Zubi bat futbolari eta kulturari

Kultura eta futbola uztartuz, ekintza ugari antolatu ditu Korner jaialdiak Donostian biharko: Txillida Lekurako bisita eta Bertso Derbia, adibidez. Otsailaren 15 arte izango da.

2017. urtean egin zen Bertso Derbiaren irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Nagore Arin.
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Kultura eta futbola berriro uztartuko dira bihar hasi eta otsailaren 15era bitartean, Korner jaialdian, Donostian. Programa egiten duten hirugarren urtea da, eta Donostia Kulturaren eta Real Sociedad fundazioaren artean osatu dute egitaraua. Ernest Lluch kultur etxeak bultzatutako proiektua da: futbolaren eta arte adierazpen askoren artean egon daitezkeen erlazioak aztertzen ditu. Hala, aurten ere ekintza ugari prestatu dituzte, sorkuntza sustatzearen aldeko apustua egin, eta kulturaren eta futbolaren artean zubiak eraikitzeko.

Korner bestelako jaialdi bat da. Itxuraz harremanik ez duten bi munduren arteko topagune bat. Hori dio Jon Aizpurua Donostia Kulturako Kultur Ekintza saileko zuzendari teknikoak: «Beste lekuetan gertatzen ez den bezala, kultur etxe hau futbol estadio baten barruan dago. Orain dela hiru urte estadio horretan dagoen futbol taldearen artean eta kultur etxearen artean hartu-eman hori estutzen hasi ginen, azken finean, bizilagunak garelako. Hortik jaio zen Korner».

Debateak, zinema, literatura, antzerkia, artea eta erakusketak biltzen ditu egitarauak: talentua bikaintasunera nola iristen den, futbolaren eta poesiaren arteko harremana zein den, egungo kirol solasaldiak zertan diren, Txillida Leku bisitatu eta Eduardo Txillida Realeko atezain izan zen garaiko pasarteak zein diren... Bihartik aurrera hasiko da jaia, umorez betetako bi ekintzarekin.

Hasteko, bi bakarrizketa saio egingo dituzte. 18:00etan izango da lehena, eta jarraian bigarrena:futbolaren eta bertsolaritzaren inguruan. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai bikotea eta Zuhaitz Gurrutxaga igoko dira oholtzara, ondoren egingo den 14. Bertso Derbiaren hitzaurre gisa: Antzoki Zaharrean izango da. Aizpuruaren esanetan, bigarren aldia da Realaren eta Athleticen arteko derbiak jaiaren datekin kointziditzen duela. Hain justu, hori baliatuta egingo dute Bertso Derbia: «Beti izan du arrakasta, pike hori bertsotara eramatea gustuko du jendeak». Aurten, Maddalen Arzallus, Julio Soto, Andoni Egaña, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Xabi Paia izango dira: Arzallus, Soto eta Egaña Realaren alde eta Maia, Enbeita eta PaiaAthleticen alde.

Aizpuruaren ustetan, ez da Bertso Derbia aurtengo aldian arrakasta izango duen jarduera bakarra. Borobil Teatroak propio jaialdiarentzat eginiko antzezlan bat osatu du: El Txiringo. «Anartz Zuazuak zuzenduko du, eta Asier Sota, Joseba Apaolaza, eta Asier Hormaza izango dira aktoreak». Horrez gain, Txillida Lekurekin egin duten akordio bat ere aipatu du Aizpuruak: «Eduardo Txillida Realeko atezaina izan zen, eta, hori baliatuta, lehenengo bisita gidatu bat egingo dugu museoan. Gero, Txillida atezain izan zenekogaraiari buruz hitz egingo dugu».

Aizpuruak nabarmendu duen beste jarduera bat Bizitza futbol mundutik kanpo solasaldia da: «Gizonezkoen futboletik Imanol Agirretxe eta Mikel Alonso izango dira; emakumezkoen futbolaren mundutik, berriz, Maddi Torre eta Manu Lareo». Futboletik kanpo duten bizimoduari buruz hitz egingo dute, baita futbolak gaur egun duen oihartzunari buruz ere: «Lehenengo biek fokuetatik atera nahi dute, protagonismo horretatik ihes egin; Maddi Torre eta Manu Lareoren kasuan, berriz, xedea fokuak emakumezkoen futbolera erakartzea da».

Bihar arratsaldean hasiko daprograma, baina astelehenetik aurrera ere ekintza ugaritan parte hartu ahal izango da. Adibidez,talentuaren eta bikaintasunaren inguruko solasaldia egingo dute astelehenean Ernest Lluch kultur etxean, 19:30ean: Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria, Maria Botto aktorea, Javier Aizpurua zientzialaria eta Judith Jauregi piano jotzailea izango dira.

Larunbatera artean ere beste hainbat ekintza, antzerki eta saio prestatu dituzte antolatzaileek, eta Realaren zelaietan bidaia bat proposatzen duen erakusketa bat ere osatu dute. Atzo inauguratu zuten, eta martxoaren 14ra arte egongo da ikusgai, Ernest Lluch kultur etxean. Erakusketak Etxe txuri-urdinak izena du, eta XX. mendeaz geroztik futbol taldeak izan dituen zelaiak jasotzeaz gain, erdibidean gelditutako egitasmo ugari ere biltzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.