Autogestioan oinarritzen diren makina bat hedabide alternatibo garai zailak pasatzen ari dira. Koronabirusaren krisiak jo egin ditu irrati libre asko, haien herrietako jaiak ez direlako ospatu, eta ezin izan dutelako txosnarik jarri edo ezin izan dutelako kontzerturik antolatu. Beren burua berrasmatzen ari dira, bizirik irauteko. Errenteriako (Gipuzkoa) Zinitzlik irrati librea da kasu horietako bat.
Irrati libreak Hari batetik zintzilik lelopeko kanpaina jarri du martxan. «Irratiaren irudia zabaltzeko, eta dirua bilduz emisioarekin segitu ahal izateko sortu dugu kanpaina», azaldu dute Zintzilikeko kideek. Uda honetan ezinezkoa gertatu zaie haien txosna kolektiboa alokatzea, ez direlako herrietako jaiak egin. «Horrek zuzenean eragin dio irratiaren ekonomiari, azkeneko urteetan gure diru iturri nagusietakoa izan baita txosna». Horregatik ekin diote babes ekonomikorako kanpainari.
Zozketa baten txartel salmentan dago kanpaina oinarrituta, eta abenduaren 21era arte iraungo du. Era berean, Oiartzualdean (Gipuzkoa) material salmentarako mahaiak ari dira jartzen asteotan. Zozketako sariak ez dira makalak: gitarra elektriko bat, anplifikadore batekin; Taupada Fest! kultur bilduma —tartean, 2021eko jaialdirako sarrerak—; eta Zintzilik irratiaren saskia. Irrati libreak 36 urte beteko ditu, eta zenbaki hori aitzakiatzat hartuta, 36 mugimendu, talde eta artisten opariak sartuko dituzte saskietan.
Eragile eta herritar horietako batzuk sare sozialetan bideoak ari dira zabaltzen, Ni ere hari batetik zintzilik leloarekin.
Larunbatean, aurkezpena
Kanpainan edozein modutan parte hartu nahi duen orok [email protected] helbide elektronikora idatz dezake.
Datorren larunbata, azaroak 7, egun seinalatua izango da Zintzilikeko esatari, kolaboratzaile, entzule eta lagunentzat: 2020-2021 denboraldiaren aurkezpen jaialdia egingo dute Errenteriako Niessen kulturgunean, 18:30etik aurrera. Sarrerak aldez aurretik eros daitezke egunotan Niessengo bulegoan; eta agortu ez baldin badira, egunean bertan leihatilan erosi ahalko dira.
Umorez betetako jaialdia izango da datorren larunbatekoa: batetik, Txikik —Berria Aretorako udaberrian egin zuen bakarrizketak harrera beroa izan zuen— 40 urte eta aldapan behera niek/n umorezko lana eskainiko du; eta, bestetik, J. B. Pedradasek El hombre blandengue antzezlana estreinatuko du.
Programazio berria aurkezteaz gain, Hari batetik zintzilik laguntza ekonomikoaren kanpaina aurkeztuko dute jendaurrean. Zintzilik irratiko materialarekin stand bat egongo da, eta zozketan parte hartzeko txartelak erosteko aukera egongo da.
Zintzilik irratiko kideek «elkarlanean aritzeko» animatu nahi dituzte herritarrak. «Larunbateko jaialdia laguntza jasotzeko aukera on bat izango da».
Zintzilik irratia babes ekonomikoa eskatzen ari da emanaldiei eusteko
Datorren larunbatean jaialdi bat egingo dute Errenterian, programazio berria aurkezteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu