First Lego League lehiaketa Zornotzako Karmengo Ama taldeak irabazi zuen, atzo. Barakaldoko El Regato ikastetxekoak geratu ziren bigarren lekuan, eta Donostiako Axular Lizeokoak hirugarrenean. Ikasleek legoren pieza jakin batzuk erabilita robot bat diseinatu eta programatu behar izan zuten.
Zahartzearen eta Belaunaldien Arteko Elkartasunaren Europako urtea denez, zahartzaroa izan du gaitzat lehiaketak. Guztira, 33 taldek parte hartu dute aurten; 9 eta 16 urte arteko 330 ikaslek. Berrikuntza batekin: talde bakoitzean 60 urte edo gehiagoko norbaitek egon behar izan du.
Innobasque agentziak antolatu du ekintza, eta lehiaketak «sormena eta talentua» garatzeko balio duela esan du Guillermo Ulacia Innobasqueko lehendakariak, parte hartzaileek berrikuntzaren eremuan jarduten dutela argudiatuz.
Hain zuzen, zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzea du helburu First Lego Leaguek. Nazioarteko txapelketa bat da, eta atzo lehen hiru postuetan geratu zirenek Espainiako finalean parte hartu ahal izango dute. Han jakingo da Europako eta munduko txapelketara zeintzuk pasatuko diren.
Zornotzako Karmengo Amak irabazi du First Lego League txapelketa
Legoko piezekin robot bat diseinatu eta programatu behar izan dute, zahartzaroa gaitzat hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu