Jaiak. Iruñeko sanferminak

Labirintoan harrapaturik

Fuente Ymbroko zezenek orain arteko entzierrorik azkarrena egin dute: 2.18 minutu. Bost korrikalari artatu dituzte osasun zerbitzuek. Horietako batek «zauri sarkorra» du.

Mercaderesko bihurgunea elkarrekin egin dute zezenek. JESUS DIGES / EFE
Mercaderesko bihurgunea elkarrekin egin dute zezenek. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
Iruñea
2024ko uztailaren 10a
08:05
Entzun

Gazteluko plazan El Drogasek kantatuko du gauerdian. Barricada taldearen kanta ezagunaren tankera hartu du Fuente Ymbro ganadutegiko sei zezenen entzierroak. Ez soilik lasterketa aterabide bakarreko labirintoa delako adardunentzat, baizik eta Estafetako tartean lasterkarietako bat irteerarik gabe geratu delako ehun metrotan. Azkenean ihes egitea lortu du.

Bi minutu eta 18 segundo. Sanferminek erdigunea zeharkatua dute, eta orain arteko entzierrorik azkarrena egin dute Fuente Ymbro ganadutegiko zezenek. Aurreko lasterketen ildotik, zezenek aurrerantz egin dute, inguruan gertatzen zenari erreparatu gabe.

San Domingo aldapan multzoan atera dira sei zezenak, bidea irekitzen zieten joaldunen atzetik eta zorrotz begiratuz alde bietara. Aldapan oso zaila da zezenen erritmoari eustea, eta, erio larrian, erori egin dira lasterkari batzuk.

Udaletxera bidean, larru gorriko zezena joaldunen parean jarri da, eta plazan beste bi zezen beltz jarri dira joaldunen parean. Une oro egin dute aurrerantz. Atzetik zihoazen beste hirurak, baina multzoan joan dira guztiak Mercadereseko bihurguneraino.

Ez dute estropezu egin eta horma jo, baina, erritmoa galduta, berriro joaldunak jarri dira aurretik. Zezen gorriaren adarrek igurtzi egin dute Estafetako hormaren ezkerraldean geldirik zegoen gizon bat. Estafetan, aurrera, multzoan jarraitu dute zezenek, eta garesti jarri dute sortu diren hutsarte bakanetan sartzea.

Orduan iritsi da lasterketako unea. Xabierko karrikaren paretik igarota, bi lasterkari zezen artean geratu dira, eta haietako batek ehun metro inguru eman ditu adar artean, harrapaturik eta irten ezinik. Azkenean, kalearen amaiera aldera ikusi du zirrikitua, eta onik atera da.

Plazarainoko tartean euren abiadan jarraitu dute zezenek, erasorako jarrerarik izan gabe. Apur bat sakabanaturik heldu arren, elkarrekin iritsi dira.

Nafarroako Ospitale Guneak emandako informazioaren arabera, bost korrikalari artatu dituzte. Horietako hiru ospitaleratu dituzte. Zezen plazan artatutako korrikalarietako batek «zauri sarkorra» izan du, baina, azkenean, ez da adarkaturik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.