Lehen ikuskizuna Shakti Olaizolaren Baldin bada izango da, eta Tuterako Konstituzio plazan aurkeztuko du, 18:00etan. Ikuskizuna zirkuaren, antzerkiaren, musikaren, pinturaren eta dantzaren nahasketa original bat da. Shakti Olaizola zirkuko hainbat diziplinatan aritzen da, eta Irakurriz eta Irakurtzen ikuskizunak ere egin ditu.
Hiru ikuskizun, eguneko
Bigarren ikuskizuna Foruen plazan aurkeztuko dute, 18:50ean: Capicua zirku konpainiaren Koselig ikuskizuna, hain zuzen. Bost pertsonaia batera bizi dira zalgurdi multifuntzional batean: errutina jolas eta kaosa eguneroko bihurtzen dute. Capicua konpainiaren beste ikuskizun batzuk Cabaret eta Entredos dira, eta akrobaziak eta umorea nahasten iaioak dira.
Hirugarrena, berriz, Yee Haw da, La Banda del Otro taldeak eskainia. Ipar Amerikako mendebaldera egingo dute bidaia Queiles pasealekuan, 19:50ean, eta musikak, zirkuak eta umoreak lekua izango dute. Mendebaldeko hiru gaizkilek euren abilezia guztiak baliatuko dituzte ikusleei irriak lapurtzeko eta taldearen konplize egiteko.