Osasuna. Adimen emozionala

Ziurgabetasuna bidelagun

2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ziurgabetasuna: ziurra ez denaren nolakotasuna. Fisikan, fenomeno kuantikoak azaltzeko erabilitako kontzeptua... (Harluxet hiztegi entziklopedikoa).

Ziurra denak, guk espero bezala jokatu eta gertatuko denak, inolako zalantza kutsurik ez duenak... horrek lasaitu egiten gaitu, konfiantza eman; hala izango dela badakigu. Aldiz, ziurgabetasunak, etortzear eta gertatzear den horrek ezinezkoa du barne lasaitasun hori bermatzea; eta egonezina piztu dezake ziurra = lasaitasuna paradigma horren arabera. Are gehiago, kontrolatu ezin dugun hori pixuzkoa eta esanguratsua denean; urrutiegi joan gabe, lan-esparruan kokatuz gero erraz ulertzen da egonezina.

Ekonomia krisialdiak eta langabeziak bultzatuta, euren kabuz ekitera abiatu diren emakume talde batekin izan naiz orain gutxi. Ia hutsetik hasten ziren gehienak, bakoitza bere enpresa, ideia eta lanerako gogoak susperturik; abian jartzeko prozesuaren gazi-gozoak ezagutu zizkioten jada. Ilusioa? Noski, handia gainera, baina oinak lurrean zituztela. Tartean ziren beldur, zalantza, ziurgabetasuna; hala ere, aurrera jarraitu ahal izateko giltza konfiantza dute, zer etorriko zaien, nola moldatuko diren, irabaziak noiz hasiko diren e.a. ez jakinik ere, konfiantza. Zailtasun berriak sortuko diren arren, horiei aurre egiteko baliabideak eta indarra izango denaren konfiantza —lokala prestatu eta, zabaltzear zegoela, ur itokina jasan zuenik ere bazen tartean—.

Hori bai, konfiantzak ezinbesteko baldintza bat du tarteko: benetan sinestu beharra dago; hau da, norbere pentsamendu, ideia eta sinesmen sisteman integratu beharra dago. Bestela, ustez konfiantza zen hori, amets edo fantasia hutsean gelditzen da.

Konfiantza? «hori nola egiten da?» entzun ohi dut askotan ikastaro eta taldeekin. Formula miresgarririk ez dugun arren, ezinbestekoa da, hori bai, norberaren buruak dituen baliabide eta dohainak presente izan, eta horiek indartzea. Eta horrekin batera, etengabean dena aldatzen ari den une hauetan, erantzun eta irtenbide berrien bila aritzea. Hau da, aldatzen ari den horrekin bat egin eta arakatu, probatu, galdetu ...

Izan ere, ziurra, kontrola daitekeena, egonkortasunaren ametsean bagabiltza, amets gaizto bilakatzeko arriskuan baikara. Paradigma berriak datozkigunez, goazen geu ere aldaketarekin bat egitera!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.