Tantaz tanta, Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria urte osoan joan da Ordizia (Gipuzkoa) bustiz, Publikoa aI do lelopean. Zirimiria uholde bilakatu zen atzo, orduan ospatu baitzuten urte osoko lana biribiltzeko jaia. Hezkuntza sistema publiko, euskaldun eta inklusiboa helburu, aldarrikapenek bete zuten herria, eta «desorekaren aurrean ausartak izateko eta esku hartzeko» eskatu zieten arduradun politikoei.
Logura pixka batekin esnatu direla onartu du Maria Albisuk, Urdanetarrak guraso elkarteko lehendakariak. Loguraz, baina «beteta eta hustuta», aldi berean. Izan ere, biharamun gozoa dute, egindako lanaren fruitua jaso baitzuten atzo: «Esango nuke hasieratik bukaerara oso egun borobila izan zela. Atzokoa hasiera ekitaldi oso hunkigarri batekin hasi zen, eta kontzertuekin bukatu zen, oso modu hunkigarrian».
Guztira, ia 10.000 lagun elkartu ziren Ordizian, Euskal Eskola Publikoaren alde. Lau gunetan banatu zuten egitaraua: Plaza Nagusia, Barrena parkea, pilotaleku txikia eta Jose Migel Barandiaran plaza. Jendez bete ziren herriko kaleak, antolatutako askotariko ekintzen bueltan: kirol jarduerak; Duplaren kontzertua; Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ez gara jaitsiko! ikuskizuna; txaranga; jolasak...
Balorazio positiboa
Lehen balorazio «oso positiboa» egin dutela nabarmendu du Albisuk; alde batetik, aldarrikatu nahi zuten mezuak presentzia handia izan zuelako, eta, beste aldetik, «komunitatea sendotzeko» balio izan dielako jaia antolatzeak: «Berrehun boluntariok baino gehiagok parte hartu dugu, hainbat esparrutakoek, kultura eta sinesmen diferenteetakoek. Orduan, horrek saretze maila handia eskatu du komunitate osoan, eta inplikazioa ere bai».
Jai giroaz alde batera utzita, aldarrikapen eguna baitzen atzokoa Ordiziako komunitatearentzat. Eta hasiera ekitaldia baliatu zuten bertan zeuden Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Ordiziako Udaleko ordezkariei eskaerak egiteko, Barrena parkean. «Protokolo ekitaldi bat izateaz aparte, guretzat oso garrantzitsua zen konpromisoa hartzeko eta ausartak izateko eskatzea. Guk soluzioak behar ditugu, Euskal Herrian hainbat herritan gertatzen den bezala, baina Ordizian ezinbestekoa da esku hartzea», aldarrikatu du guraso elkarteko lehendakariak.
Izan ere, hiru ardatzen bueltan ibili dira urte osoan: aniztasuna eta inklusioa, euskalduntasuna eta publikotasuna. Askotariko errealitateak batzen baititu Ordiziako eskolak, eta nabarmendu dute hori ez dela «arazo bat, aukera baizik, aberastasuna». Baina adierazi dute «baliabideak eta erabaki ausartak ezinbestekoak» direla aberastasun horri modu egokian erantzuteko: «Neurri ausartak behar ditugu orain, justizia soziala, euskalgintza eta herriko kohesioa baitaude jokoan».
Aurrera begirako lanketa
Urte osoko lanketaren barruan, Munduketariak izeneko liburua eta unitate didaktikoa ere ondu dituzte. Liburua Patxi Zubizarreta idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak sortu dute, eta eskolako errealitatea eta aniztasuna jaso dute bietan, «mundu konpontzaileak» direla aldarrikatuz. Orain, gainerako eskoletara zabaltzea da asmoa, lanketarekin jarraitzeko: «Errealitate eta gizarte geroz eta konplexuagoan gaude, konplexuagoa bihurtuko da, eta horretarako beste tresna bat eman nahi genuen».
«Protokolo ekitaldi bat izateaz aparte, guretzat oso garrantzitsua zen konpromisoa hartzeko eta ausartak izateko eskatzea».MARIA ALBISU Urdanetarrak guraso elkarteko lehendakaria
Jaia amaitu orduko hasi zituzten desmuntatze lanak, eta haien esku zegoena jasota geratu zen atzo bertan. Lan horiek ia amaituta, atseden hartzeko garaia dela esan du Albisuk. «Deskantsatzeko eta digeritzeko ordua da. Etxeko lanak eginda dauzkagu. Argazkiak bildu, guraso elkarteko webguneak eguneratu, kronikak idatzi... Hori falta zaigu soilik».
Eta eskuz aldatu dute lekukoa dagoeneko: Urduñako (Bizkaia) Eskola Publikoak hartu du hurrengo urtean jaia antolatzeko ardura. Urte osoko lanketa dute aurretik, haien errealitatea ikusarazi eta aldarrikapenak helarazteko. Erronka «handia» dutela aitortu du Albisuk: «Urtebete dute saretzeko, urtebete gauza asko egiteko; zorte ona opa diegu, eta ziur ondo joango dela bertan ere».