Egunerokoan begien aurrean izan ohi den ingurunea beti horrelakoa izan dela pentsatzen dugu sarritan, baina, detaileren bati adi erreparatuz gero, topatu liteke beste garai bateko aztarnaren bat. Maiz, izenetan gorderik da arrastoa. Adibidez, Iruñeko Arrosadia langile auzoa da. Bere nukleoa ez da aspaldidanik aldatu, nahiz eta auzoaren mendebaldeko ertzean eraikin berriak altxatu diren. Dena den, ez da beti horrela izan.
Duela ia bi mende, hegoaldera zihoan bidean zegoen ostatu baten inguruan hasi ziren auzoko lehen etxeak biltzen. Ostatu hartakoa omen zen lehen karlistaldietan liberalen gerrillari talde baten gidari izandakoa. Gauez ibili ohi zen karlistek errekrutatutako gazteen etxeak arpilatzen. Horregatik Mochuelo (euskaraz, Mozolo edo gau hontza) deitzen zioten, eta izen hori hartu zuen bere ostatuaren inguruko etxe multzo hark.
Mozoloa, nonahi
Oraindik orain, mozoloen irudiak han eta hemen ikusten dira Arrosadian. Horregatik, hain zuzen ere, mozolo baten mozorroa hautatu du Jon Garai gazteak aurtengo auzoko libertimenduaren irudi nagusi gisa. Libertimenduak, baina, ez dio iraganari erreparatzen. Alderantziz, handik abiatuta, gaur egungo gizarteari zuzentzen zaio tradizioko elementuak hartu eta gaurko gertaerekin nahasian jolas eginez. Hori guztia euskaraz.
Gaurkoa bigarren aldia dute. Haizegoa Arrosadiko euskara taldea inauterien testuinguruan euskara sustatzeko ekinaldi bat antolatu nahian zebilen, eta libertimenduaren alde egin zuen. Oso harrera ona izan zuen iazkoak, eta horregatik egin dute berriro aurten. «Oso muntaketa ikusgarria da. Auzokoentzat polita da, eta, irekia denez, jende askok parte har dezake. Batez ere euskaldunak batzen gara, baina euskaldun ez direnek ere gozatzen dute», azaldu du Maria Angeles Azanzak, taldeko kideak.
Kalejiraren gidari, Mozolo. Mozorroaren atzean ezkutatzen da Izaro Arbizu. «Dantzarien gainean egotea eta zirtzilak kontrolatzea egokitu zait». Geldialdi bakoitzean bertsoak kantatzen dihardute Ainara Ieregik eta Endika Legarrak. «Ohorea da; oso berezia da honen parte izatea», dio Ieregik. Parte hartzaile guztien moduan, irrikan daude libertimenduak zer ekarriko, zer gai aipatuko. Bikoteak erne egon beharko du, gainera: «Ezin dugu detailerik galdu, zirtzilek antzeztutako jaikialdi bakoitzean bertsoa kantatu behar dugu eta».

Iñigo San Martin da zirtziletako bat. Hiru hilabete egin dituzte muntaketa prestatzen, auzoko gertakizunei adi. «Gure artean bada frikiren bat urte osoan ibiltzen dena gaiak apuntatzen». Gero, guztien artean aukeratzen dute nondik jo, antzezpena prestatzen, jolas baten gisan. «Badugu gidoia, badakigu zer gertatuko den plazan, baina gero gerokoak. Bati pasarte bat ahazten zaio, besteak publikoan zerbait ikusi eta horri heltzen dio... Ikusiko dena ez da entseguan gertatu, eta entsegu bakoitza desberdina da. Beti gertatzen da zerbait. Ez dakigu zer gertatuko den».
Irekitasun eta bat-batekotasun horretan datza ikusmin nagusia. Baita umorearen zorroztasunean ere. Zirika eta eztenka, auzoko gaien inguruan. Etxekoentzat... Baina ixo! Gehiago jakin nahi duena joan dadila hurrengo libertimendura. Bihar, Bunuzen (Nafarroa Beherea), edo, demagun, datorren urtean berriz ere Arrosadian.