Zirkuaren lerroarteko balioak

Ingalaterrako Philip Astley militarra zirku modernoaren sortzailetzat hartzen da, orain dela 250 urte egin zuen ikuskizuna tarteko. Urteek aurrera egin ahala, zirku berriak lekukoa hartu dio tradizionalari, eta jada ez da entretenitzeko saio hutsa.

Baionako Oreka zirku eskolako Doriane Billard. BOB EDME.
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Londres hegoaldeko Westminsterreko zubitik gertu. 1768ko urtarrilaren 9a. Philip Astley, ingeles armadako 26 urteko sarjentu nagusia, Zazpi Urteko Gerratik etorri berria zen, garaile, baina kontu militarrak albo batera utzi zituen berehala, zirku modernoa izango zen mundua sortzeko. 250 urte igaro dira ordutik.

Astley ohartu zen ekintza gogoangarriak egin zitzakeela zaldiaren bizkarrean, zirkulu estu batean zaldiarekin lauhazkatzean sortzen zen indar zentrifugoaz baliatuz. Zaldizko akrobazia horiek sekulako arrakasta izan omen zuten, eta ikuskizun bat aurkeztu zuen akrobatekin, musikariekin, pailazo batekin, txakur hezitzaileekin eta zaldiekin. Pista zirkular horren gainean sabai bat eraiki zuen: Astleyren Anfiteatroa esan zion.

Bi mende eta erdi hauetan, zirkuaren mundua aldatuz joan da. Hastapen horietan, zirkua herri batetik bestera mugitzen hasi zen, trenbideen garapenarekin batik bat. Zinema eta telebista lehiakideei aurre egitea lortu zuen, baina pixkanaka jendearen aisialdi moduak aldatuz joan ziren, eta, horrekin batera, zirkua ahultzen. Gainera, zirkua haurrengana soilik mugatzen hasi ziren telebistan ematen zituzten saioetan, eta horrek publiko zabal bat galtzea ekarri zuen.

Zirkuko jendea familia berekoa zen maiz, eta gurasoengandik seme-alabengana transmititzen zen. 1970eko hamarkadan, ordea, zirku tradizional horrek beste forma bat hartu zuen, zirku berria deitua; 1968ko maiatzak eta kontrakulturak eragin handia izan zuten zirku berriaren sorreran. Sormenaren aroa etorri zen eta esperimentatzeko gogoa: abangoardia korronte bat. Ordura arte, ikuskizunetako ariketa oso tekniko horiek estetika garaikideko moldea hartzen hasi ziren, eta publikoari istorioak modu humano edo hurbilagoan kontatzen hasi ziren. Betiko karpa horiek ere ez ziren baitezpadakoak zirkua zirku izateko, eta kaleetan emanaldiak egiteari ekin zioten artistek, baita zirkua beste arte diziplinekin uztartzen ere: antzerkiarekin edota dantzarekin, esaterako.

Quebeceko Cirque du Soleil izan zen jendeak buruan zuen zirku tradizionalari aurpegia aldatu ziotenetako bat. Maider Iabar aho zabalik geratu zen Bilbon haien ikuskizun bat ikusi zuenean; batez ere oihalez «maitemindu» zen, ordura arte ez baitzuen halakorik ikusi. Iabar Bilboko Zirkozaurreko zirku eskolako langilea da, eta ibilbide luzea du zirkuaren munduan. Azulkillas konpainiaren sortzailea izan zen, eta gaur egun Rojo Telon konpainian dabil, han eta hemen klaseak emateaz gain. Zirkuan buru-belarri barneratu baino lehen, Iabarrek antzerkia egiten zuen. Lotsagabe deituriko ikuskizunarekin zegoen Brasilera zirkua ikastera joan zenean: «Arrakasta ikaragarria lortu genuen Lotsagabe ikuskizunarekin, sexualitatea umorez eta naturaltasunez tratatzen genuelako. Orduan 24 urte nituen, eta 100 emanaldi baino gehiago nituen eginak. Aldatzeko beharra nuela sentitu nuen, eta nire buruari aurretik esana nion: milioi bat pezeta aurreztean banoa hemendik». Eta hala izan zen. Jendeak zertara zihoan galdetzen zion: «'Zirkua egiteko zirku familia batekoa izan behar duzu, 24 urterekin ezin da hori ikasi', esaten zidaten, baina nire proiektua zen, hori egin nahi nuen. Egin izan ez banu, damutuko nintzatekeen».

Brasildik Kubara joan zen, eta handik Madrilera, azkenean Euskal Herrian zirkuko ibilbide profesionala hasi zuen arte. Iabarri ez zaio gustatzen artista izena, «batzuetan ez dakit zer erabilera ematen zaion ere…». Harentzat ofizio bat da: «Jendeak ez du lanbide gisa ikusten; ez dago behintzat lehen aukeretan, baina posible da. Egia da oso zaila dela honetatik bizitzea. Nahiz eta ona izan, gauza asko elkartu behar dira: zure burua saltzen jakin behar duzu, garai egokian bertan egon behar duzu... Euskal Herrian oso profesional gutxi gaude».

Gutxi horietako beste bat Getxoko (Bizkaia) Zirkun Zirko konpainiako Izaskun Rueda da. Orain dela hamasei urte hasi zen, Hondarribiko (Gipuzkoa) elkarte batean. Frantzia eta Espainiako estatuetako topaketa guztietara joaten hasi zen, eta profesionalizatzea erabaki zuen. Txilen, Okzitaniako Tolosan eta Madrilen ikasi zuen, eta orain dela bederatzi urte Zirkun Zirko konpainia eta eskola sortu zuen, Getxon.

Zirkutik gehien erakarri duena zirkua berarekin haztea izan da: «Alde terapeutikoa du: behin eta berriz saiatuta gauzak lortzen dituzula ikusten duzu; autoestimuarentzat ere ona da, beldurrak eta mugak gainditzen dituzu...». Ruedak dio zirkuko artistak lanik egin nahi ez zuten pertsonatzat hartzen zirela edo direla: «eta guztiz kontrakoa da; lan handia egin behar da».

Zirkuaren kultura aldatuz

Ruedak dio Euskal Herrian zirkuaren kultura «apurka-apurka» zabaltzen ari dela, oraindik ere egiteko asko dagoen arren: «'Karpa batean egiten duzu lan?', galdetzen du jendeak». Jendearen buruetan oraindik ere karpa bat, pertsonaia jakin batzuk eta animaliak daude, zirkua irudikatzerako garaian. «Batez ere haurren buruetan», esan du Doriane Billard Baionako Oreka zirku eskolaren sortzaileak. «'Non dira animaliak?' galdetzen dute. 'Gu gara animaliak' erantzuten diet». Dena den, gaur egun bada zirkuetako ikuskizunetan animaliak erabiltzen dituen konpainiarik, eta hainbat udalek debekatzen badituzte ere, Donostiakoak, esaterako, beste hainbatek onartu egiten dituzte; adibidez, Baionak.

Bestalde, zirkuak ez du dagoeneko entretenimendu soilaren rola betetzen. Harago doa, batetik, kontatzen diren istorioekin,eta, bestetik, zirku eskoletan transmititzen diren balioekin.

Aurten, Oreka zirku eskolak hogei urte beteko ditu zirkuaren mundua edonoren esku egoteko lanean. Iabar bezala, berandu hasi zen zirkuan Billard, 23 urterekin, Bordelen. Zirkua alde pedagogikotik lantzen hasi zen: «Nik zirkua irakasteko baliatu nahi nuen, jendeen zerbitzura jarri, haurrei zuzendua, adineko jendeari, elbarrituei...». Horrez gain, eskolako espazioak artistei uzten dizkiete, sortzeko leku bat topatzea «zaila» baita, Billarden esanetan. Maider Iabarrek ere aipamena egin dio gai horri: «Espazioak behar ditugu sortzeko, espazio publikoak. Kritika handia egiten diot Tabakalerari; gaizki aprobetxatutako espazioa da, eta ez bakarrik zirkuaren aldetik. Tabakalera zirkua egiteko toki oso erosoa da, altuera handia duelako; ez da erraza horrelako altuera duten toki beroak aurkitzea».

Bestalde, sorkuntza prozesu horretan erakundeek ematen duten laguntza hizpide izan dute. Iabar zirkuan hasi zenean, ez zegoen diru laguntzarik, eta adierazi du gaur egun badaudela, aldehorretatik aurreratu egin dela. Ruedak azaldu du beste herrialde batzuetan laguntza gehiago dituztela: «Frantzian, esaterako, ikuskizunetako intermitenteak daude; horrek asko laguntzen du». Billardek erantzun du ikuskizunetako intermitente izatea «oso zaila» dela , «baldintza anitz bete behar dira eta».

Ikuskizuna prestatu ondorengoa dator gero. «Nik uste jendeak izugarri maite duela zirkua, baina eskaintza ez da handia. Baionako Eszena Nazionalean bada antzerki anitz , dantza… baina zirku ikusgarriak hiru edo lau dira urtean. Artista anitz joan dira kanpora ikusgarria ematera». Halere, proiektu politak ere badirela nabarmendu du, Hameka Karrikako Arteen Fabrika aipatuz.

Ruedak hauxe entzun zion zirkuko artista bati: «Zirkuan modu profesionalean aritzea zirkuarekin ezkonduta egotea da». Entzun zuenean barregura eragin zion, baina gaur-gaurkoz, hitzok ulertzeaz gain, bere egiten ditu «%100».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.