Gasteizko Plaza Berriko kanpoko kantoian, kalezulo baten amaieran dago Angel Ferreiro aiztogile eta zorrotzailearen denda. Eraikina ez da mende honetakoa, hori argi geratzen da gorriz tindatutako egurrezko fatxada ikustean. Taberna klasiko baten itxura badauka ere, alboko erakusleihoetako ezpata, labana eta tankerako objektu zorrotzek barruan aurkituko dutenaren pistak ematen dizkiete bezeroei. Dendan sartu, eta salmahai txiki bat dago. Hortxe hartzen ditu bezeroak Ferreirok, dendako aizkora, aizto eta ezpata ugariz inguratuta. Kontuz mugitu behar da barruan, ez ziztatzeko.

Saltokiaren ondoan dauka tailerra. Bien arteko lotura bi metroko korridore estu bat da. Horren amaieran, piezak sortzeko eremua dago: tresnaz, makinaz, egurrez eta askotariko metalez betetako espazioa. Kaos nahasgarria da nagusi, baina Ferreiroren eskuetan ordena, diziplina eta artea bihurtzen da dena, lau belaunaldik etengabeko artisautza lanaren bidez eraiki duten tailerrean.
Arabako azken artisauetako bat da Ferreiro. Bere denda da Gasteizen gelditzen diren «bitxi komertzial preziatuenetako bat», Gasteizko Udalak hala izendatua. Rodrigo Ferreirok, Angel Ferreiroren birraitonak, duela 135 urte ireki zuen saltokia, Galiziatik Gasteizera emigratu ondoren. Lau belaunaldi pasatu dira bertatik, baina urte gutxi barru ateak itxiko ditu, ez baitu erreleborik izango. «Azken mohikanoak gara, bai Euskal Herrian, bai munduan», esan du Ferreirok, irribarre goibel batekin.
Gasteizkoa ez da bakarra, beste lagun mohikano bat dauka Ferreirok Nafarroan. Alde Zaharrean dago Iruñeko aiztogintza eta zorrotzaile denda zaharrenetako bat; 122 urteko historia du. Hiriaren bihotzean, Santo Domingo azokatik oso metro gutxira, Mañueta kaleko 18. zenbakian dago Caneda aiztogintza saltokia. «1912tik, ariastarren garaitik, aiztogile gisa dago irekita. Iruñeko Alde Zaharreko historiaren parte da», azaldu du Juan Carlos Canedak, egungo jabeak.

Aiztogintzan lan egiten duen familiako hirugarren belaunaldia da Juan Carlos Canedarena. Maximino Arias 1903an hasi zen zorrotzaile gisa. Hil ondoren, Eladio Arias arduratu zen negozioaz. Aitona Ramon Canedak hartu zuen eskuordetzan, 1938an. Gero semeak jarauntsi —Ramon izena zuen hark ere—, eta orain Juan Carlos biloba da burua, 1978tik. Ferreirok ez bezala, Canedak dagoeneko abisatu du erretiro eguna. «Jendeak egonkortasuna nahi du: lanaldi finkoa, oporrak... Baina lanbide honek sakrifizioa eskatzen du. Irailean erretiratuko naiz, eta ez dago erreleborik. Ez dago modurik, eta nik itxitakoan amaituko da hau guztia», adierazi du konbentzituta. Ferreirok ere abisatu du erretiroa hartzeko urte gutxi geratzen zaizkiola. Badirudi ofizioa eta atzean dagoen jakinduria galtzera kondenatuak daudela.
Ez da lehengoa
Betiko kopla da: «Ogibidea galtzen ari da, ez dugu erreleborik». Garaiotan, maiz errepikatzen da esaldi hori, saltoki tradizionalak bata bestearen atzetik ixten ari diren honetan. Artisau lanbideek gero eta leku txikiagoa dute merkatuan, industria masiboak eta kontsumo azkarreko joerek baztertu egiten dituztelako. Gero eta zailagoa da labanak zorrozten dituzten profesionalak aurkitzea; are zailagoa, metala eskuz landu eta labanei forma emateko antzinako teknikak menderatzen dituzten aiztogileak topatzea.
Duela ez hainbeste, espezializazio handiko ofizio horiek funtsezkoak ziren eguneroko bizitzan, baina oso bestelakoa da egungo paradigma. Marka ospetsuek, fabrikazio industrialak eta erabilera bakarreko produktuek lan horiek baztertzea eragin dute. Haatik, oraindik badira beren lanbidearekiko pasioa eta konpromisoa duten artisauak, eta horien esku trebeek belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakinduria gordetzen dute.
Erosketa konpultsiboek eta merkataritza gune handiek inbaditutako garaietan, bi artisauek sutsuki defendatu dute haien lan tradizionalaren garrantzia. «Jendeak Interneten erosten du, baina benetako aholkurik gabe. Hemen bezeroak zer behar duen azaltzen digu, eta bere beharretara egokitutako tresna bat eskaintzen diogu. Eta zer esan kalitateaz; bizitza osorako izaten da gure produktua», azaldu du Canedak. «Mimoz» egiten dute lana Ferreiroren ustez: «Urteetako esperientziarekin, eta, batez ere, merezitako denbora eskainiz».

Artisautza betidanik izan da bien ofizioaren funtsa, baina Ferreiro da fabrikatzen duen bakarra. Altzairu karbonodun aiztoak egiten ditu, kalitate eta iraunkortasun handikoak: «Nik egiten ditudan aiztoek 60ko gogortasuna dute rockwell neurgailuan, eta egurrezko heldulekuak dituzte, plastikorik gabeak», azaldu du. Kalitatezko tresnak beharrezkoak dira oraindik, baina gero eta jende gutxiagok estimatzen du ofizioa. «Noizbait jendeak kalitatea hobetsiko du berriz, baina ez gara hemen egongo irakasteko».
Dena dela, zorrozte lana nagusitzen da gasteiztarraren eguneroko lanetan: «Egunero erabiltzen diren guraizeak eta aiztoak zorroztu ditut gehien. Jatetxeetan erabiltzen dituzten labanak ere ekartzen dizkidate, baita kozinatzeko materiala zaintzea gustatzen zaien norbanakoen tresnak ere. Sektorean gutxi garelako daukagu lana», azaldu du Ferreirok.
Denetik zorroztea tokatu zaie biei. Ferreirori zorroztea tokatu zaion gauzarik «arraroenen» artean daude «ardiei puntuak kentzeko guraize bereziak, orraziak eta ilea mozteko hortzak edo material kirurgikoa». Aitzitik, Canedari askotan egiten zizkioten halako enkarguak, lehen behintzat. Maiatz inguruan, ardien orraziak eta abenduko hilketetarako labana bereziak zorrozten zituen, baina ziurtatu du orain lan mota horiek galduta daudela: «Martxo-apiriletik aurrera hasten zen, eguraldiaren arabera, ekainera arte. Lehen, artalde txikiak izaten ziren, eta artzain bakoitzak mozten zien ilea bere ardiei. Orain, artaldeak handiagoak dira, eta ardi moztaileak kontratatzen dituzte. Gauza horiek guztiak aldatuz joan dira», penatu da Caneda.

Berpiztu ala desagertu?
Beste hainbesterekin gertatu den bezala, ia desagertzera kondenatutako lanbidea da zorrotzaileena. «Angel Ferreirok eskuz egina, Ferreiro familian lau belaunaldiz oinordetzan jaso eta sortutako teknikarekin», irakur daiteke labana txiki batek eusten duen egurrezko kutxa irekian. Bezero gutxi batzuk ohartzen dira horrelako xehetasunez.
Ferreiroren hitzetan, prezioaren gainetik kalitatea hobesten dutenek eusten diote artisauen lanari, haien tresnek erabilgarritasuna eta iraupena lehenesten baitituzte. «Pobreak gara; beraz, garesti erosi behar izaten dugu». Aitak esaten ziona oroitu du Ferreirok: «Iraupenak egiten du produktua merke eta ez beti prezioak». Duela hogei urte zeuzkanak baino gutxiago badira ere, oraindik baditu halako bezeroak Canedak. Esaten diote «eusteko», baina, halabeharrez, haien denbora agortzen ari dela erantzuten die berak.
Lanbidea desagertzeko arriskuan egon arren, bada oraindik bere esentziari bizirik eusten dionik, tradizioari eta eskuz egindako lanari leial jarraituz. Ferreirok sumatu du badagoela kalitatezko tresnen balioa nabarmentzeko joera ere: «Zenbait esparrutan, berriz hasi dira artisautza, material naturalak eta eskuz egindako lanak estimatzen. Baliteke itzulera hori egotea». Baina behin eta berriz egindako galdera erantzun gabe geratzen da: orduan, nork irakatsiko du ofizioa?
Ahobiko ezpata bat bezalakoa da aurrerapena; «saltzen diguten engainuzko aurrerapena bai behintzat», iritzi dio Ferreirok. Esperantzarik baldin bazen, artisauek baztertu egin dute, eta lanbidearen gainbehera berretsi dute. Bien bitartean, azken artisauak beren ofizioa gordetzeko eta transmisioari eusteko ahalegina egiten ari dira oraindik. Lanean zorrotz.