Udako proposamenak

Zugarramurdiko bestak finitzear dira

Gaur izanen dute Andre Mari jaien azken eguna zugarramurdiarrek. Besteak beste, zikiro jatea eta larrain dantza izango dituzte azken egunean.

Zugarramurdiko leizean egingo dute jaietako zikiro jana, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zugarramurdiko leizean egingo dute jaietako zikiro jana, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
julene muruaga
2024ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun

Abuztuaren 14an, asteazkenarekin, Andre Mari jaiak ospatzen hasi ziren Zugarramurdin (Nafarroa). Lau egun pasatu dituzte besta giro betean, Akelarre elkarteak antolatutako egitarauari esker: musikaz, janariaz, bertsoaz, antzerkiaz eta dantza emanaldiez gozatu ahal izan dute Zugarramurdira joan direnek, eta oraindik ere gozatzen ahalko dute igandean bertara bilduko direnek. Gaur izanen baita Zugarramurdiko besten azken eguna; egun handiena eta bereziena; eguerdian hasi, eta biharamun goizaldera arte iraunen du jaiak.

Atzo, Pontx pailazoak haurrendako emanaldia eskaini zuen. Bazkaltzeko tenorean, bi aukera izan zituzten: Azketa jatetxean, lehena, eta plazako herri bazkaria, bigarrena. Arratsaldean, mus txapelketa jokatu zuten. Gauean, Mariatxiak aritu ziren herriko plazan, eta, berantago, Xorta DJak plaza animatu zuen.

Gaur, berriz, bestetako azken eguna izanen dute zugarramurdiarrek. Eguna hasiko dute Gaititaneko Orkestraren eta Kuxkuxtu txarangaren doinuekin, herriko ostatuetan barna. Gosea asetzeko, 14:30ean, Zugarramurdiko leizean, uteroko zikiro bazkari berezia izanen da; txarangek animatuko dute lekua.

Jan eta gero, 19:00 aldera, larrain dantza eta mutxikoak egingo dituzte herriko plazan. Gaualdiaren hastapenean, 20:00etan, Gautaegun erromeria izanen da, plazan; ondotik, Amurra elektrotxarangak lekua hartuko du plaza girotzeko, eta, gaualdi bukaeran, aurtengo andremariak finitzeko, Infernu DJak plaza alaituko du goizaldera arte.

Plazatik leizera

Bestak burutu eta gero, Zugarramurdiz, edo «sorginen herriaz» gehiago gozatzeko, herritik 400 metrora aurkitzen den eta basoaren erdian kukutua den leize famatuaren deskubritzeko parada da. Udan, bisitak egiteko orduak luzatzen dituzte, hau da, astelehenetik igandera irekia da, 10:30etik 19:00ak arte. Akelarreak egiten omen ziren kobazuloaren bisita libreak 45 minutu eta ordu bat bitarte irauten du, guti gorabehera. Sei euro da sarrera arrunta, eta, bi euro gutxiago, lau euro, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Sartzea prezio berezian da elbarrientzat, familia handientzat eta taldeentzat. Bisita librea da, baina panel informatiboak daude.

Horrez gain, sorginen historiaren ezagutza sakontzeko, Sorginen Museoa ere bada herrian; XVII. mendean izan zen Inkisizioaren historia, tokiko pertsonaia mitologikoen aurkezpena, eta sorginkeriari buruzko elezaharretan oinarritua den lekua da. Ikus-entzunezkoen, eszenografia erakargarrien eta pantaila interaktiboen bidez ezagutzen ahal da Zugarramurdiren historia famatua. 45 bat minutuko bisita da hori, eta leizearen ber prezioan da museoaren sarrera: lau euro 6-12 urtekoentzat, eta sei euro helduentzat. Asteartetik igandera irekia da, 10:30etik 19:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.