Duela mende erdi pasatxo hasi zen Hilario Arbelaitz lapiko eta su artean. Amaren bitartez ikasi zuen sukaldaritza maitatzen; tradiziotik abiatu eta euskal sukaldaritza modernoago bat sortzen lagundu du gaurdaino. Betiere, «sustraiak gogoratuz». Arbelaitzek eta haren familiak Oiartzungo (Gipuzkoa) Zuberoa jatetxea izan dute ogibide urte horietan guztietan; ordea, iritsi zaie ixteko garaia. 71 urte bete zituen Arbelaitzek iragan maiatzean, eta erretiroa hartuko du aurki.
Abenduaren 30ean: egun horretan bertan zerbitzatuko dituzte Zuberoa jatetxean azken otorduak. Azkar ibili direnek lortu dute abendura arteko erreserbaren bat lortzea, baina jada ez dago aulkirik libre.
Familia negozioa da Zuberoa jatetxea. Taberna txiki bat bezala hasi zen, eta apurka-apurka handituz joan. Erretegia ere izan zen, jatetxe bihurtu aurretik. Arbelaitz ikasketak egiten ari zela, haren aita hil eta baserrira itzuli behar izan zuen, amaren albora, sukaldera. 50 urtetik gora igaro dira ordutik. Sukaldariaren bi anaiak ere, Eusebio eta Jose Mari Arbelaitz, bertan izan dira, bata jantokian eta bestea sukaldean.
Gelditu eziniko ibilbidea izan da Zuberoarena. Bi Michelin izar ere izan zituen —duela hamar urte pasa bat galdu zuen, baina haien esentziarekin jarraitu zuten arbelaitztarrek, harro—. Orain, airean da zein izango den jatetxearen etorkizuna, tartean eskaintza batzuk izan badituzte ere.