Ihien dantza eta putzuen lokatza. Plisti eta plasta, goroldiotan lorratza. Zohikaztegi batena da izena: Usabelartza. Hezea mundu egin da han, Andoainen (Gipuzkoa). Mundu bat berezia, berezitua, eta ederra. Baldintza ustez txiroetara egokitutako espezieek sortu dutena. Ekosistema partikular bat da, kontatzeko asko duena, baina oinak orkatiletaraino bustita azaldu behar da dena.
«Ez da definitzeko modu txarra zohikaztegia oinak orkatiletaraino bustitzen dituen hori dela esatea», azaldu du txantxetan Patxi Heras briologoak. Baina badaude modu hobeak: «Zohikaztegia hezegune mota bat da. Izan ditzake putzutxoak, ikus litezke errekastoak… baina ura ez da guztiz agerikoa. Eremu zingiratsuak dira; lohitsuak». Non sortzen dira? «Urak aterabiderik ez duen guneetan. Hainbat arrazoi direla medio —sakonune batean dagoelako edo hesi naturalen bat dagoelako—, ur hori geratu egiten da, eta lohiz betetzeko prozesu edo sedimentazio prozesu bat hasten da. Landaredia bera ere hazten hasten da, eta hildako landareen hondakinak ere bertan hasten dira pilatzen. Ez dira guztiz deskonposatzen, metatu egiten dira». Eta metatzen den horrek ematen dio tokiari izena: «Zohikatza izeneko material organikoa sortzen da, karbonoan oso aberatsa. Metatuz eta metatuz joaten da, eta gerta liteke substratuak berak gora egitea eta geruza freatikoa gainditzea. Hori da lehen definizioa».
![Usabelartzako zohikaztegian, errekasto bat. ENEKOITZ TELLERIA Usabelartzako zohikaztegian, errekasto bat. ENEKOITZ TELLERIA](/uploads/s1/71/01/99/1/14622412_49_1000x666.jpeg)
XVIII. mendera arte ez zuten fama onik: batere baliorik ez zuten lursail lupetsu, istiltsu eta osasungaitzak ziren zohikaztegiak. Lurra ustiatu beharraren ustiatu beharrak aldatu zuen hori guztia, ordea: drainatu egin zituzten haietako asko nekazaritzarako, abeltzaintzarako, basogintzarako eta hirigintzarako; eta guztiz agortu beste asko, zohikatza erregai gisa erabiltzeko. Gehiegi. Munduan mehatxatuen dauden habitaten artean daude zohikaztegiak. Marta Infante briologoak azaldu du non dauden —Patxi Heras eta bera Arabako Natura Zientzien museoko ikerlari eta irakasleak dira botanika sailean—: «Mundu guztian daude barreiatuta, baina ez daude munduko edozein tokitan. Ur emari etenik gabea behar dutenez, ez dira edozein lekutan agertzen. Siberian, Kanadan, AEBetan, Europa iparraldean… Horiek dira zohikaztegi zaharrenak, sakonenak, zohikatz depositu handienak dituztenak. Baina badaude depositu txikiagoak dituztenak, berriagoak direnak denboran, okerrago kontserbatu direnak, edo zaharrak izan arren zohikatz kantitate handirik metatu ezin izan dutenak». Euskal Herrian ere badira batzuk. Ezagunenak eta ongien kontserbatuta daudenak: Zalamakoa (Bizkaia), Usabelartzakoa (Gipuzkoa), Arxurikoa eta Belatekoa (Nafarroa), Larhungoa eta Mondarraingoa (Lapurdi), besteak beste.
Euri urarekin bakarrik sortzen dira batzuk (onbrotrofikoak edo oligotrofikoak), eta euri urarekin eta lur azpiko urarekin bestetzuk (minerotrofikoak edo eutrofikoak). Bigarren horiek aberatsagoak dira, nahiz eta pobre fama izan duten denek, «oso inguru azidoak» direlako. Funtzioak dituzte «aberatsak», ordea. Herasek azaldu du: «Funtzio horietako bat da karbono sarbegiak direla; karbono estoldak, nolabait esateko. Aldaketa klimatikoaren eta CO2metaketen garai honetan, interesgarria da hori. Landaredia ez denez guztiz deskonposatzen, CO2rik ez du igortzen; hor gelditzen da. Horregatik diogu karbono sarbegiak direla, eta klima erregulatzen laguntzen dutela».
Beste funtzio bat ere badute garrantzitsua: ziklo hidrologikoen kontrola. «Euriteetan, ibaien goraldiak, uhaldiak eta uholdeak gutxitzen laguntzen dute. Ur hori zohikaztegietan metatzen da, belaki edo esponja funtzioa egiten dute, eta ur hori askatuz joaten da, baina gutxika-gutxika», azaldu du Herasek. Eta goroldio hori ez da edozein goroldio: «Zohikaztegiek goroldio mota berezi bati esker egiten dute funtzio hori: Sphagnum espeziekoari esker. Egitura zelular oso kuriosoa dauka, oso partikularra. Egin kontu: Sphagnum busti batek lehor batek halako hogei pisatzen du. Sekulako gaitasuna dauka ura atxikitzeko eta belaki efektu hori egiteko».
!['Sphagnum' generoko goroldioa, Usabelartzan. ENEKOITZ TELLERIA 'Sphagnum' generoko goroldioa, Usabelartzan. ENEKOITZ TELLERIA](/uploads/s1/71/02/10/7/14622410_49_1000x666.jpeg)
Infantek eman du beste gako bat: «Zohikaztegiek denbora harrapatzen dute». Zalamako zohikaztegia jarri du adibide gisa: zortzi mila urteko antzinatasuna dauka. Horrek zer esan nahi du? «Zohikaztegiak daukan ia hiru metroko zohikatz geruza hori sekulako erregistroa dela, zortzi mila urtean ia urtez urte metatu denaren erregistroa: klimaren ezaugarriena, denbora horretan han bizi izan diren organismoena… Eta berreraiki daitekeela urte horietan guztietan izandako habitata, paisaia… Horregatik da horietako baten galera sekulako galera. Berreskuratu ezin daitekeen informazioa eta ondarea galtzen delako».
Badaki horri buruz zerbait Ainhoa Aranburu EHUko ikerlariak. Paleosuteen ikuspuntutik ikertu ditu hark zohikaztegiak. «Zohikaztegien bidez, denboran atzera egin dezakegu, eta asko». Berreskuratu baitaitezke ikatzak, haziak, polenak, esporak... «Prozesu kimiko batzuen bitartez, ikatzak berreskuratzen dira. Sailkapen bat egiten da gero, eta garai hartako jardunaren irudi orokor bat izaten da horren emaitza». Aranburuk dio kontserbaziorako «oso gune aproposak» direla zohikaztegiak: «Hezetasun eta tenperatura konstanteak, ur jario jarraitua… Horren ondorioz, materia organikoen eta ez-organikoen sedimentazioa oso pixkanaka gertatzen da. Drainatze edo aldaketa bortitzik ezean, oso ikuspegi zabala ematen diguten ikerketak egitea lortu dezakegu». Zundaketa bidez, lagin oso luze batzuk lortzen dituzte. Horretarako, aldez aurretik aztertzen dute zohikaztegiaren sakonera, ikusteko zer potentzialtasun daukan. Laginek hezetasuna manten dezaten, hozkailuetan sartzen dituzte, eta disko txikietan moztu, aztertzeko. Aranburu Nafarroako Pirinioetako zohikaztegietan aritu da lanean, eta Life Tremedal proiektuan ere hartu du parte —Iberiar penintsularen iparraldeko zohikaztegien egoera, haien habitata eta espezieak aztertu eta zaintzen dituen proiektua da—.
![Landare haragijaleak egoten dira zohikaztegietan. Argazkian, 'Drossera intermedia', intsektuekin. IÑAKI SANZ-AZKUE Landare haragijaleak egoten dira zohikaztegietan. Argazkian, 'Drossera intermedia', intsektuekin. IÑAKI SANZ-AZKUE](/uploads/s1/71/01/95/2/14622432.jpeg)
Izan ere, ustez txiro eta horren azido diren ingurune horietan bada aberastasunik. «Espezie berezi eta bakarrak dira asko, zohikaztegien ezaugarrietara egokitzen asmatu dutenak, pobretasun horri aurre egin diotenak, eta inguru horietan espezializatu direnak», azaldu du Anaïs Mitxelena Aranzadi zientzia elkarteko botanikariak. Adibidez? «Landare haragijaleak». Landare haragijaleak Euskal Herrian? «Euskal Herrian badira landare haragijaleen zazpi espezie hiru generotan banatuta: Droserak, Pinguiculak eta Utriculariak. Lehen bi generoak zohikaztegietan eta antzeko lintzuretan topatu ditzakegu, eta Utriculariak putzu estiloko uretan, beste habitat batzuetan». Eta zer egiten dute? «Elikagai gabezia hori, nitrogeno eta fosforo urritasun hori, izaki bizidun txikiak harrapatuz lortu, eta beharrezko dituzten elikagaiak haiengandik hartu; xurgatu». Armiarmak, burruntziak, tximeletak... olgetan ibiltzen baitira zohikaztegietan. Pobreak ez, beraz, oso aberatsak dira zohikaztegiak, eta galtzeko arriskuan dauden landareen katalogoko espezie asko bertan topatu daitezke, gainera. Mitxelenak zerrendatu ditu batzuk: Spiranthes aestivalis, Eriophorum vaginatum, Rhynchopora fusca…
![Baso igel gorri baten errunaldia, Usabelartzan. ENEKOITZ TELLERIA Baso igel gorri baten errunaldia, Usabelartzan. ENEKOITZ TELLERIA](/uploads/s1/71/02/06/7/14622353_49_1000x666.jpeg)
Ez da garaia, eta ez da halako landarerik ikusten Usabelartzako zohikaztegian. Goroldioak eta ihiak bai, eta errunaldi oparo bat ere bai. Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko biologoak eman du pista, argazkia ikusita: «Baso igel gorriarena da». Herpetofaunaren ikuspuntutik ere ekosistema bereziak baitira zohikaztegiak. Anfibioei dagokienez, «oso eremu garrantzitsuak» direla dio Sanz-Azkuek: «Trantsizio eremuak direlako. Zapaburutik sortzen den igel txiki batek ura eta lurra behar ditu, eta zohikaztegiak biak eskaintzen dizkio: habitat apropos bat. Jakia, babesa eta ugaltzeko eremua. Anfibioen bizi zikloan garrantzitsuak dira zohikaztegiak». Txantxiku arrunta, ur igel arrunta, uhandre palmatua, arrabioa... anfibioak bai, eta narrasti batzuk ere bai. «Suge gorbataduna. Anfibiojalea da, eta, bertan dituenez, aurkitu daitezke suge horiek zohikaztegietan». Eta berezien artean bat aipatzekoa: sugandila bizierrulea. «Eskandinavian hasita, Europan behera, honaino iristen da. Pirinio inguruan, belardi hezeetan eta, batez ere, zohikaztegietan egoten da. Asko gustatzen zaizkio. Ez da sugandila azkarra, baina oso ondo moldatzen da eremu berezi horietan». Hura ere han ibiltzen da, oinak orkatiletaraino bustita.
![Sugandila bizierrulea zohikaztegietako narrastia da. IÑAKI SANZ-AZKUE Sugandila bizierrulea zohikaztegietako narrastia da. IÑAKI SANZ-AZKUE](/uploads/s1/71/01/91/3/14622434_49_1000x666.jpeg)