Zinema platoko artistak

Zuzendari artistikoen lana zinema dekoratuak eta planoa osatuko duten koloreak aukeratzean datza: alor bisualak gainbegiratzen dituzte. Baina, prozesuaren atzean, gehiegi luzatzen diren lanaldiak ere badaude.

Pelikula baten atzeko muntaketa. CC0
Pelikula baten atzeko muntaketa. CC0
itsaso jauregi 2
2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Batzuen ustez, ikus-entzunezko produkzio baten dekoratua gainbegiratzeaz arduratzen dira; beste batzuen ustez, berriz, sormena erabiliz beste unibertso batzuk sortzen dituzten artistak dira. Bien arteko konbinazioan datza arte zuzendariaren lana. Arte zuzendariek proiektu baten alderdi sortzaile osoa zuzentzen dute, eta garrantzi berezia ematen diote alor estetikoari. Zuzendari artistiko batek proiektu baten alderdi bisualak gainbegiratzen ditu: dekoratuak, atrezzoak, koloreak... zinemako, telebistako eta publizitateko platoak apaintzen ditu, eta pantailetan ikusten den irudia da horren emaitza.

Oro har, zinemari lotuta dago diziplina hori. Arte zuzendari gisa izendatu zuten lehen pertsona Wilfred Buckland estatubatuarra izan zen, eta zineman egindako lan eszenografikoengatik jaso zuen titulu hura. Bucklandek 50 lanetan baino gehiagotan utzi zuen aztarna; argiarekin eta iluntasunarekin esperimentatu zuen The Cheat (1915) pelikulan, baita miniaturazko dekoratuak eraiki ere. Gainera, Estatu Batuetako zinema industrian eraiki den platorik handienetako bat diseinatu zuen: Robin Hood (1922) pelikulan agertzen den gaztelua. 

Arte zuzendaritzaren arloan azpimarratu beharreko izen ugari daude, besteak beste, 1923an William Cameron Menzies zuzendari artistiko estatubatuarra. Menzies ilustratzailea zen berez, baina arkitekto gisa aritu zen pelikuletako platoetan; fantasiazko mundu bat sortzeko gai izan zen The Dove (1927) eta Tempest (1928) lanetan, eta dekoratua ekintzarako integrala zen, ez soilik atzealdean zegoen zerbait. Lan horiei esker, Oscar zinema sariek Arte Zuzendaritzarako eman zuten lehen saria irabazi zuen Menziesek, eta, urteek aurrera egin ahala, produkzioaren diseinuaren aita goitizena jaso zuen.

Pantailara iritsi baino lehen eta zuzendaritza artistikoa titulua jaso baino lehen, antzerki aretoetan egiten zuten lan, obren atrezzoak eta dekoratuak sortzen. Publizitatean ere beren lekua lortu zuten zuzendari artistikoek; 1920ko hamarkadatik aurrera irudiak garrantzia hartuz joan ziren, eta aldizkarietako argazki eta estetika zainduaren atzean zuzendari artistikoak zeuden.

Gidoia jasota, zer?

Iraganean egindako lanez eta oraindik amaitu gabe daudenez apainduta dago Zenzerro proiektuko Mamen Hernandez arte zuzendariaren estudioa. Mahai luze arrosa bat, krispeta kutxa erraldoi bat, eta letrak errepasatu gabe dituen kartel bat. Tresnaz eta materialez betetako Iruñeko estudio txiki horretan egiten du lan Hernandezek bere bazkide Cristina Palaciosekin batera. 2008an sortu zuten Zenzerro, eta, harrezkero, filmetarako, telesailetarako eta publizitaterako dekoratuak sortu dituzte, baita ekitaldietarako kartelak egin eta telebista programak apaindu ere, hala nola Ene Kantak saioa. «Gustatzen zaizkigun gauza sortzaileetan lan egitea da helburu nagusia», adierazi du Hernandezek.

Gidoia hartzen duenean, pertsonaiekin zerikusia duten elementuak irudikatzen hasten da Hernandez, filmaren zuzendariak emandako erreferentziak kontuan hartuz. Gauza bera egiten du Mikel Serrano zuzendari artistikoak: «Istorio bat lehenbiziko aldiz irakurtzen dudanean, hainbat irudi etortzen zaizkit burura kontatzen duenaren inguruan». Loreak (2014), Handia (2017) eta Akelarre (2020) filmetan lan egin du Serranok, besteak beste, eta bi Goya sari irabazi ditu aipatutako azken bi pelikuletan egin zuen lanarengatik. 

Gidoia irakurtzerakoan, egoerak deskribatzeko ohitura du Serranok: «Lanaren aurreneko pausoa zera da: gidoia sakon irakurtzea, eta ondoren, asmatzea zein izan daitekeen gidoian kontatzen denari gehien egokitzen zaion irudi orokorra». Pertsonaiaren izaera dekoratuan islatzea da zuzendari artistikoaren asmoa, gidoia osatuko duten elementuak bertan kokatzea. «Planoek pertsonaiek esaten dutena baino zerbait gehiago transmititzea lortu behar da», azaldu du Hernandezek. Pertsonaiaren inguruan testuan jasotzen dena bildu behar dela gogorarazi du Serranok, eta, puzzle baten piezak balira bezala, protagonistaren izaera dekoratuan islatu: «Beharrezkoa da haren bizimoduaren inguruan gidoian zehazki aipatzen ez diren datuak txertatzea. Horrela, leku berezi bat sortzen dugu».

Behin irudi orokorra zehaztuta, zuzendariarekin eta argazki zuzendariarekin komentatzeko garaia da. Batzuek sormen askatasuna sustatzen dutela adierazi du Hernandezek; beste batzuek, berriz, nahiago dute zerbait «seguruagoaren» alde egitea: «Batzuek ez dute gehiegi arriskatzen, eta atzera botatzen dute gure proposamena». Zerbait «seguruagoaren» alde egiteak askotan zerbait merkeagoaren alde egitea ere esan nahi du. Pelikulak egitea garestia da, eta, askotan, ez dago behar besteko aurrekonturik zuzendari artistikoen lana gailentzeko. «Beti ari gara gure lana ahal den hobekien egiten, baina askotan estu ibiltzen gara baliabideei dagokienez», aipatu du Hernandezek. 

Ene Kantak telebista programarako Zenzerrok sortutako dekoratua.— Zenzerro
'Ene Kantak' telebista programarako Zenzerrok sortutako dekoratua. ZENZERRO

Aurrekontuen kudeaketaren ondorioz, Leire de Esteban zuzendari artistikoak azken momentuko aldaketak egin behar izan ditu: «Material guztia erreserbatuta eta aurrekontua itxita zegoenean, pertsonaien estatus ekonomikoak askoz ere handiagoa izan behar zuela erabaki zuen zuzendariak. Horrek erabat aldatu zuen atrezzoa, eta, jakina, hasieran hitzartutako aurrekontua». Serranok adierazi du aurrekontu mugatuak eragin «nabarmena» duela sormen prozesuan: «Oraindik ere zaila egiten zait alde sortzailea eta postuari lotutako aurrekontuaren gestioak uztartzea».

Alde batetik bestera

Etengabe mugitzen ari den izaki bizidun baten antzekoa da pelikula baten grabazioa. Egun batetik bestera aldatzen da grabazio plana; beraz, Hernandez ohituta dago egoera berrietara egokitzen: «Dekoratu bat eraiki genuen Iruñean, eta Madrilera eraman behar izan genuen, grabatzen hasi baino egun batzuk lehenago tokiz aldatu zutelako». Aurreko gauean horma egiten aritu zen, lokalizazio berriko atetik sartzea posible zen edo ez jakin gabe: «Ez dut lo askorik egiten!». 

De Estebanek askotan bi asteko tartean hasi eta amaitu behar izaten ditu proiektuak. Publizitatean lan egiten duenez, dena azkarrago egin behar izaten du: «Publizitate agentziak komunikazio plan bat sortzen du, ikus-entzunezko pieza barne. Gero, ekoizle bakoitzak bere profesionalak bilatzen ditu, eta horrela sartzen naiz ni proiektuan». De Estebanek astebete izaten du zuzendariarekin elkartzeko, proiektua garatzeko, non filmatuko den jakin eta lekua ikustera joateko, eta proposamena zuzendariari aurkezteko: «Publizitatean, sormen prozesua oso azkarra da; denak behar du atzorako. Trebea izan behar duzu erabakiak hartzen».

Ez da ohikoa izaten hutsetik sortu duten toki batean grabatzea, Serranok azaldu duen bezala, eta aurretik existitzen den leku bat egokitu behar izaten dute sortu duten irudira: «Gehienetan aurretik existitzen den eremu bat hornitzea tokatzen zaigu, eta, behin lan horrek sortzen dituen zailtasunak gaindituta, izugarria izaten da emaitza ikustea». Aurrerapen talde bat joaten da beti grabazio lekua nolakoa den ikustera; ekipo horrek egiaztatu behar du ea urak funtzionatzen duen, elektrizitaterik badagoen, eta hormek zenbateko luzera duten, adibidez. «Horma faltsu bat egin dezakegu, ateak ez dauden lekuan jarri, eta leihoekin tranpak egin», dio Hernandezek. 

Pelikuletan pertsonaiak gosaltzen agertzen direnean eta zerealen bila armairua irekitzen dutenean, hori ere bada zuzendari artistikoen lana: esnea eta gosaria erosi dituzte aurretik. «Lanbide honetakoa ez bazara, ezin duzu plano bakoitzaren atzean zenbat lan dagoen imajinatu ere egin», argudiatu du De Estebanek. Hala ere, ofizioa asko aldatu dela sumatu du Hernandezek: «Lehen, 35 mm-ko pelikulekin lan egiten genuenean, raccord-a Polaroid estiloko irudien bidez egiten zen. Alanbre batean zintzilikatzen genituen argazkiak». Libreta eskuan zuela, Hernandezek pertsonaien mugimendu bakoitza apuntatzen zuen: «Orain, betaurrekoak kendu ditu, orain utzi egin ditu...».

Baina oraindik badaude aldatu beharreko gauza batzuk. Lanaldiak gehiegi luzatzen dira, eta ordaindu gabeko orduak pilatu egiten dira, Hernandezen ustez: «Ez dira grabazio orduak bakarrik. Muntatzera lau ordu lehenago joaten gara, eta gero desmuntatu egin behar izaten dugu». De Estebanen ustez, «bide luzea» dago egiteko oraindik: «Publizitatean asko dago aldatzeko; bi eguneko planoak egun batean elkartzen saiatzen dira, aurrezteko asmoz. Azkenean, langilea esplotatzen dute».

Arte zuzendarien lana pantailan islatzen da, baina, agian, ez zaio hainbesteko arreta jartzen; kameren atzeko beste sail batzuk daude foku azpian. Baina Serranok ez dio garrantzi handirik ematen errekonozimenduari, lanean ikusten baita emaitza: «Garrantzitsua da giro profesionalaren barnean zure lana baloratzea, zalantzarik gabe, baina, hortaz aparte, gure lana bereziki baloratu beharreko zerbait ote da? Proiektua osorik baloratzen bada, denontzat da pozgarria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.