Telesailak

Zinemazaleentzat goxokia

Seth Rogenek eta Evan Goldbergek urteko telesailik dibertigarrienetako bat sinatu dute. Zinemarekiko maitasun gutunez mozorrotutako satira zorrotza da, Hollywoodeko industriari buruzkoa; dibertigarria eta frenetikoa.

'The Studio' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
'The Studio' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
gaizka izagirre
2025eko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urrutiko aginteari play sakatu orduko, erreferentzia zinematografikoen zurrunbilo batean murgilduko da The Studio. Sekuentzia plano luzeek eta Antonio Sanchezen soinu bandak Birdman filmaren izaera erantsiko diote narrazioaren lehen minutuei. Hortik aurrera, oso argi geratuko da telesailaren asmoa zein izango den: zinemaren industriari buruzko satira zorrotza eta umoretsua egitea, baina alor teknikoari uko egin gabe. Oturuntza izango da Hollywoodeko B aldean usnaka aritzea gustatzen zaienentzat. Zenbat eta gehiago ezagutu Hollywood, orduan eta gehiago maiteminduko da ikuslea seriearekin.

Matt Remick (Seth Rogen) zinemazale amorratua da protagonista nagusia. Patty (Catherine O’Hara), Continental Studios estudioen zuzendaria, berriki kaleratu dute, eta Remick proposatuko dute kargua hartzeko; handik aurrera zinema industriaren desafio eta zentzugabekeriei aurre egin beharko die. Konpainia suspertzen saiatzen den bitartean, Barbie filmaren tankerako izenburu arrakastatsu bat egitea eskatuko diote; AEBetan ezaguna den Kool-Aid izeneko edariari buruzko film zentzugabea sortzeko ardura izango du. Kapitulu bakoitza film baten ekoizpen prozesuaren fase bati buruzko izango da, eta sor daitezkeen ehunka arazoak erakutsiko ditu.

Industriari egiten zaion kritika umoretsua izateaz gain, zinemarekiko maitasuna jariatzen duen proposamena da The Studio, eta osagai teknikoetan antzematen da hori; telesailaren itxura estetiko berezian, adibidez: zeluloidean filmatua dago. Sitcom tankera ere badu telesailak, eta eszenaratzea eta erabiltzen duen hizkuntza zinematografikoa oso aberatsak dira. Pertsonaiei etengabe segika doan kamera urduri bat erabiliz, mundu guztiak ziztu bizian eta oso ozen hitz egiten duen bitartean —hasieran gehiegi, akaso—, plano sekuentzia luzeekin filmatuta dago nagusiki. Soinu bandak, berriz, Antonio Sanchez bateria jotzaile eta konpositore mexikarraren perkusioak helduleku gisa erabiliz, abiadura eta presa sentsazioa areagotuko du.

Aktore zerrenda luzea

Ezin ahaztu aktoreak, telesailak antzezle zerrenda ikaragarria baitu: Seth Rogen, Catherine O’Hara, Ike Barinholtz eta Chase Sui Wonder, esaterako; baina euren buruaren rola jokatzen duten pertsona ospetsuen cameo-ak edo agerraldiak izango dira deigarrienak: Martin Scorsese, Brian Cox, Paul Dano, Ron Howard, Adam Scott, Zac Efron, Charlize Theron, Steve Buscemi, Anthony Mackie eta Olivia Wilde, adibidez. Agerpen horiek umorea eta benetakotasuna eransten diote satirari, eta goxoki hutsa dira zinemazaleentzat.

Komedia entretenigarri eta gogoetatsuak, talentu handiko aktoreek eta narratiba adimentsu batek lagunduta, begirada umoretsu eta kritikoa eskaintzen dizkie industria zinematografikoaren zirrikituei.

Bide batez, nahiko paradoxikoa da nahieran ikusteko edukietan urtean 1.000 milioi dolar inguru —926 milioi euro inguru— xahutzen ari den konpainiak (Apple TV) The Studio izenburua estreinatzea, Hollywoodeko estudio handiak eta zinema bera aldarrikatzen dituen telesaila baita; ironia hutsa, ezta?

FITXA

  • Sortzailea. Seth Rogen eta Evan Goldberg. 
  • Herrialdea. AEBak.
  • Aktoreak. Seth Rogen, Catherine O’Hara, Kathryn Hahn eta Ike Barinholtz.
  • Urtea. 2025.
  • Non ikusi. Apple TV+.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.