Pantxika Urrutiren (1955, Barkoxe, Zuberoa) bizia bozak harilkatu du: ttipitik ari izan baita kantuz, elizan, «ostatu zokoetan» eta taula gainean, pastoraletan eta Buhaminak taldean. Kasik hamar urte dira pastoraletako errejent lanetan ari dela: Andere serora Hiriburun, Karmen Etxalarkoa, eta Katalina de Erauso. Maddiren trajeria izanen du laugarrena, urriaren 15ean eta 16an emanen dute, Zugarramurdin (Nafarroa). Emazte errejenta izatea eta pastoralak Zuberoatik at muntatzea ez zaizkio dohainik atera.
Usapal bat sortu zen Barkoxen...
Gaitzeko negua izan zen, elurra bazter guzietan. Hila bezala sortu nintzen, itoa, zilbor hestea lepo inguruan. Apeza eta ene ugazaita jin ziren gauez gau ene bataiatzeko, hiltzerat abian bainintzen. Orduan hasi omen nintzen oihuka, eta apezak erran zuen: «Badut ene mezarendako kantari bat».
Geroztik, aingerua ez da isildu.
Hori da. Elizan dut ikasi kantua maitatzen eta bizpahiru bozetan ematen. Haurtzaro goxoa iragan dut: gure etxera ogiaren eta arnoaren xerka jiten ziren inguruko sei etxaldeetako haurrak. Baginen talde bikaina. Gero, Barkoxeko Gaztelondo eskolako lehen haurra izan nintzen Oloroerat [Biarno] joaten, ikasketen segitzeko. Besteek menaiu eskolan segitu zuten.
Nolaz?
Amak nahi izan zuelakoz, eta behar ere. Erakasleak ere akuilatu ninduen.
Emazteen indarra ttipitik duzu.
Ama laboraria eta aitzindaria zen. Hiru anai-arrebondako nahi izan zituen gauzak ontsa antolatu. Segida hartu zuen anaiari lagundu zion dirua eskatzen: ezohikoa.
Txori erresiñolak elizatik kanpo du janari...
Herriko bestetan ez ginen dantza egitera joaten: ostatu zokoan kantuz eta kantuz ari ginen. Hola sortu genuen Buhaminak, 2001ean. Emazteen artean maite dugulako kantatzea. Bagara 36 kide.
Aitor Renteriak egin zizun elkarrizketan aipatu zenuen emazte tonuan kantuz aritzeko beharretik sortu zenutela Buhaminak.
Ez da gizonak maite ez ditugunik, baizik eta beti egokitu beharra dugula haien bozei, eta aski.
Buhameak baitzarete?
Gure izpirituan bai. Barkoxera bizikletaz zetozen saskiak etxez etxe saltzeko ez ziren batere baztertuak; gaua pasatzen zuten gure etxean, lurrean. Beti alegera ziren. Zuberoan aditzen da: «Zu buhamea zara: beti kantuz, alegera eta dantzan». Bestazale eta kantariak gara, hortik Buhaminak.
Buhatzeko ere baliatzen zarete, ez dea hala?
Bai, barneko sentimenduak oro kanporat ateratzeko. Terapia bat bezalakoa da kantatzea.
Pastoraletako errejenta izateko tirria nondik bildua duzu?
Aspaldikoa da. 1974an izan zen pastoral bat Barkoxen [Etxahun Barkoxe], baina emazteek, orduan, ez zuten lekurik plaza andere gisa baizik: gortinak irekitzeko taula gainean. Germain Lexardoik Barkoxeko auzo bakoitzeko bi emazte sartu zituen. Gustua hartu nuen, eta ikusi nola muntatzen den pastoral bat. Geroago, 1979an, Etxahunek emazteendako bakarrik idatzitako Ximena pastoralean arizale eta antolatzaile izan nintzen. Liburuxkak egiteko poligrafo bat bagenuen, hautsi zen pieza bat, Pauerat joan ginen xerka, marrazkiak eneak ziren... zinez parte hartzailea izan zen. Berrogei bat emazte ginen. Parisetik jin izan zaizkigu galdezka ekintza feminista bat zenez, eta guk ezetz: elkarlana baizik ez zela, gizonen kontra joan gabe. Haiek bezain ontsa egin nahi genuela, lehian sartu gabe.
Iraultzailea izan zena hala ere?
Ez dugu hala sentitu. Ligin jada izan zen emazteen pastoral bat [1953an, Sainte Hélène]. Egia da satanak behar genituela, baina emazteek ez zuten dantzan aritzeko eskubiderik... Hala ere, bi trebatu ziren, eta lortu genuen.
Bertze pastoralen batean parte hartu izan duzuia?
Ez zen posible izan: Zuberoan, herritik kanpora joan bazara, ezin duzu hango pastoralean haboro parte hartu, baldin eta arizale aski bada. Gurean aski zirenez, ez ninduten onartu. Berri ona da Barkoxen jende aski izatea, baina badira manerak errateko: min emanez, edo alde onetik ikusiz. Eni erranak oso gogorrak egin zitzaizkidan, izugarri frustragarriak. Ximena-z geroztik pastoral kasik guziak ikusi izan ditut, ikusteko besteak nola ari diren. Hori bai, Gerezien denbora pastoralean [2014an] Beñat Axiarik galdegin zigun Buhaminak taldekoei parte hartzeko. Are, hiruri kargu bana eman zigun; artzaina nintzen, eta bi bertset eman nituen. Ez dut sekula halako estresik izan! Geroztik badakit zer senti daitekeen taula gainean!
Arizalea noiz egin zen errejenta?
Gai nintzenik ere! Ez nukeen sekula pentsatuko noizbait errejenta izanen nintzenik. Geroztik bai, ikusi dut gai nintzela. Jasone Salaberria 2013an etorri zitzaidan, baizik eta kostako zuberotarrek behar genuela pastoral bat muntatu. Hamar lerrotan kontatu zidan Katalina Erausoren bizia, eta gatibatu ninduen. Maite Berrogain eta Idirin, Jokin Apalategi, Salaberria eta bostok bildu ginen. Ondoko bilkuretan jende frankok erakutsi zuen nahikeria bazuela. Ez dakit zer pasatu zen ene baitan, ene burua proposatu bainuen errejent izateko! Eta denak ados, ai ama! Zer gaua pasatu nuen, begirik hetsi gabe! Zer uretan sartzen nintzen jakin gabe!
Nolakoa da errejentaren lana?
Dendari, dantza eta kantu eramaileak zuhaurek behar dituzu atzeman eta koordinatu. Sophie Larrandaburuk onartu zuen kantu eramailetza, Johañe Etxebestek dantzarena, Salaberriak dendari taldea... Xantza handia ukan dut inguruan bainituen Maitena Lapeyrade, Maddi Errezarret, Arno Izal, Patrick Calvet, Bea Calvet... Zinez ongi bizi izan dut.
Lehen gauza, hala ere, bozen eta posturen kastina egitean datza, aitortu gabe hala denik. Bertset batzuk ikasten dituzte arizale guziek, eta hor bakoitzaren bozak entzuten dituzu, lau errepikatan. Pastorala beti desafio handi bat da, apainketa eta antzerki puskarik batere gabe behar baituzu helarazi zerbait gertatzen ari dela. Boza baizik ez baituzu, eta beharbada begirada, gehienez ere makila.
Nor-nori-nork?
Kastinaren ondotik, buruhauste bat da karguen banaketa. Bozik ederrena sujetarendako da: berebiziko unea da enetako. Taula handi batean, denen argazkiak paratzen ditut, karguak, zein jelkalditan parte hartzen duten, bertset kopurua... Orain arte, uste dut ez naizela anitz tronpatu. Sentitzen baitut norberaren sentsibilitatea eta izaera zein karguri doazkion.
Taldearen kudeatzeko tresna, autoritatea?
Ez dut sekula arazorik ukan: konfiantza baitut haiengan, eta arizaleek beren gain hartzen baitute lanketa. Elkarlan baten ezaugarri guziak badira: batek gaizki edo ontsa eginez gero, besteengan eraginen du, figurantea bada ere. Elkarlotuak gara. Batengatik lerro bat ez bada xuxena, epaituko zaituzte. Zuberoan erraten da pastoral bat lerroetan ikusten dela, ez badira xuxenak itsusiak baitira. Errepiketan beti beldur naiz jendea aspertzea: erraten diet istorioa ongi irakurtzeko, jakiteko zergatik sartzen diren eta zein den xuxen horien kargua. Hola aiseago da besteen lana zein den ikustea. Ez dut sekula sekula oihurik egin; «xo!» erran, eta kito.
Emazte errejenta eta Zuberoatik at. Bi gai minbera dirudite.
Bai, hala da. Zuberotar batzuek biziki gaizki bizi dute pastorala Zuberoatik kanpo egitea. Zinez penaturik naiz haiek hori hain gaizki eramaten dutelako, jakinez ez dudala makurrik egiten. Pastoralaren kodeak errespetatzen ditut. Zuberoan beldur dira pastorala desagertuko dela kanpoan eginez gero, baina frogatu dut ezetz: autobusak antolatu ditugu kostatik harat ikustera joateko. Enetako, bada trukatzeko parada Zuberoakoen eta kanpoen artean.
Pastorala pastorala dea nonahi izanik ere?
Nik eta parte hartzaileek muntatzen ditugun pastoralak egiazkoak dira, Zuberoatik kanpo badira ere. Batzuek baitiote ezetz. Alta, errejent gisa hartzen ez nauena parte hartzaile guziak ere ehorzten ari da. Kultura behar da hedatu, aberasten baita. Gaizki ikus nezake nehork debekatuko balit jota kantatzea Iruñetik kanpo egoteagatik. Pastorala beti pastorala izanen da. Funtsean, ez da antzerki mota bat baizik, opera mota ezberdinak dauden bezala. Eta emozio mota bat transmititzean datza, hori da interesgarria taula zuzendari batendako.
Ezagupenik ezak joa zaudea?
Bai. Pastoralak den bezala behar du segitu, nahiz gehitzen ditugun gauzak dinamizatzeko, baina bizkarrezurraren, egituraren begiratzea da egiazko desafioa.
Aipatzen badugu emazteen tokia euskal kulturan, Zuberoatik kanpoko pastoralak isilduz emazte anitz baztertzen ari gara. Domaia da. Huts handia da. Sufriarazten dit, bai, jendea ez baita konbentzitzen ahal. Zergatik izanen lirateke zuberotarrak besteak baino hetsiagoak? Ez. Beharrez guti dira kontra direnak, baina min handia egin dezakete. Hori erranik, zinez kontent naiz Maite Davant baita Simone Veil pastoralaren errejenta; segur naiz zinez ontsa egiten ari dela.
Zer behar du pastoral batek pastorala izateko?
Kodeak baditu: urdinak dira sujeten aldekoak, eta gorriak kontrakoak, konparazione. Gorri bat ezin da pasatu ate urdinetik.
Badea eskulibururik?
Ikusiz eta irakurriz ikasi dut, Junes Casenave Harigile-renak adibidez. Gero, pastoralek apainketarik ez baitute, maite dute taula kanpoaz baliatzea, adibidez, adierazteko pertsonaia kanpotik jina dela.
Zein da Pantxika Urrutiren marka?
Ni aipatzean, nahi nuke parte hartzaile guziak aipatu daitezen, elkarlan handi bat baita. Gero, erran nezake entseatzen naizela dinamizatzera, erritmoa ez dadin izan aspergarria: urdinak, gorriak, dantzak eta kantuak aldizkatuz.
Bazabiltza bertze pastoral bat zuzentzen.
Maddiren trajeria da, Xaretan: Sara, Ainhoa [Lapurdi], Urdazubi,eta Zugarramurdin [Nafarroa]. Gerardo Mungia idazlearena da. 70 arizale daude, gazte andana bat: bikaina da! Urriaren 15ean eta 16an emanen da, Zugarramurdiko leizeetan. Lehen aldikoz fikzio bat da, kondaira bat, ez norbaiten historia; erran nahi baita nahi duzun maneran moldatzen ahal duzula, askatasun osoz.
Pastoralak ere batuarekin bat.
Pastoral bat da berdin-berdin, batuaz bada ere. Lehentasuna eman izan diot beti euskarari. Hiriburun [Lapurdi], hastapenean, erdaldunak arranguratzen ziren. Bukatu zelarik, haiek ditut eskertu lehenik, euskarari uzteagatik lehentasuna. Zinez inportantea zen haien portaera. Baionan ere bai. Xaretan, denak euskaldunak dira hiruzpalau salbu: ez da batere arazorik.
Proiekturik?
Pastoralak egiten segitzea dut amets. Zinez nahiko nuke eman Inesa Gaxen pastorala, Xarnegu eskualdean, okzitaniera sartuz; Henrike IV.aren garai hartan, eta nik ttipitan entzuten nuen bezala. Nozbait, bai Marga Andurain ere, jadanik idatzia baita.
Pantxika Urruti. Pastoraletako errejenta eta Buhaminak taldeko kantaria
«Zuberoatik kanpoko pastoralak isilduz, emazte anitz baztertzen ari gara»
Zilbor hestea askatu, eta kantuz eman zuen lehen hatsa. 'Maddiren trajeria' da zuzenduko duen laugarren pastorala; urrian emanen dute, Zugarramurdin. Egitura dauka pastoralaren pasaporte bakartzat, Zuberoako mugetatik at.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu