Renoko unibertsitatean (AEB) eta Parisko Sorbonne-Nouvelle unibertsitatean euskararen inguruan ikertzen ibili izan da Argitxu Camus (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1980). Zubererari buruzko hitzaldi bat emango du gaur, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, 19:00etan.
Nolakoa da zubereraren egoera gaur egun?
Hizkuntzaren egoera ulertzeko, beharrezkoa da hizkuntzaren egoera ekonomiko eta kulturala nolakoa den aztertzea. Izan ere, zuberera bazter hizkera bat da.
Zer esan nahi duzu zubereraren egoera ekonomikoaz ari zarenean?
Zuberoaren zatirik handiena hiri handietatik urrun dago, nekazaritza eremuetan. Baina orain gazteak hirietara edo beste herri batzuetara joaten dira, eta geroz eta zuberotar gutxiago dago Zuberoan. Beraz, hori esan nahi dut: egoera ekonomiko eta sozialak nabarmen eragiten duela hizkuntzaren egoeran.
Zer erronka dauzka hizkerak gaur egun?
Batetik, Euskal Herriaren bazter batean dagoela, eta gainera populazio gutxi daukan leku batean. Bestetik, batutik urrunen dagoen euskalkia da, eta egoera diglosiko batean dago. Hau da, bi hizkuntza daudela leku berean, euskara eta frantsesa, eta frantsesak gain hartzen diola euskarari.
Nolakoa izan da frantsesak zubereran izan duen eragina?
Eragin nabarmena izan du, bistan denez. Baina, horrez gain, Biarnok ere muga egiten du Zuberoarekin, eta bertan gaskoia edo biarnesa mintzatu izan da tradizionalki, orain galtzen ari dena. Zubererak hizkuntza horretatik ere mailegu ugari hartu izan ditu mendeetan zehar.
Zenbat hiztun dauzka gaur egun zubererak?
Azken inkestek Zuberoa eta Nafarroa Beherea elkartzen dituzte datuak ateratzeko orduan, eta, horren arabera, biztanleen erdiak mintzatzen dute, gutxi gorabehera. Zuberoa historikoan 15.000 biztanle gara, eta, inkesten arabera, 8.000 lagun inguruk mintzatuko lukete.
Badago ezberdintasunik adinari dagokionez?
Bai. Adin tarte zaharragoek daukate portzentaia handiagoa. Beraz, gazteetan hobekuntzak dauden arren, oraindik bada lan egiteko zerbait.
Zeintzuk dira gainbeheraren arrazoiak?
Gehienbat, etxeko transmisioa, familietakoa, ez dela egin azken mendeetan. Gelditu egin da.
Aipatu duzu zuberera bazterreko hizkera bat dela. Zer ondorio izan ditu horrek hizkuntzaren egoeran?
Bazter hizkera bat izateak oso interesgarria den zerbait ekartzen digu: historian zehar molde zahar batzuk atxiki dituela, linguistek berezitasun arkaiko bezala izendatzen dituztenak. Baina, aldi berean, euskara ez den beste hizkuntza batzuekin nahastu denez, horrek berrikuntza batzuk ere ekarri dizkio.
Zeintzuk dira berezitasun arkaiko horiek?
Adibidez, h letra ahoskatzea. Hau da, h hizkia beste lekuetan baino gehiago ahoskatzen dugu. Eta badira ere h batzuk ez direnak idazten, baina guk ahoskatzen ditugunak, eta beste leku batzuetan ere lehen ahoskatzen ziren arren, orain galdu direnak.
Hizkerak kultura jakin bat dakar berarekin?
Agian mitoari jarraitzen dion zerbait da, baina uste dut zuberotarrentzat oso garrantzitsua dela kantua. Gainera, kanpokoek ere esaten dute zubereraz hitz egiten dugunean ere abesten dugula, badelako hor ahoskera oso berezi bat. Azentu tonikoa beste leku batzuetan jartzen ez den tokian jartzen dugu, azken aurreko silaban. Beraz, esan daiteke kantatzen dugula zubereraz mintzo garenean, kar-kar.
Badago egitasmorik zuberera biziberritzeko?
Bai. Azken urteetan joera bat egon da, hizkuntzaren egoeraz ohartu, eta bultzada bat emateko. Instituzioek ere argi diote hizkuntza salbatu behar dela. Baina lan handia dago hor: oraindik ere zuberotarra mintzo dutenen gehiengoa, adin tarte zaharragoetakoa da.
ATZEKOZ AURRERA. Argitxu Camus. Ikertzailea
«Zuberera bazterreko hizkera bat da»
Zubererak izan duen gainbehera ulertzeko, alde ekonomikoari eta sozialari begiratu behar zaio, Camusek dioenez. Gazteengan hizkuntza bultzatzearen garrantziaz ere ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu