Hego Euskal Herrian hainbat lizentzia lortuta, 2019ko lehenengo hilabeteetan irrati berri batek emisioak hasiko ditu, euskara hutsean. Egitasmoaren atzean Gara egunkariaren komunikazio taldea eta Info7 daude. Horren aurretik, Info7k hamahiru urteko ibilbideari amaiera emango dio larunbatean, Urruñan (Lapurdi). Azkeneko egunetan agur bira egiten ari dira. Hala jarraituko dute aste honetan: gaur, Bergaran (Gipuzkoa), 18/98 auziaz arituko dira; bihar, Altsasuko Gurasoekin egongo dira; etzi, mugimendu feministako kideekin eta Iruñeko alkate Joseba Asironekin; eta, ostiralean, Baionan, Anaiz Funosasekin eta Mixel Berokhoirigoinekin.
Iñaki Altuna izan zen Info7ren sortzaile eta Aztibegia elkarteko aurreneko lehendakaria. Gogoratu du 2006an, irratia sortu zutenean, «hutsune handi bat» ikusi zutela: «Irrati publikoez aparte, Euskal Herria aintzat hartzen zuen proiekturik ez zegoen dialean. Horrek astinaldi bat behar zuen». Hausnarketa horri heldu zion Aztibegiak Info7rekin. «Urteotan Info7 Euskal Herriko txoko askotara iritsi da. Hala ere, nahiko genukeen baino gutxiago garatu edo zabaldu gara». Lizentziak izango dituen proiektu berriarekin FMan «modu egokiagoan» aritu ahalko direla gaineratu du. «Urrats bat egingo dugu, irrati nazionalean aurrera egiteko».
Eider Olazar Info7ko kazetari eta Aztibegia elkarteko lehendakariaren arabera, dialean 2006an zegoen eta gaur egun dagoen «desorekaz» eztabaida piztea izan da irratiaren helburuetako bat. «Horren inguruko tentsiorik ez zegoen. Arrosa irrati saretik ere bultzatu izan da eztabaida». Nabarmendu du Info7k lizentziarik ez izateak arazo teknikoak sortu izan dizkiela. «Baliabide aldetik ere muga agerikoak izan ditugu. Ezin izan dugu lantalde handiago bat izan, eta, ondorioz, ezinezkoa da 24 orduko programazio bat izatea. Gure lehentasunak albistegi zerbitzuak izan dira eta, albisteekin batera, analisiak».
Info7ren historian, era berean, garrantzi handia izan dute espezializatutako musika saioek. Programa horiek egiten aritu dira Andoni Tolosa, Jon Eskisabel, Esther Martinez, Inaxio Esnaola, Aritz Usandizaga, Rafa Cabeza eta beste hainbat. «Kalitatezko musika saioak egin dituzte urteotan», esan du Olazarrek.
Larunbatean adio, Urruñan
Info7ren bideari amaiera emateko, larunbatean irratsaio berezi bat egingo dute Urruñatik, 09:00etatik 13:00etara. Sorreran irratian lagundu zutenek parte hartuko dute. «Kolaboratzaileei eta bazkideei eskerrak eman nahi dizkiegu. Bi mila bazkide ditugu, eta horiek dira proiektuaren oinarri ekonomikoa», azaldu du Olazarrek. Musika, umorea eta bertsoak entzungo dira. Eta 13:00etan, isildu egingo da irratia. «Festa giroan bukatuko dugu. Bazkariaren ostean, La Jodederak joko du».
Altunaren irudikoz, «tristura gozo» bat sorraraziko dio larunbateko agurrak. «Ez da sentsazio txar bat izango». Olazarrek, aldiz, uste du negar asko egingo duela larunbatean: «Irratiaren hasieratik egokitu zait bertan egotea, eta nire bizitzaren parte garrantzitsu bat izan da». Igandetik aurrera, dialean ez da Info7 entzungo. Baina webgunean urteotako audio hautatuak entzun ahalko dira Perlak atalean.
Proiektu berriaren inguruan xehetasun gutxi eman dituzte. Izena, adibidez, ez dute oraindik jakinarazi. Altunak iragarri duenez, datozen hilabeteetan hasiko dituzte emisioak. «Lehen unetik ez da erabat osatua egongo. Progresiboki joango gara garatzen. Baina daukagun koberturarekin, esperientziarekin eta bildu nahi diren indarrekin, arlo publikotik aparteko euskarazko irrati garrantzitsuena sortu nahi dugu».
Proiektu berriko lantaldearen oinarri nagusia Info7koa izango da. Estudio nagusia Donostian izango du. Olazarrek, dena den, argitu du Aztibegiaren lanak ez direla bukatuko: «Hasiko gara Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan emititzen —Nafarroan, mendialdean—. Baina Nafarroan lizentziak falta diren tokietan eta Ipar Euskal Herrian emititzeko ahaleginetan jarraituko dugu».
Zubi bat irrati osatuago batera
Info7k hamahiru urteko ibilbidea amaituko du larunbatean. Lau orduko irratsaioa egingo dute Urruñan, eta gero, ospakizuna izango dute. Euskarazko irrati berria laster aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu