, eta nekazariek goldea pasatzen zuten bakoitzean hilobiak suntsitzen zituzten, lurraren gainazalaren azpian baitzeuden».

Guztia dokumentatu eta gorde zuten. Ikerketarako salbatu zuten: gordetako hezur horietan oinarritu dute ikerketa. Harvard Unibertsitatean prozesatu zituzten hezurrak, eta hezurren hautsetatik lortu zituzten sekuentzia genetikoak. Olalderen lana izan da sekuentzia horiek guztiak hartzea eta banan-banan senidetasuna aztertzea. «Senidetasuna izandakoan, zuhaitz genealogikoa berreraikitzea», azaldu du. «Zuhaitza osatuta, arkeologoak, gainerako kolaboratzaileek eta neuk interpretatu egin dugu zuhaitz genealogikoa zer esaten ari zitzaigun».

Ikerketak, zuhaitz genealogikoa osatzeaz gain, erakutsi du zer-nolako garrantzia zuen senidetasunak hildakoak ehorzteko orduan. Garrantzitsuena: ondore patrilinealak, aita lerroak ematen zuela bertan hobiratzeko eskubidea. «Oso baldintza zorrotza zen». Genetikoki aztertutako hilobiko 35 gizakietatik 26 gizonak dira. Gizon guztiak dira jatorrizko gizonaren semeak, ilobak, bilobak, birbilobak...

Emakumeen garrantzia

Emakumeak badaude. Bederatzi. Betiere gizonei lotuak, aita lerroko senideren baten bikotekideak edo alabak direlako. Badaude bi neskato, bi alaba, ume zirela hildakoak. Ez dago alaba heldurik; aldiz, hamalau seme heldu daude. «Garbi dago jokabide edo irizpide argi bat zegoela», uste du Olaldek. «Alabak umeak zirela hiltzen baziren, familiarekin lurperatzen zituzten; baina helduak zirenean, ugaltzeko adina zutenean, beste komunitate batzuetara joaten ziren, beste komunitate batzuetako gizonekin ugaltzera. Antropologoek emakumeen exogamia deitzen diote. Emakume horiek beste komunitate horietan hiltzen zirenean, han hobiratzen zituzten». Bazeuden halako fenomenoen «zantzuak», baina Hazleton Northekoa da «lehen froga zuzena». Olalderentzat garrantzitsua da inguruko beste tumulu batzuk ikertzea, ziurrenik han aurkituko baitituzte Hazleton Northen falta diren emakumeak.

Dena den, aita lerroko ondorengotzaren arabera lurperatuta ere, emakumeak —amak— garrantzitsuak ziren: jatorrizko lau emakume horien senidetasunaren arabera lurperatu zituzten haien ondorengoak tumuluaren iparraldeko edo hegoaldeko ganberetan. Bi emakumeren kasuan, ondorengo senide guztiak daude ganbera berean; beste bi emakumeen kasuan, gehienak. «Pentsa daiteke gizarte patrilineala zela, gizonak zirela oinarria, alabak joan egiten zirela, emakumeak ez zirela garrantzitsuak...», azaldu du Olaldek. «Bada, ez. Familia horretan aintzat hartzen zuten zein emakumeren ondorengoak ziren. Hainbat belaunalditan, gainera. Emakumeak, emakumeen azpileinuak garrantzitsuak ziren komunitate horien memorian», nabarmendu du.

Hiru semeorde ere aurkitu dituzte lurperatuta. Haien ama biologikoak hobiratuta daude; aita biologikoak ez. Emakume horiek seme-alaba gehiago izan zituzten Hazleton Northeko familiako aita lerroko gizonen batekin. Beraz, ikertzaileek pentsatu dute semeordeak semetzat eta leinukotzat hartzen zituztela: «Aitatasun soziala biologikoa bezain garrantzitsua izan zitekeen komunitate honetan». Halako jokabidea izateko arrazoi bat gehitu du Olaldek: «Klana oso azkar handitzeko modu bat izan zitekeen».

Hala ere, ganberetan gainerakoen senide biologikoak ez diren beste zortzi gizakiren arrastoak ere aurkitu dituzte, eta, ikertzaileen arabera, horrek iradokitzen du senidetasuna ez zela lurperatzeko baldintza bakarra. Horietatik hiru emakumeak dira. Hipotesi ezberdinak dituzte: ez zutela familiarekin harreman biologikorik, baina, hala ere, familiako kide zirela; gizonetako batzuk emakume horien bikotekideak zirela, baina ez zutela seme-alabarik izan edo, alabaren bat izan bazuten, komunitatetik joan zirela; eta, gizonen kasuan, semeordeak zirela. Baina zortzi kasu horietan DNA piezak falta zaizkie puzzlea osatzeko.

Antzinako DNAren iraultza

Antzinako DNAren ikerketa iraultza eragiten ari da. 1980ko hamarkadatik aurrera garatutako ikerketa arloa da, baina sekulako jauzia egin du azken urteetan: «Sekuentziazio teknika berriak aplikatu dira, sekuentziazio masiboa, eta teknika horiek iraultza eragin dute genetikaren arlo guztietan, antzinako DNAren arloan batez ere. Genoma osoak berreskuratzea ahalbidetu digu. Horregatik gertatu da iraultza».

Lehen, genoma mitokondriala berreskuratzen zuten batez ere. «Zelula batean dagoen DNAren zati oso txikia», azaldu du Olaldek. «DNA mitokondrialarekin gauza gutxi esan zitezkeen. Markatzaile bat baino ez da». DNA mitokondriala amarengandik jasotzen da, eta, beraz, amari eta amaren jatorri genetikoari buruzko informazioa soilik ematen du.

«Orain, ordea, DNA nuklearra berreskuratu dezakegu, 24 kromosomak, eta horrek milioika markatzaile genetiko ditu». DNA nuklearra aitarengandik eta amarengandik jasotzen da, eta bien informazio genetikoa ematen du.DNA nuklearraren bidez gizaki horren sexua ere jakin daiteke. Alderaketa argigarria egin du Olaldek: «Lehen, asto baten gainean gindoazen; orain, Ferrari batean. Erabateko iraultza da».

Antzinako DNAren ikerketa asko erabili da populazioen mugimenduak eta migrazioak azaltzeko. Historiaren eboluzioa. Hazleton Northekoak eta beste ikerketa batzuek ikuspegi aldaketa bat erakusten dute: arreta makroan jarri beharrean, mikroan jartzea, hau da, DNA antolaketa, harreman eta fenomeno sozialak ikertzeko baliatzea. Lokalak, baina esanguratsuak.

Hazleton Northen egin dute ikerketa. Baina zer gertatzen da inguruko beste tumuluetan? Badaukate tumulu bat begiz jota: Hazleton South. Ukitu gabeko tumulua. Ez zuen goldeek suntsitzeko arriskurik, eta arkeologoek induskatu gabe utzi zuten.

Munduko zuhaitz genealogiko zaharrena osatu dute. Neolitoko lehen familia. Olaldek, baina, ohartarazi du ziurrenik laster azalduko direla zuhaitz genealogiko zaharragoak, beste ikerketa talde batzuk antzeko lanak egiten ari baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.