Makilen soinua goizean, eta zartaginena iluntzean. Santa Ageda bezpera zen atzo: herritar ugari aritu ziren kantuan Euskal Herriko herritan eta auzoetan. Donostian kaldereroak ere bazituzten atzo. Gros auzoan, esate baterako, giro ederraz gozatu zuten parte hartzaileek zein ikusleek. Bi hartz laguntzaile. Baita Muñalegor baserriko Rubia behorra ere, gurdiari tiraka, Jose Ramon Anzamundarainen gidaritzapean.
Saguesen zuten zita, arratsaldean, ilundu aurretik. Garaiz joan zen Txema Etxegoien —hamalau urte daramatza Groseko kaldererotan ateratzen—. «Gogokoak ditut kaldereroak. Lehen entseguetan jende gutxi agertu zen, baina gero animatu da jendea».
Kuadrilla bat bazen lehen aldiz atera zena kaldereroz jantzita. Lagun Garbiak elkarteko Rosa Simon eta Alex Villalba tartean. «Oso donostiarrak gara. Gero, Parte Zaharrean alaba dantzatzen ikustera joango naiz», aipatu zuen Simonek. Groseko elkarteen artean deialdi bat egin zuten. «Eta animatu gara», aipatu zuen Villalbak.
Jone Fernandezi eta Arantxa Sagarzazuri asko gustatzen zaie auzoko giroa. «Auzoan parte hartzeagatik gatoz hona», aipatu zuen Fernandezek. «Tradizioak ez dira galdu behar». Igande eguerdirako badute plana: iñude eta artzainak ikustera joango dira Parte Zaharrera.
Groseko kaldereroen ikusleen artean, berriz, Aitziber Portugal zegoen: «Auzokoa naiz, eta oso polita izaten da; asko gustatzen zaizkit kaldereroak. Giro ona egoten da. Haur eta helduak elkartzen dira hemen». Ekaitz Gonzalez begira zegoen kaldereroz jantzita, inor baino dotoreago. Hamabost urte daramatza kaldererotan, eta liluratzekoak ziren arropan zituen apaingarriak.
Saguestik Zurriola pasealekurantz jo zuten kaldereroek, txarangaren doinuen erritmoan, eta Gros auzoan barneratu ziren gero, Segundo Izpizua kaletik. San Frantzisko kaleko izkinan, herritar ugari ari ziren begira. Argazkiak eta bideoak ez dira faltako gaur sakelako telefonoetan: Kataluniako plazako sakelako telefonoen denda baten atean, bi emakume bideo bat grabatzen ari ziren. Halakoak, makina bat.
San Ignazio elizaren parean egin zuten lehen geldialdi luzea kaldereroek. Han aritu ziren dantzan haurrak eta helduak, baita bi hartzak ere. Gurditik jaitsi ziren, gainera, Urko Odriozola erregina eta Asier Tutor eta Iker Ezama damak dantza egitera. Kaldereroak... inauteriak iragartzera datoz.
Txofre plazan izan zuten gero kanpalekua, eta kantuan aritu ziren han. Miguel Txibitek lehen aldia zuen Groseko kaldererotan, eta «giro politaz» ari zen gozatzen. Txofretik auzoko beste kale batzuetara jarraitu zuten, espaloietan zen jendeak ere doinuekin bat egiten zuela, Artetxe Jeneralaren kalean amaitu arte.
Afalordua zen amaitu zutenerako. Hainbat musikari Parte Zaharreko beste txaranga batera joan ziren gero. Tartean, sausophonea jotzen duen Julio Gallo. «Bokata bizkor bat jan eta bagoaz Parte Zaharrera. Gaua luzea izango da».
Parte Zaharrean, jendetza
Grosen ez ezik, Txomin Enean, Amara Berrin, Amara Zaharrean, Herreran eta Egian atera ziren kaldereroak. Baina gauean zetorren tribu pilaketarik jendetsuena: Parte Zaharrean, 21:30ean atera ziren Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalekoak. Beñat Gaztelumendi erregina aurten aurrenekoz, eta damak Nerea Elustondo eta Asier Ibarguren. Hirurak bertsolariak, kantuan egin zuten mintzaldia. Jaiak denonak direla kantatu zuten, eta kaleak ere bai. «Halakoa da gure bizitza nomada: zoriona zabaltzen festatik festara».
Muñalegor baserriko (Igara auzoa) Anzamundarainek ez ditu kaldererotako lanak Grosen amaitu; datorren asteburuan, Loiola eta Antigua auzoetara joango da, Rubia behorrarekin. «Auzo askotan atera izan naiz, gazte-gaztetatik». Haren aitak ere 50 urte baino gehiago daramatza kaldererotan ateratzen. «Giro ona da kaldereroetakoa».
ATZEKOZ AURRERA
Zorion kalderero denoi
Santa Ageda bezperarekin bat egin dute Donostiako kaldereroek. Grosen urte asko daramatzaten kaldereroak eta hasiberriak aritu dira zartaginari jo eta jo, musikaren erritmoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu