Amaia Goikoetxea. Kazetarien Euskal Elkargoko dekanoa

«Zorroztasuna funtsezkoa da kazetaritzan»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kazetarien elkargoko dekano eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidente izendatu dute Goikoetxea. Dioenez, kazetariek baldintza onak behar dituzte.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Kazetaritzan eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da Amaia Goikoetxea (Bilbo, 1958). SER irratian hasi zuen kazetari ibilbidea. Oposizioak gaindituta, Eusko Jaurlaritzan hasi zen lanean—han aritu da urte luzez, eta han ari da egun—. BERRIAren euskarazko galderei gaztelaniaz erantzun die, telefonoz.

Ilusioz hartu duzu izendapena?

Bai, iruditzen baitzait talde oso indartsua daukagula. Eroso sentitzen naiz alboan dudan jendearekin. Bokazio handiko kazetariak gara elkartean gaudenak, gehienak emakumezkoak. Pozik nago. Orain iritsi da pauso bat aurrera emateko garaia. Ni naiz dekanoa, baina ez nuke nahi agintaldia presidentzialista izatea.

Ez da garai gozoa kazetaritzarentzat, ezta?

Ez, garai zaila da, ez bakarrik osasun larrialdiagatik. Kazetaritzak arazo larriak ditu. Guk gure aletxoa jarri nahiko genuke ogibidearen defentsan. Kazetaritza funtsezkoa da, eta kazetaritza ona behar dugu. Gure herritik egin behar dugu hori, Euskaditik. Gure eremua Euskadi da, eta konplizitateak eraiki behar ditugu beste elkarte batzuekin.

Zer aldaketa nagusi egin nahiko zenituzke elkargoan?

Azkeneko urteetan, lan interesgarria egin da elkargoan, ez gara ezerezetik iritsi. Kazetarien komunitatean giharra falta da, artikulaziorik eza dago, eta erremedioa jarri behar zaio horri. Euskal Kazetariak sarien banaketan elkartu ohi gara, baina urtean behin biltzea baino harago joan behar du kontuak. Elkargoko nire lan hau boluntarioa da. Bilbon dugu egoitza, eta Arabako eta Gipuzkoako gizarteetan gehiago murgildu beharko genuke.

Zer harreman duzue Iparraldeko eta Nafarroako kazetariekin?

Iparraldekoekin orain arte batere ez. Nafarroakoekin badugu harremana, Espainia osoko erkidegoetako elkargoen sare bat osatu delako. Sare horretakoak Madrilera joan ginen, alderdi politikoekin elkartu, eta eskatu genien kazetari elkargoen kontseilu orokor bat sortzeko. Baina gobernua aldatu zen, eta gaia geldirik dago,

Kargua hartu eta berehala idatzi duzu agurra. Kazetaritza pedagogia aipatu duzu. Nolako pedagogia sustatu nahi duzu?

Unibertsitateko Kazetaritza Fakultatean galdetu dut ea ikasleei azaltzen dieten kazetariok antolatu egin behar dugula. Eremu askotan, kazetari lana epaitzen aritzen dira, eta beste ogibide batzuekin ez da hori gertatzen. Elkargoa ez da sindikatu bat, baina elkargook kazetaritzaren zaindari izan behar dugu. Kazetaritzaren garrantzia aldarrikatzeko gaude, eta kazetariak baldintza onetan eta askatasunez lan egin dezaten aritu behar dugu. Hortaz, fakultateetako pedagogia oso garrantzitsua da. Demokraziek kazetaritza indartsua behar dute. Gizarteak behar gaitu.

Gizarteko taldeekin ere elkarlanean arituko zarete?

Bai, aspalditik gabiltza horretan. Kazetariok ordezkatuta egon behar dugu gizarteko beste eremuetan. Bestetik, elkargoan batzorde batzuk sortuko ditugu, eta horiek zabalik egongo dira kazetaritza ikasleentzat ere. Modu zabal eta eraikitzailean aritu nahi dugu.

Eskuin muturreko gorroto mezuei eta zabaldu ohi diren albiste faltsuei dagokienez, zer hausnarketa egiten duzu?

Teknologia berrien eta sare sozialen eraginez, informazio gehiegi dago, eta sarri informazioa ez zaio egoki ematen herritarrei. Zorroztasuna funtsezkoa da kazetaritzan eta kazetarien artean. Foro gehiago behar ditugu eztabaidarako, eta gezurrei aurre egiteko.

SOS Arrazakeria elkarteak ondorioztatu du sare sozialek eragina dutela etorkinen egunerokoan, adibidez.

Ikastetxeetan ere oinarrizko lan bat egin beharko litzateke. Kazetariok ikastetxeetara joan beharko genuke komunikazioaz hitz egitera. Gazteek kazetari lana ezagutu behar dute, eta ez dute edozerekin konformatu behar. Sarean lan egin behar da .

Lan horretan aritu ohi dira ikus-entzunezko kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoak behar al luke halako kontseilu bat?

Ez dakit. Esan dezaket oinarrizkoa dela kazetari elkargoa ordezkatuta egotea EITBren administrazio kontseiluan. Beste erakunde batzuetan ere egon beharko genuke. Ez dugu merezi kazetaritzak duen prestigio falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.