Generoko film labur bat da, baina euskalduna. Oso generokoa, eta oso euskalduna. Larri dabiltza karlistak Ataunen (Gipuzkoa): abertzale ez den lehendakari bat heldu da Ajuria Enera, eta hari aurre egin ahal izateko, Tomas Zumalakarregi jenerala berpizteko formularen bila ari dira beren laborategian. Intxaurrak, mamia eta Insalus ura nahasi, Mikel Laboaren kanta bat jarri, eta listo dute ukendua. Esnatzear da berriz haien gidaria. Istripuz Idiazabalgo gazta baten gainera erori, ordea, eta ataundar guztiak zonbi bihurtuko dira ordu gutxi batzuen buruan. Hori izango da jeneralaren gudaroste berria. Hori Ataun of the dead filmaren laburpena.
Arkeologoak dira lanbidez Beñat Iturrioz eta Xabier Padin, baina baita zinemazaleak ere. Zonbizaleak. Eta Ataunen lanean zirela sortu zitzaien zonbiei buruzko film bat egiteko asmoa, hitz-aspertuan. «Dena elurtuta zegoen, eta oso paisaia ederrak ikusten genituen alde guztietan», dio Padinek. «Mundu guztiak pentsatzen duena etorri zitzaigun burura: ez dago zonbi film nahikorik, eta beste bat egin behar genuke, euskal zonbiei buruzko bat». Gidoia pentsatzen hasi, eta hala sortu zuten Zumalakarregiren berpizteari buruzko pieza.
Euskal tradizioetan sustraituriko zonbiak dira Padin eta Iturriozek sortutakoak. Filmaren une batean, adibidez, musean jolasean ageri dira haietariko lau. Albotik pasatu zaie haragi freskoa, eta haren bila korrika hastear direla, batek «hordago» esan, eta «eduki» esanda, mahaian esertzen dira bueltan. Umorez azaltzen du Padinek sekuentzia. «Euskaldunak oso euskaldunak garela irudikatu nahi genuen, baita zonbi bihurtuta ere. Partidak ez dira uzten erdibidean».
«B saileko film bat baino ez genuen egin nahi», dio Padinek, baina harrera ona izan du lanak. Zumalakarregi museora ere eraman dute kopia bat. «Broma bat dela azaldu, eta oso ongi hartu zuten. Laguntza ere eskaini ziguten». Trilogia bat egin nahi dute orain. Agirre lehendakaria banpiro izango da bigarrenean, eta Antso Handia momia azkenekoan.
Parodia eta errespetua
Parodia honetan, errespetuzkoa da, ordea, filmeko musika. «Filma ez da oso serioa, baina musikan du ukitu serioa», dio Padinek. Mikel Laboari egindako omenaldi bat da Iturrioz anaiek sortutako musika funtsean. Umorerik ez da falta, baina ederra da emaitza. Haika mutil abestiaren western bertsioa, esaterako.
Herriz herri dabiltza orain beren lana erakusten, eta Berriatuanizango dira bihar (Bizkaia), gaztetxean, 21:30ean.
Zonbi gudaroste karlista
Tomas Zumalakarregi berpiztu nahian dabiltzan karlista batzuei buruzko generoko film labur bat sortu dute Xabier Padin eta Beñat Iturriozek: zonbi euskaldunei buruzkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu