Atzekoz aurrera

Jose Luis Lanzagorta: «Zinemaldiko kartelak egiteko aukera gozoki bat izan da, oso erakargarria»

Zinemaldiko aurtengo 11 kartelak egin ditu Lanzagortak: ofiziala eta beste hamar sailetakoak. Bere lan kuttuna, baina, letra tipoekin esperimentatzea da: «Letrek xarma berezia izan dute niretzat».

Jose Luis Lanzagorta, bere tailerrean, Donostian. K.B.T.
Jose Luis Lanzagorta, bere tailerrean, Donostian. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko irailaren 25a
05:00
Entzun

Juan Luis Lanzagorta (Palentzia, Espainia, 1958) Zinemaldiko kartel ofizialaren egilea da, baita sail guztiena ere. Diseinatzaile grafikoa letrek liluratzen dute, letra tipoek, alegia. Egurrezko, berunezko eta linoliozko dozenaka tipo ditu tailerrean; txikitxoak, tiraderetan txukun sailkatuta, eta handixeagoak, apaletan. Erdian, bihotz bat balitz bezala, prentsa.

Zinemaldiko kartel ofiziala. Hitz handiak dira...

Bai, lehenengo aldia izan da, eta ohore bat da. Zinemaldiko kartelak egiteko aukera gozoki bat izan da, oso erakargarria; azkenean, zure hiriko zinemaldia da, eta oihartzun handia dauka. Ni, gainera, oso zinemazalea naiz.

Cate Blanchett da protagonista.

Aura misteriotsu bat dauka argazkian, ikusten da bere baitan dagoela. Oso iradokitzailea da. Ez genuen irudi originala zikindu nahi, ez genuen eskua sartu nahi; horrenbestez, zuri-beltzean utzi dugu. Zinemaldiko sail bakoitzak kolore bat dauka, eta kartel ofizialean denak islatu behar dira; beraz, kolore paleta osoa erabili dugu letretan. Inizial batetik bestera koloreak degradatuz joan gara. Argitasuna behar zuen. Pozik nago emaitzarekin. Glamourra duela esango nuke.

Beste hamar kartelak, berriz, kolorez beteta daude.

Piktogramak sortzea erabaki genuen, gero irudiaren pisua argazkietan jartzeko. Jose Luis Lopez de Zubiria argazkilariarekin elkartu, eta ilustrazioa eta argazkia uztartzea erabaki genuen, modu erradikal batean, nolabait esatearren. Ez genuen batak bestea osatzea nahi, baizik eta aurrez aurre jarri eta bata bestearekin elkarrizketan jarri nahi genituen.

Bat gehi bat ez dira bi.

Ez. Interpretazio ezberdinak sortzen dira horrela, zabalagoak, metaforikoagoak...

Tabakalera, Musika Hamabostaldia eta Barandiaran museoaren markak egin dituzu, besteak beste, eta baita kartel ugari ere: Badu Bada, Ikimilikiliklik, Jazzaldia... Zer falta zaizu egiteko?

Dena [barrez]. Beldurrezko Zinemaldia, Literaktum...

Jose Luis Lanzagortaren tailerrean dauden tipografiak
Jose Luis Lanzagortaren tailerrean dauden egurrezko letra tipoak, tiraderetan sartuta. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Zer da Begiandi?

Hau, hemen dagoena. Begiandi Press esperimentaziorako eta ikerketarako nire proiektu pertsonala da, nire zigilua. Hitz joko bat da, txantxa bat. Begihandia tinta beltzaren bidez defendatzen da... Horregatik. Eta begi handienarengatik. Autodidakta naiz. Eskuz diseinatu eta inprimatzen dut dena. 60ko hamarkadako prentsa tipografikoko plano honetan jartzen ditut tipoak, tinta bota, eta banan-banan, zilindroekin presio eginez inprimatzen ditut. Edizio txikiak egiten ditut. Grabatuak dira. Letrek xarma berezia izan dute niretzat, beti erakarri naute. Diseinu grafikoan ari naizenean ere, letrak bilatzen ditut beti. Diziplina nagusia da niretzat.

Jateko ematen al du?

Momentuz ez, baina gozamena da. Hemen nahi dudana egiten dut. Diseinu grafikoa ere asko gustatzen zait. Horretarako, beste lantoki bat daukat: Lanzagorta Estudioa. 

Errotuladore batekin hasi zen dena...

Beti izan dut joera marrazteko, ebakinak egiteko... Txikitan beti aritzen nintzen marrazten. Rotring bat zabaltzen dudanean, usainak haurtzarora eramaten nau.

Ekain galerian ikusi ahal izan dira zure lanak uda honetan.

Bai. Hamargarren erakusketa izan da. Nire letrei omenaldi bat egin diet, alfabetoko letra bakoitzarekin kartel bat eginaz: A-Z. Erakusketa tematikoak egin izan ditut: zinema, musika... Beti egiten ditut kartel tipografikoak.

Disko pila dituzu tailerrean...

Musika da nire beste zaletasuna. Lehen, gitarra jotzen nuen, eta, orain, pianoa. Orquesta Mondragonen sortzaileetako bat izan nintzen. Gero, Donosti Sound mugimenduan ibili nintzen, Puskarra taldearekin. Rafa Berriorekin, berriz, Amor a Traicion taldean izan nintzen urte luzez. Gero, La Buena Vida; eta, ondoren, Amateur. Orain, impass batean nago. Kantarientzat disko azal asko ere egin ditut: Rafa [Berrio], Mikel Erentxun, Joserra Senperena...

Altxerri itxi izanak min emango zizun...

Bai. Altxerrirena pena izan da. Leku enblematiko asko ixten ari dira. Arenzana denda, Tanger taberna... Okerrena ez da ixtea, baizik eta zer zabalduko duten. Hilabete latza izan da hau. 

Lotsabako

Artista bat?
XX. mende hasierako abangoardiek markatu naute.

Musikari bat?
Zaila da. Jazza, rocka, pop-a... Bat aukeratu beharko banu, Chet Baker.

Eta zure obra bat?
Kokekoko espartin dendaren marka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.