Komunikazioa. Joxe Juan Ugalde. Euskadi Irratiko esataria

«Zirraragarria da kontakizun bat eratzea gertatzen den guztiarekin»

Irratiaren adrenalinari eta gaurkotasunaren zurrunbilioari lotuta bizi da Ugalde. Pasioz hartzen du mikronofoa astebururo.

Adrian Garcia.
Lezo
2013ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Duela 23 urte inguru hasi zen irratian Joxe Juan Ugalde (Lezo, Gipuzkoa, 1960). AEK-ko irakasle izan zen aurretik, hamar urtez. Irrati kulturatik ez datorrela dio, eta bere kabuz ikasi du lanbidea. «Erabat autodidakta izan naiz». Miramar irratian hartu zuen lehen aldiz mikrofonoa, Euskal giroan irratsaioaren gidari gisa. Handik egin zuen Euskadi Irratirako jauzia. Egun, irratiko ahots ezagunenetarikoa da; azken urteetan Albiste Faktoria gidatu du. Orain, asteburuko Goiz Kronika eta eguerdiko Goizak Gaur saioetan entzun daiteke haren ahotsa.

Nolakoa da asteburuko Goiz Kronika? Zer desberdintasun ditu Albiste Faktoria-rekiko?

Segida bat da. Goizeko zapietan heltzen diogu saioari albistegiarekin. Gero, kirolak eta eguneko prentsa ukitzen dugu. 08:00etan, beste horrenbeste. Larunbatetan elkarrizketa bat sartzen dugu, hogei bat minutukoa, aktualitate informatiboari erabat lotua. Igandeetan, hamar minutuko elkarrizketa dugu, baina horrek beste osagai pertsonalago batzuk hartzen ditu. Pertsona ezagun bat eta haren ingurua eta lana jorratzen saiatzen naiz. Azken urteetan informazioa eta iritzia landu ditut. Orain, desberdintasuna da solasaldirik ez dagoela, baina bestela, astekoaren segida da.

Entzuleen soziologiari begiratu behar zaiola diozu. Nolakoak dira Euskadi Irratiko entzuleak?

Euskal hiztunen ispilu dira, eta horrek asko mugatzen du gure soziologia. Ez da astakeria esatea gehienbat joera abertzalekoa eta euskaltzalea dela, nahiz eta ez-abertzaleak ere badiren. Horiek ezin ditugu ahaztu, irrati publiko garen aldetik esparru guztiak hartu behar baititugu.

100.000 entzuletik gora ditu Euskadi Irratiak. Zein da arrakastaren giltza?

Nolabaiteko monopolio bat badago. Euskadi Irratiak ez dauka konpetentziarik euskaraz. Gaztelania du konpetentzia, ikaragarria gainera. Ozeano horretan dabilen txalupa da Euskadi Irratia. Indartsu dago, eta aurrera doa ozeano horretan. Euskadi Irratiaren erronka izan behar du euskal hiztun horiekin euskararen mundu bat sortzea.

Lehia falta hori kaltegarria al da?

Konpetentzia beti da ona. Objektibotasunari mesede handia egiten dio lehian hainbat elementu aritzeak. Dena da puzzle bat, egia bera ere bai. Lehia ona da, baina ez dago.

EITBren pluraltasun falta salatu dute hainbat alderdik. Zer iruditzen zaizu?

Erabakiak hartzeko aukera eman didaten lehen egunetik, pluraltasuna zaintzen saiatu naiz. Beti, ordea, ez dago erabakiak hartzeko ahalmen guztia zure esku. Gaur egun egoera normalagoa da. Orain inork ezin du auzitan jarri pluraltasuna.

Ezker abertzaleko ordezkariek irratirako sarbidea debekatua zuten unean aritu zinen Albiste Faktoria-n. Nola berma daiteke pluraltasuna egoera horretan?

Lau urte zailak izan ziren oso. Denbora horretan, irratia egiten jarraitu behar genuen, gure soziologiarentzat. Konstituzionalismoak osatu zuen gobernua, eta garbi ikusi zen EITB moldatzera etorri zirela. Gizartearen zati handi baten ordezkariak legez kanpo utzi zituzten, baina itsaso horretan nabigatu beharra zegoen. Legez kanporatutakoek ez zuten irratirako sarbiderik. Informatua egoteko eskubidea zaintzeko, BERRIA, Gara eta beste iturrietatik edan, eta esparru horri zegokion informazioa ere jasotzen saiatu naiz. Egoera horretan zaila izan zen irratia egitea. Hala ere, gure entzuleriak ikaragarri egin zuen gora. Asmatu egin genuen.

Irratiaz gain, idatzizko beste hedabide batzuetan kolaboratzen duzu.

Eskualdeko fenomeno soziologiko, politiko eta ekologikoei buruz idazten dut. Tentsio handiko gaiak hartzen ditut, iritzia ikuspuntu politikotik aparte plazaratu behar delakoan bainago.

Irratiko adrenalinarekin nahikoa ez?

Irratian ikaragarrizkoa da adrenalina. Oso bizia da. Ezinean, erlojuaren kontra, zientoka notiziari bueltaka... Galbahea egin eta kontakizun bat osatu behar duzu gertatzen ari den zurrunbilo guztiarekin. Duda pertsonalak ere izaten dira: ondo egin dut? Bai, ez. Gero emaitza dator, eta bukatu da. Zurrunbilo horretan aritzeak estilo bat markatzen du, eta nik ikaragarri gozatzen dut. Bukatzean erabat husten da bat. Sosegurako, ordea, beste kazetaritza mota bat egin behar dugu, hausnartzeko aukera gehiago emango duena.

Ez zenuke irratia prentsa idatziarengatik aldatuko, beraz.

Zirraragarria da kontakizun bat eratzea gertatzen ari den guztiarekin. Irratigintza ilusioarekin lotzen dut. Informazio oso desberdinak, esparru eta intentsitate desberdinekoak dituzu. Denei erreparatu behar diezu, eta oso esna eta oso bizi egon behar duzu. Horrek asko ilusionatzen du.

Hainbat gertakarik hedabide publikoaren zeregina ezbaian jarri dute azkenaldian.

Basakeria izan da Valentziako hedabide publikoa ixtea, adierazpen askatasunaren kontrako eraso bortitza, eta herritarrei informazioa ukatzea. Gure gorabeherekin, baina EITBk oso produktu zuzena egiten du. Irratiak zintzo jokatzen du. Informazio orokor publikoa behar da, eta hori ezin da pribatizatu. Informazio plurala bermatzeko tresna da. Hemen ere horrelako basakeriak egin dira, azkena Ateak Ireki-rekin. Edozer tresna informatibo ixtearen kontra egon naiz beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.