Neolitoa aldaketa garaia izan zen. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sorrera, animalien etxekotzea, populazio sedentarioak, harrizko tresna landuak... Neolitoko iraultza ikertu izan da. Baina nolakoa zen garai hartako familien egitura? Nolakoa familiako kideen arteko harremana? Nola baldintzatzen zuen senidetasunak lurperatzeko modua?
DNAren azterketari esker, orain errazagoa da halako galderei erantzunak ematea, eta horrela lortu dute munduko zuhaitz genealogiko zaharrena osatzea, zehaztasun handiz: Neolitoko familia zabal baten bost belaunaldi identifikatu dituzte Hazleton Northeko tumulu luzean, Cotswold-Severn eskualdean (Gloucestershire, Ingalaterra hego-mendebaldea). 35 gizakiren hezurretako eta hortzetako DNA aztertu dute, eta ikusi dute 35 horietatik 27 senide biologikoak zirela. Duela 5.700 urte inguru bizi izan zen familia bat da, Britainia Handian nekazaritza eta abeltzaintza sartu eta ehun bat urtera.
Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta Euskal Herriko ikertzaile batek parte hartu du: Iñigo Olalde EHUko Ikerbasque eta Ramon y Cajal ikertzaileak. Biomics ikerketa taldean lan egiten du. Genetika eta arkeologia uztartu dituzte informazio berria lortzeko eta ulertzeko. Newcastleko Unibertsitateko Chris Fowler arduratu da ikerketa arkeologikoaz, historiaurreko antolaketa sozialean aditua baita; Olaldek egin ditu azterketa genetikoak. Bi arloak uztartu dituzte, DNA erabiltzen ari baitira fenomeno eta harreman sozialak ulertzeko. Olaldek Harvardeko Unibertsitatean egin zuen doktoretza osteko ikerketa, hiru urtez. 2019an Euskal Herrira bueltatu bazen ere, Bostongo taldearekin lanean jarraitzen du: «Proiektu pila bat dituzte eta datu pila bat sortzen dituzte. Haiek aztertzen dakien jendea behar dute, eta elkarrekin lanean jarraitzen dugu».
Gizon bat eta lau emakume
Zuhaitz genealogikoaren buruan, gizon bat. Gizon horrek lau emakumerekin izan zituen seme-alabak. Lau emakume horietatik hiruren arrastoak aurkitu dituzte. Laugarrenarenak ez, baina bai elkarrekin izandako seme batenak, eta, beraz, badakite laugarren emakume —ama— bat ere izan zela. Eta horrela, bost belaunaldiko zuhaitz genealogikoa osatu arte.
Hazleton Northeko tumuluak L hizkiaren formako bi ehorzketa eremu ditu, bata egitura nagusiaren iparraldean, bestea hegoaldean. Ehorzketa eremu bakoitzak ganbera bat du. Olalde ez da bertan izan. Gaur egun ez dago tumulurik. 1979-1980 urteetan arkeologo talde batek guztia induskatu zuen, ikusten baitzuten Hazleton Northeko tumulua eta beste batzuk arriskuan zeudela: «Horietako asko nekazal lurretan zeuden, eta nekazariek goldea pasatzen zuten bakoitzean hilobiak suntsitzen zituzten, lurraren gainazalaren azpian baitzeuden».
Guztia dokumentatu eta gorde zuten. Ikerketarako salbatu zuten. Gordetako hezur horietan oinarritu dute ikerketa. Harvardeko Unibertsitatean prozesatu zituzten hezurrak, eta hezurren hautsetatik lortu zituzten sekuentzia genetikoak. Olalderen lana izan da sekuentzia horiek guztiak hartzea eta banan-banan senidetasuna aztertzea. «Senidetasuna izandakoan, zuhaitz genealogikoa berreraikitzea», azaldu du. «Zuhaitza osatuta, arkeologoak, gainerako kolaboratzaileek eta neuk interpretatu egin dugu zuhaitz genealogikoa zer esaten ari zitzaigun».
Ikerketak, zuhaitz genealogikoa osatzeaz gain, senidetasunak hildakoak ehorzteko orduan zuen garrantzia erakutsi du. Garrantzitsuena: ondore patrilinealak, aita-lerroak ematen zuela bertan hobiratzeko eskubidea. «Oso baldintza zorrotza zen». Genetikoki aztertutako hilobiko 35 gizakietatik 26 gizonak dira. Gizon guztiak dira jatorrizko gizonaren semeak, ilobak, bilobak, elkarren anaiak...
Alaba helduak 'falta'
Emakumeak badaude. Bederatzi. Beti ere gizonei lotuak, aita-lerroko senideren baten bikotekideak edo alabak direlako. Badaude bi neskato, bi alaba, ume zirela hildakoak. Hala ere, ez dago alaba heldurik; aldiz, hamalau seme heldu daude. «Garbi dago jokabide edo irizpide argi bat zegoela», uste du Olaldek. «Alabak umeak zirela hiltzen baziren, familiarekin lurperatzen zituzten; baina helduak zirenean, ugaltzeko adina zutenean, beste komunitate batzuetara joaten ziren, beste komunitate batzuetako gizonekin, haiekin ugaltzera. Antropologoek emakumeen exogamia deitzen diote. Eta emakume horiek beste komunitate horietan hiltzen zirenean, han hobiratzen zituzten». Bazeuden halako fenomenoen «zantzuak», baina Hazleton Northekoa da «lehen froga zuzena». Horregatik, Olalderentzat garrantzitsua da inguruko beste tumulu batzuk ikertzea, ziurrenik han aurkituko baitituzte Hazleton Northen falta diren emakumeak.
Dena den, aita-lerroko ondorengotzaren arabera lurperatuta ere, emakumeak —amak— garrantzitsuak ziren: jatorrizko lau emakume horien senidetasunaren arabera lurperatu zituzten haien ondorengoak tumuluaren iparraldeko edo hegoaldeko ganberetan. Bi emakumeren kasuan, ondorengo senide guztiak daude ganbera berean; beste bi emakumeen kasuan, gehienak. «Pentsa daiteke gizarte patrilineala zela, gizonak zirela oinarria, alabak joan egiten zirela, emakumeak ez zirela garrantzitsuak...», azaldu du Olaldek. «Bada, ez. Familia horretan aintzat hartzen zuten zein emakumeren ondorengoak ziren. Hainbat belaunalditan, gainera. Emakumeak, emakumeen azpileinuak garrantzitsuak ziren komunitate horien memorian», nabarmendu du.
Horrez gain, ikertzaileek uste dute tumulua familiaren egituraren arabera eraiki zutela: tumulua eraikitzerako bazekitela ganbera bakoitzean bi azpileinu hobiratuko zituztela. Inguruko beste hobi batzuk ikertu nahi dituzte, ea hobien egiturak antolaketa sozialarekin zerikusia duen jakiteko.
Hiru semeorde ere aurkitu dituzte lurperatuta. Haien ama biologikoak lurperatuta daude; aita biologikoak ez. Emakume horiek seme-alaba gehiago izan zituzten Hazleton Northeko familiako aita-lerroko gizonen batekin. Beraz, ikertzaileek pentsatu dute semeordeak semetzat eta leinukotzat hartzen zituztela: «Aitatasun soziala biologikoa bezain garrantzitsua izan zitekeen komunitate neolitiko honetan». Halako jokabidea izateko arrazoi bat gehitu du Olaldek: «Klana oso azkar handitzeko modu bat izan zitekeen».
Hala ere, ganberetan gainerakoen senide biologikoak ez diren beste zortzi gizakiren arrastoak ere aurkitu dituzte, eta, ikertzaileen arabera, horrek iradokitzen du senidetasuna ez zela lurperatzeko baldintza bakarra. Horietatik hiru emakumeak dira. Hipotesi ezberdinak dituzte: ez zutela familiarekin harreman biologikorik, baina, hala ere, familiako kide zirela; gizonetako batzuk emakume horien bikotekideak zirela, baina ez zutela seme-alabarik izan edo haien alabaren bat izan bazuten, komunitatetik joan zirela; eta, gizonen kasuan, semeordeak zirela. Baina zortzi kasu horietan DNA piezak falta zaizkie puzzlea osatzeko.
Antzinako DNAren iraultza
Antzinako DNAren ikerketa iraultza eragiten ari da. 1980ko hamarkadatik aurrera garatutako ikerketa arloa da, baina sekulako jauzia egin du azken urteetan: «Sekuentziazio teknika berriak aplikatu dira, sekuentziazio masiboa, eta teknika horiek iraultza eragin dute genetikaren arlo guztietan, antzinako DNAren arloan batez ere. Genoma osoak berreskuratzea ahalbidetu digu. Horregatik gertatu da iraultza».
Lehen, genoma mitokondriala berreskuratzen zuten batez ere. «Zelula batean dagoen DNAren zati oso txikia», azaldu du Olaldek. «DNA mitokondrialarekin gauza gutxi esan zitezkeen. Markatzaile bat baino ez da». DNA mitokondriala amarengandik jasotzen da eta, beraz, amari eta amaren jatorri genetikoari buruzko informazioa soilik ematen du.
«Orain, ordea, DNA nuklearra berreskuratu dezakegu, 24 kromosomak, eta horrek milioika markatzaile genetiko ditu». DNA nuklearra aitarengandik eta amarengandik jasotzen da, eta biei buruzko informazio genetikoa ematen du. Era berean, DNA nuklearraren bidez, gizaki horren sexua jakin daiteke. Alderaketa argigarria egin du Olaldek: «Lehen, asto baten gainean gindoazen; orain, Ferrari batean. Erabateko iraultza da».
Antzinako DNAren ikerketa asko erabili da populazioen mugimenduak eta migrazioak azaltzeko. Mugimendu erraldoiak, historiaren eboluzioa. Hazleton Northekoak eta beste ikerketa batzuek ikuspegi aldaketa bat erakusten dute, fokua makroan beharrean, mikroan jartzea, DNA antolaketa, harreman eta fenomeno sozialak ikertzeko baliatzea. Lokalak, baina esanguratsuak.
Zientziak galderak erantzuteko edo hipotesiak osatzeko gaitasuna du. Baina galdera batzuk erantzun edo hipotesiak osatu orduko, beste galdera batzuk sortzen dira. Olaldek eta taldeekideek Hazleton Northen egin dute ikerketa. Baina zer gertatzen da inguruko beste tumuluetan?
Badute tumulu bat begiz jota: Hazleton South. Ukitu gabeko tumulu bat da. Nekazal lurren mugetan dago, eta ez zuen goldeek suntsitzeko arriskurik. Arkeologoek induskatu gabe utzi zuten.
Munduko zuhaitz genealogiko zaharrena osatu dute. Neolitoko lehen familia. Zaharrena eta handiena. Olaldek, baina, ohartarazi du ziurrenik laster azalduko direla zuhaitz genealogiko zaharragoak, beste ikerketa talde batzuk antzeko lanak egiten ari baitira. EHUko ikertzaileak eta taldekideek egin dute ikerketa aitzindaria.