Inazita Olaizola, 'Maria Gabriela'. Abeslari ohia

«Zoriontsu izatea beste sekreturik ez dago bizitzan»

Aitarengatik datorkio musikarako zaletasuna Olaizolari. 1936ko gerraren ondorioz, Frantziara ihes egin behar izan zuen itsasoz. Erbestean zela, Eresoinka abesbatzako kide izan zen. Bide berri bati ekin zion handik bueltan, baina pozik bizi dela dio.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Egun batzuk barru, 99 urte beteko ditu Inazita Olaizolak (Donostia, 1919), edo Maria Gabrielak. Gasteizen bizi da egun, Hegalpe egoitzan. «Pozik eta alai» bizi dela dio. Erbestetik itzuli berritan sartu zen moja. Idiazabalen (Gipuzkoa) izan zen aurrena, eta Gasteizera lekualdatu zen ondoren. Gorputzez justu dabilela aitortu du, gurpil aulkian ibiltzen baita. Burua argi du oraindik, ordea, eta ongi gogoratzen ditu ia mende bateko bizipen eta oroitzapen guztiak. Aitortu du, halere, ez duela iraganera maiz begiratzen. «Ez dut iragana gutxiesten horrekin, ezta gutxiago ere. Beste bide bati ekin nion duela asko, eta zoriontsu naiz bide horretan». Umorea izan du bizitzaren lerro nagusitzat, eta hala erakutsi du hitz egiten hastean ere.

Zein duzu nahiago: Inazita, Inazi edo Gabriela?

Gabriela, Gabriela nahiago dut. Inazitarekin haurra naizela ematen du, txikiegi egiten nau [barrezka dio].

Donostian jaio zinen, orain ia 100 urte. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Oroitzapen ederrak ditut, egia esan. Oso zoriontsu ginen Donostian. Lau ahizpa ginen, eta harreman oso ona genuen elkarren artean. Gurasoekin ere zoriontsu ginen; familia alai bat ginen. Elizaran eskolan ikasi genuen lau ahizpok: orduko oroitzapen ederrak ditut baita ere.

Txikitatik datorkizu musikarako zaletasuna?

Bai, noski. Aita musikaria zen, eta etxean bertan jaso genuen zaletasun hori. Ahots ona nuen abesteko, halere. Sopranoa nintzen, eta lirikoa abesten nuen. Lau ahizpok ginen abeslari onak, egia esateko. Eta entzumen ona genuen laurok baita ere, musikan hori baita garrantzitsuena! Musika asko entzuten genuen etxean. Opera disko zoragarriak zituen aitak.

Eusko Abesbatzan hasi zinen abesten ondoren.

Bai, hala da. Aitak zuzentzen zuen ordu hartan Eusko Abesbatza. 14 urte nituen abesbatzan hasi nintzen garaian. Abeslari zoragarriak ezagutu nituen hari esker: Kortajarena anai-arrebak, Matilde Zabalbegoaskoa sopranoa, haren ahizpa Mirentxu... ahots ederrak zituzten denek ere. Nire bizitzako unerik ederrenetakoak igaro nituen orduan.

Zure aita, Gabriel Olaizola, musikari ezaguna izan zen. Hark gidatu eta eratu zituen hainbat abesbatza.

Musikari ona izateaz gain, opera abeslari bikaina ere bazen gure aita. Aurrezki Kutxan egiten zuen lan, baina, gu haurrak ginela, Italian eman zituen urte batzuk abesten. Txikiak ginen, eta faltan sumatzen genuen aita etxean; abesteari utzi egin behar izan zion ondorioz. Gogoan dut amari galdetzen geniola: «Amatxo, noiz etorriko da aita etxera?». Harreman estua genuen harekin, eta etxean ez egoteak pena ematen zigun. Igandeetan, Santa Maria elizako meza nagusira joaten ginenean entzuten genuen abesten. Sekulako inbidia ematen zigun. Zoragarria zen hari abesten entzutea. Donostiako orfeoira ere joaten zen. Berak erakutsi zigun txotisa dantzatzen, gainera!

Gerra etorri zen ondoren, ordea.

Ene, bada; gerra, bai... une gogorrak izan ziren haiek.

Ihes egin behar izan zenuen erbestera. Orduko zein oroitzapen dituzu?

Frantziara ihes egin behar izan genuen. Bilbon hartu genuen Habana itsasontzia errefuxiatu talde batekin, eta Saint Sulpice la Pointe herrira joan ginen, Tolosa albora, Frantziara. Soinean genuenarekin ihes egin behar izan genuen, ezer hartzeko tarterik ere ez genuen izan ia-ia. Eskuzabalik hartu gintuzten Frantzian, halere, eta berehala egin ginen herriaren jabe. Herriko erreginak ginen, pentsa! Zoragarria zen jendea, langileak ziren oso, eta jatorrak. Oso adeitsuak izan ziren gurekin.

Ama eta ahizpekin joan zinen, ordea. Aita Euskal Herrian geratu zen.

Hasiera batean, aita Euskal Herrian geratu zen, eta ama eta lau ahizpok joan ginen. Ihes egiteko laguntza eskatzen zioten askok gure aitari, eta Frantziarako bidaian laguntzen zien. Bidaia asko egin zituen hala. Bi urte inguru egin genituen erbestean. Gehiago ere bai agian, hainbat irteera egin genituen gerora eta.

Erbestean zinetela, aitak Jose Antonio Agirre lehendakariaren eskari bat jaso zuen: Eresoinka abesbatza sortzeko eskatu zion.

Hala da. Munduko abesbatzarik onena sortzeko eskatu zion Agirrek gure aitari erbestean; errefuxiatuekin, ahal izanez gero. Zerua ireki zitzaigun guztioi. Aukera zoragarria izan baitzen denontzat egoerari buelta emateko. Ez baitzen egoera erraza. 17 urte nituen ordu hartan. Argazki asko ditut gordeak, kaxoi batean, baina ez ditut maiz ikusten; gordeak ditut soilik.

Saran elkartu zineten entseatzeko, eta, hiru hilabeteren ostean, Parisen egin zenuten estreinaldia.

Bai, egia da. Saran elkartu ginen guztiok. Aitak gure bila joateko eskatu zuen. Sarako herria adeitsua zela gogoratzen dut. Herriko plaza eder hartan jolasten ginen.

Europan zehar aritu zineten kontzertuak ematen gero, ezta?

Ea... Frantzia, Belgika, Herbehereak, Ingalaterra... Ingalaterran ginela, Erregina zoriontzera etorri zitzaigun kontzertu ostean. Goizeko emanaldiaren ostean izan zen, oker ez banago. Gizonezkoak esmokina soinean eta emakumeak dotore jantzita joaten ziren emanaldietara. Guztira ehun emanaldi baino gehiago izango ziren. Une politak izan ziren, bai.

Pepita Enbil eta Luis Mariano artista handiekin partekatu zenuen oholtza. Gauza handia da hori.

Ene, Pepita Enbil, zeinen emakume jatorra. Eskolatik ezagutzen genuen elkar. Nire ahizpa zaharraren adinekoa zen. Gerora, Eusko Abesbatzan ere elkarrekin aritu ginen. Ahots zoragarria zuen emakume hark. Luis Mariano bera ere gizon adeitsua zen; txantxazalea zen oso. Gogoan dut behin oholtzan ginela egin zidan txantxa hura: kilimak egin zizkidan, eta agertokira atera behar ez nuen momentuan aterarazi ninduen, despistatuta. Bakar-bakarrik geratu nintzen oholtzan, pentsa. Ez dut berehala ahaztuko hori. Eskerrak profesionaltasunez erantzuteko gain izan nintzela. Inork ez zidan ezer esan, halere; ongi egin nuen seinale.

Abesbatzako kideen artean harreman ona zenuten?

Bai, bizikidetza ederra izan genuen. Familia txiki bat ginen, egia esateko. Urte haietako oroitzapen ederrak ditut, ezer ez izatetik dena izatera igaro baikinen. Elkar laguntzen genuen denok. Behin baino gehiagotan, sukaldean aritzea egokitu zitzaidan niri, moldatzen nintzen eta. Menu bera izaten genuen egunero: maitasun handiz egindako arroza, txorizo apur batekin. Ez zen ezer soberan gelditzen!

Jose Antonio Agirre lehendakaria ezagutu zenuen?

Bai, noski, ezagutuko ez nuen, ba! Eresoinka sortu berritan, bazkaltzera etorri zen gurekin. Frantzian ginen orduan; Parisen izan zela uste dut. Ilusio handia egin zigun denoi. Gogoratzen dut zerbait abestu geniola, eta hunkitu egin zela. Gizon jatorra zen oso.

Esan izan duzu artearekin, abestuz eta dantzatuz, gerra egitea zela zuen egitea. Benetan uste duzu hori?

Noski. Halabeharrez alde egin genuen hemendik, baina gure esku zegoena egin genuen: gure izateko modua zein zen erakutsi genion Europari. Txoko guztietako ateak ireki zizkiguten; hori izan zen ederrena. Abesbatza zoragarria genuen, ahots bikainez osatutakoa, baina gu geu ginen, gerratik ihesi ari ginenak gehientsuenak: pertsonak, alegia.

Zenbait abesti grabatu zenituzten Eresoinkarekin. Zer sentitzen duzu horiek entzutean?

Loa-loa, Haurtxo txikia... Gogoratzen ditut abesti batzuk oraindik, bai. Zeinen ederrak diren abesti horiek, ez duzu uste? Zer sentituko dut, bada, poz handi bat, barrena betetzen didan poza. Ezin dut besterik sentitu.

Erbestetik itzuli zinenean, Donostiara itzuli zinen berriz. Zerekin egin zenuen topo?

Esango nuke garairik gogorrenak izan zirela haiek niretzat. Amarekin eta bi ahizparekin batera itzuli nintzen Donostiara. Aita ezin zen oraindik itzuli; ez zuen ezer egin, baina arriskuagatik. Beste ahizpa, berriz, Frantzian ezkondu zen, eta han geratu zen. Hemen ez zegoen ezer. Gainera, estatuko abokatu lotsagabe bat gure etxean sartu zen, eta altzari guztiak saldu zituen. Hala kontatu ziguten itzuli ginenean. Etxea hutsik geratu zen, beraz. Kalera ateratzeko ere, soinean genuenarekin ateratzen ginen.

Abesten jarraitu zenuen erbestetik itzultzean ere?

Bai, noski. Iritsi eta berehala, Donostiako San Bizente elizako abesbatzan hasi nintzen. Sariak ere jaso genituen, pentsa!

Dantza ere egiten zenuen.

Bai, dantza taldean, noski. Ballet dantza taldean dantzatzen nintzen. Baina abeslari hobea nintzen.

Moja sartu zinen ondoren, ordea. Noiz eta zergatik erabaki zenuen?

Egia esan, ez dut gogoan noiz eta nola erabaki nuen. Fededuna izan naiz beti, alaia, pailazoa ere bai tarteka, baina jainkoa alboan izan dut beti. Bizi ditudanak bizi eta gero, ez dut gehiago behar; hari eskerrak ematea baino ez zait geratzen.

Dena den, izena aldatu behar izan zenuen moja sartzerakoan, ezta?

Hala da. Gogoan dut abitu hartzea Idiazabalen egin genuela. Festa eguna izaten da, eta gurasoak eta gainerako senideak etorri ziren. Izena aldatu ziguten elizan sartu berritan, eta nik aitaren izena hartu nuen. Gogoan dut oraindik aitak lehen aldiz entzun zuenean: «Inaxita Olaizola Flaño anderea Maria Gabriela izango da aurrerantzean erlijioan». Hunkituta negarrez aritu zen aita; ez zekien ezer. Polita da gogoratzea. Haren omenez baita izena.

Inoiz inork eskertu dizu erbestean igarotako urteetan Eresoinkarekin egin zenuena?

Ez, ez dut uste; ez dut halakorik gogoan behintzat. Baina ez dut horren beharrik ere. Barrutik atera zitzaigun zerbait izan zen. Zerbaitetarako balio izan bazuen, ederki; horrekin geratzen naiz.

100 urte beteko dituzu laster. Zein da bizitza luzea izateko duzun sekretua?

Ez daukat sekreturik. Jainkoa izan dut alboan bizitza guztian zehar; nire barreneko pozaren iturri dut. Jainkoak hori nahi du, alai eta pozik bizitzea.

Hori da sekretua, agian.

Zoriontsu izatea beste sekreturik ez dago bizitzan. Zin dagit, ez da gehiago behar; jainkoak hala erakutsi digu.

Zer asmo duzu etorkizunerako?

Hemen primeran gaude, eta ez dakizu zeinen ongi pasatzen dugun. Erdi pailazoak ere bagara. Zoriontsu gara, eta jainkoak nahi duena da hori. Eman beharrekoa eman dugu, eta nahi duenean berarekin eramango gaitu. Gu prest gaude; zoriontsu gara bitartean.

Gerratik ihes egin behar izan zenuen, eta orain beste batzuk dira gerratik ihesean datozenak. Zer sentitzen duzu irudi horiek ikustean?

Pena, izugarrizko pena. Haur txikiak dira asko, gainera. Guk zorte handia izan genuen. Erbestea kontu bat da, eta beste bat norekin elkartzen zaren erbestean zaudenean. Guk pertsona zoragarriekin egin genuen topo; beso zabalik hartu gintuzten frantsesek herri guztietan. Gerratik ihesi datozen horiek izan dezatela jainkoaren laguntza, eta guk geuk izan genuen zorte bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.