Ez du ematen zinema aretoak laster batean zabalduko dituztenik. Pantaila handien xarma, krispeten zein gainerako osagarrien hotsa eta alboko ikuslearen sakelakoari etengabeko soaldiak berreskuratzerako oraindik aste batzuk igaroko dira.
Gerora geldituko den panorama ezin igarri, baina, zantzu guztien arabera, ez dira garai errazak izanen birusaren aurretik nahiko herren zebilen aretoetako zinemarako. Ez da txantxa: inork horretarako agindurik eman behar izan gabe ere, emanaldi askotan pertsonen arteko segurtasun distantzia neurriak erraz baino errazago betetzen ziren aspalditik.
Datorrena datorrela, bien bitartean segituko dugu etxean ditugun aukerekin ahalik eta gehien disfrutatzen, betiere gogoan izanik esperientzia horrek simulakrotik asko duela.
'Oreina'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforman, Filmin. Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Film laburrekin ibilbide oparoa egin ostean, Oreina-rekin bestelako bideak urratzen hasi zen Koldo Almandoz. Orain dela bi urteko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen filma, eta han, harrera beroa egin zioten, eta kritika onak jaso zituen.
Ibaiaren bazterrean bizi diren hainbat pertsonaiaren egunerokoa da istorioaren ardatz nagusia: Khalilen joan-etorriak, bi anaien arteko aspaldiko herra, legez kanpoko arrantzaleen ehiza...
'Kilimanjaroko elurrak'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforman. Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Izenburu katramilatsua du film honek; izan ere, ez du zerikusirik 1952ko film klasikoarekin, Ava Gardner eta Gregory Peck protagonista zituenarekin. Ezta haren oinarria zen izen bereko Hemingwayren narrazio ezagunarekin ere.
Honako hau Robert Guediguian zuzendari frantziarraren drama sozial bat da, bere ohiko aktore taldearekin elkarlanean egindakoa, eta Victor Hugoren poema batean oinarrituta. Michel eta Marie-Claire bikotea da protagonista, bi pertsona sozial eta politikoki oso konprometituak. Baina gertaera latz batek kolokan jarriko ditu haien ideiak.
'Black is beltza'
Non ikusi: Argia.eus (Multimedia kanala). Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Honako hau ez da film hutsa, egitasmo zabalago baten parte den film bat da. Izenburu bereko komikia du oinarri; besteak beste, disko eta erakusketa batekin osatzen dena. Fermin Muguruza nekaezina izan zen filmaren zuzendaria, Harkaitz Cano eta Eduard Solarekin batera idatzitako gidoi baten gainean.
1960ko hamarkadan dago girotuta istorioa: Iruñeko erraldoien konpartsa New Yorken desfilatzera gonbidatuko dute, baina bertako agintariek bi erraldoi beltzen parte hartzea galaraziko dute. Gertaera horretatik abiatuta, urte horietan munduko leku askotan gertatzen ari ziren borroken eta aldaketen berri izanen dugu.
'Paradise Lost'
Non ikusi: HBO. Hizkuntza: Ez da euskaraz ikusgai.
Benetako gertaeretan dago oinarrituta dokumental zirraragarri hau, nahiz eta batzuetan dokumental faltsu baten aurrean dagoelako inpresioa izanen du ikusleak. Hiru parte ditu Paradise Lost-ek, eta, egin zenetik hainbat urte pasatu diren arren, ez du batere gaurkotasunik galdu hiru gazteren kontrako sorgin ehiza beldurgarriak.
Hilketa anker bat gertatuko da Arkansasko herrixka batean, hiru haur torturatu eta hilko baitituzte. Ikertzaileen ustez, hilketa horiek erritu satanikoek lotuta daude, eta hari horretatik tiraka «desberdin» diren hiru gazteri leporatuko diete gertatukoa egin izana.
'Nur eta herensugearen tenplua'
Non ikusi:Liburutegi publikoetako eFilm plataforman, Filmin. Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Arrakasta handia du Toti Martinez de Lezea idazlearen Nur sailak, egungo gaztetxo askoren liburu kutun bihurtzeraino. Horietako baten gainean dago egina animazio film hau; Juanba Berasategik zinemarako egin zuen azken lana izan zen eta Eneko Olasagastiren gidoia du.
Nur eta gurasoak Txinara joan dira bizitzera. Bertan lagun berriak egin ditu Nurrek, eta horietako baten urtebetetzea ospatzeko gonbita jasoko du. Festara joan eta dena okertuko da, bat-batean laguna desagertuko delako. Hortik aurrera, abentura batean murgilduko da Nur: dragoiaren bederatzi ateak zabaldu ahal izateko, hainbat oztopo gainditu beharko ditu.
Zinema. Gomendioak
Zinemina, esperientzia partekatuaren nostalgia
Aretoen itxiera mugagabea dela jakinik, etxeko aukeraren ugaria halabeharrezko botika bihurtu da. Besteak beste, 'Oreina' eta 'Black is beltza' ikus daitezke etxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu