Bihotzak hiru eta garroak zortzi. Sentitzeko eta amets egiteko gaitasuna. Azalaren bidez dastatzekoa. Inguruaren kolorez janztekoa. Nahi beste luzatu eta uzkurtzekoa. Inteligentzia eta memoria. Denak dira olagarroaren ezaugarriak. Ornogaberik azkarrena izatea da haren dohaina, eta ornogaberik goxoenetakoa izatea da haren patua.
Eskaintza baino nabarmen handiagoa da eskaria. Gehiegizko arrantzak agortu egin du toki askotan, eta ahogozagarri ahitu eta garestia bihurtu da. Espainian, 30.000 tona olagarro kontsumitzen dira urtean, eta %20 baino ez da bertakoa. Munduan, 350.000 tona olagarro arrantzatzen dira urtean, eta ez da nahikoa eskariarentzat. Txina, Japonia eta Galizia dira merkatuko liderrak, eta horregatik egin du urratsa Galiziako Nueva Pescanova enpresak: munduko lehen olagarro haztegia irekiko du Kanarietan (Espainia), Las Palmasko portuan —izapide administratiboak falta dira dena abian jartzeko—.
Zergatik orain? Hogei urte baino gehiagoko lanaren ostean, Espainiako Ozeanografia Institutuko ikerlariek lortu dutelako olagarroaren zikloa ixtea. Fase goiztiarrenean, larbaren fasean gelditzen zen trabatuta orain arte, baina lortu dute hori gainditzea eta fase guztiak kontrolatzea. Olagarroaren akuikulturari ateak ireki dizkio horrek, eta haztegi erraldoi bat egitera doaz.
BBC kateak aurreratu zituen datuak martxoan, enpresak Kanarietako Gobernuari bidalitako dokumentuak lortu baitzituen. Laburtuta: Octopus vulgaris espezieko olagarroak haziko dituzte Kanarietan, 1.000 tangatan sartuta nahasian, portuko bi solairuko eraikin batean, eta argipean. Helburua: urtean 3.000 tona olagarro ekoiztea; alegia, urtean milioi bat olagarro haztea.
«Izugarrikeria bat», elkarte ekologisten iritziz. PETA elkarteak duela urtebete abiatu zuen «makro haztegi» horren kontrako kanpaina, eta Eurogroup for Animals eta Compassion in World Farming elkarteek txosten batean bildu dituzte proiektuaren kontrako argudioak. Besteak beste, diote olagarroak animalia bakartiak direla, eta tangetan pilatuta oldarkor eta kanibal bihurtuko direla. 24 orduz argipean izango dituztela, hain justu, naturan ilunpean egoten direnean. Izotz uretan sakrifikatuko dituztela, aurretik burtzoratu gabe, haien beldurra eta mina areagotuz. Pentsuarekin elikatuko dituztela, eta pentsu hori lortzeko milaka antxoa, sardina eta berdel hil beharko dituztela. Ez direla neurtu haztegiaren hondakinek ingurumenean sortuko duten kaltea, eta ezta olagarroek haztegian harrapatu ditzaketen gaixotasunena ere.
«Olagarroak haztea ez da jasangarria, eta krudela da. Zientzialariek berretsi dute sentitzen duten animaliak direla, eta ezinezkoa dela haiek haztea euren ongizatea kolokan jarri gabe. Konfinatuta izango dituzte, erarik miserableenean», azaldu du gordin Mimi Bekhechik, PETAren Europako eta Australiako presidenteordeak: «Espainian ez dago gaur egun olagarroen ongizatea bermatzen duen legedirik, erabat babesgabe daude, eskrupulurik gabeko espekulatzaileen esku. Edozein baldintzatan eduki ditzakete. Europako Batasunak baditu legeak etxalde eta haztegietan dauden animalientzat, baina ez olagarroen moduko ornogabeentzat».
Akuikulturari kritikak
Nueva Pescanova enpresak 45 milioi euroko inbertsioa egin asmo du proiektu horretan. Talde ekologistek egindako kritikak ukatu dituzte, eta, hain zuzen, nabarmendu du euren erronkarik handiena dela «olagarroen ongizatea bermatzea». Europako Batasuneko legedia «errespetatuz» ari direla diote, 380.000 tona olagarro kontsumitzen direla urtean munduan, haren arrantza agortzen ari dela, eta akuikultura dela «irtenbidea».
Ez da iritzi berekoa Bekhechi. Akuikultura arrainentzat eta ingurumenarentzat «suntsitzailea» dela dio, gehiegizko arrantza itsasoak «husten» ari dela, baina konponbidea ez dela haztegi «industrial, zikin, superpopulatu eta gaixotasunez beteak» sortzea. «Akuikulturak berak bultzatzen du gehiegizko arrantza. Naturan arrantzatzen denaren laurdena haztegi industrial horietako arrainei jaten emateko erabiltzen da. Izokin bakar bat elikatzeko, 350 arrain arrantzatu behar dira. Beharrezkoa ez den sufrimendua eragiten zaie guztiei», argudiatu du Bekhechik.
Eta garbi dauka konponbidea zein den: «Halakoak jateari uztea. Badago aukera arrain beganoa kontsumitzeko, ekologikoa, eta krudelkeriarik gabea».
Amalia Martinez de Murgiak «ulertzen» ditu ekologisten kezkak eta kritikak. Donostiako Aquariumeko Biologia eta Ikerketa Saileko koordinatzailea da, eta biologian doktorea. «Pilatuta haziko dituztela? Ziurrenik inoiz ez dugu jakingo nola haziko dituzten, baina pentsatu nahi dut gauzak ongi egingo dituztela oraingoan, zeren orain arte egon direnak gizentze haztegiak baino ez ziren. Zikloa itxi izana beste kontu bat da».
Zientziaren ikuspuntutik «sekulako lorpena» dela dio Martinez de Murgiak. «Hamarkada askotako ikerketa lana izan da. Ikerlari askoren lana dago atzean. Mundu guztiak nahi zuen ziklo hori itxi, badelako hazteko aukerak ematen dituen animalia bat: azkar hazten delako, sekulako eskaria dagoelako, eta milaka arrautza jartzen dituelako. Aquariumean izan ditugu errunaldiak, baina larbaren fasea kontrolatzea eta haztea, duela oso gutxi lortu da hori».
Olagarro bakarra dute une honetan Aquariumean, eta Martinez de Murgiak dio ez duela arazo berezirik sortzen itxian hazteko. Animalia «ederrak» direla dio: «Kutunak, inteligenteak eta naturaren harribitxiak».
Euskal akuikultura
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak badu txosten bat egina: Euskal Akuikultura Plan Estrategikoa 2030. Datuak esanguratsuak dira: Europako Batasuneko akuikultura ekoizpena 1.365.112 tonakoa izan zen 2018an, Espainia da gehien ekoitzi zuena (347.825 tona), eta Frantzia hirugarrena (185.650 tona). Muskuilua, izokina, urraburua, lupia eta amuarrain ostadarra dira espezie nagusiak. Galizian kontsumitzen dute arrain gehien (29,63 kilo pertsonako urtean), eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa datoz ondoren (28,52 kilo). Une honetan akuikulturarako baimena indarrean daukaten bost euskal enpresa daudela dio Jaurlaritzak.
«Zoritxarrez, sektorea ez dago indartuta», azaldu du Jaurlaritzako Arrantzaren eta Akuikulturaren Antolamendu eta Plangintzako arduradun Koldo Arresek. Haztegi garrantzitsuek itxi egin zuten: Culmanor, Orrua... eta Aztiko zientzialari eta ikerlarien bidez ari dira proiektu berriak garatzen: «Ikusi dugu espezie berriak, txikiak, balio erantsi bat dutenak haztea egokiagoa dela», azaldu du Arresek. Korrokoiaren (Mugil cephalus) zikloa itxi nahian dabiltza, eta arrain apaingarrien (Symphysodon discus) proiektu bat ere badute Trapagaranen (Bizkaia). «Garbi dago akuikultura dela apustua. Europatik datozen aginduak eta laguntzak ere bide horretan doaz. Baina argi daukagu ere akuikultura jasangarriaz ari garela, eta jarduera estentsiboaz».