Osasuna. Sexologia

Zu barik

2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Zelangoak diren gauzak! Orain dela aste pare bat baneukan pentsatuta zeri buruz egingo nuen artikulua, eta orain dela gutxi jakin dut hau izango dela nire azken tartea zuekin. Hamar urte pasatu dira, eta, denoi gertatzen zaigun moduan, BERRIAri ere aldaketak ezinbestekoak zaizkio. Aukera paregabeahazteko eta aurrera egiteko.

Bikote harremanetan ere, ia ezinezkoa da haztea krisirik gabe. Mota askotako krisiak izaten dira: batzuetan, norberarenak baino ez dira, baina, hala ere, eragina daukate bikote sisteman; besteetan, harremana bera dago krisian…

Dena den, aldaketak beharrezkoak bezain beldurgarriak bihurtzen dira. Bidaia horretan irtenbide asko daude. Batzuetan, bikotekideek aurrera egiten dute elkarrekin, euren burua eta harremana indartuz. Besteetan, aldiz, bakoitzak bere bidea hartzen du. Hori ere izan liteke aukera aberasgarri bat. Ez soilik geure buruarentzat, baita bikotekide ohien artean bestelako harremana sortzeko ere. Azken hori oso komenigarria da jorratzeko, batez ere gurasoentzat. Izan ere, bikote sistema banatu ahal da, baina guraso taldea banaezina da.

Banatzeko erabakia ez da batere erraza izaten, bide anitz izaten dira erabaki hori hartzera eramaten gaituztenak. Eta bidearen geltoki horretara heldu orduko, lanean ikusten dudanagatik,gehienetan bakoitza bere modurasaiatu izan da bikote sistemari aukera bat ematen. Elkarrekin egiteko bidea ezinezkoa bihurtu arte.

Bidea luzea ere bada, erabakia hartzen denetik eta gauzatzen den arte hainbat gorabehera gertatzen direlako, kontraesanez beterik, eta batzuetan erabakia bera kolokan jartzen duten egoerak sortzen direlako. Maitasun sentimenduak ez dira kentzen banatuta ere; batzuetan, betiko bikote garela sentitzen dugu. Bakarrik geratzearen beldur izateak kikiltzen gaitu; horrenbeste urteren poderioz eraikitakoa zapuztearen frustrazioak presioa jartzen du gure gainean: inoiz kapaz izango ote garen beste harreman bat izateko, txortaldirik gozoenak gertatzen dira eta zoratzen gaituzte…

Bikote sistema, familia sistema moduan, ez da sistemarik perfektuena, kideok ez garelako perfektuak. Baina bada sistema bat non argi eta garbi ikusten dugun geure burua oso ondo islatuta. Gure gabeziak eta gure altxorrak denak agerian geratzen dira. Guretzat ez badago oso argi, gure lagunarentzat bai. Gure bikotekideak ondo baino hobeto ezagutzen gaituelako, eta guk bera ere bai!

Bikote sistema gradu handiko ikasketa afektiboak egiteko unibertsitatea bihurtzen da: elkarbizitza, negoziazioak, kontratuak, nire-zure familia/gure familia, dirua, umeen hazkuntza-hezkuntza, aisialdia, pasioak, laguna, lana…

Elkarri agur esaten diogunean, harremanean ordura arte ezarriak genituen dinamikekin jarraitzen dugu, ezin baitira apurtu hain arin, egun batetik aurrera ez garelako elkarrekin bizi eta epaile batek apurtzearen hitzarmena sinatu duelako.

Urruntzen garenean ere aukera paregabea daukagu aberasteko, jakiteko ea zergatik jausten garen leku berberetan, ea zertarako esaten ditugun antzeko gauzak, ea zer irabazten dugun emozionalki egoera konkretu batetik egoera bera ez aldatzeko…

Geure burua sendotzeko, indartzeko, maitatzeko, ezagutzeko eta beste, ezinbestekoa da gure egoeraren pisu guztia bikotekide ohiaren gainean ipini beharrean geure buruan ere ipintzea.

Baina, horretarako, biktimaren edota erruaren tokitik kanpora jarri behar dugu, leku horiek ez digutelako laguntzen geure burua benetan ulertzen, are gutxiago aldatzen. Geure burua goxotasunez begira dezagun, ume eder bat ikusiko bagenu moduan.

Bizitzak aukera asko ematen dizkigu ikasteko, datorrenak beti dakarkigu ikasgai bat gu hobeto egoteko. Aprobetxa dezagun aukera hori, eta seguru etekina aterako diogula!

Erronka gozagarria izan da zuek beste aldean izatea. Zuek barik ez zuelako merezi nik idaztea. Eskerrik asko denoi hor izateagatik. Gozatu, eta ahal den neurrian gozarazi, lagunok!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.