Hernani Komik azokaren antolatzailea

Koro Muro: «Zinema paperean izatea da komikia»

Muroren ustez, komigintzaren mundua «itzela» da, eta hor sartuko da Hernani gaur eta bihar: euskarazko komikigintzaren topagunea izateko asmoa du Hernani Komik-ek. Juan Luis Landa sarituko dute.

HERNANIKOMIK
Koro Muro, eskuinean. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Euskal komikizaleen topagune bat izango da Hernani Komik jaialdia eta azoka. Bigarrenez egingo dute gaur eta bihar, Hernaniko (Gipuzkoa) Atsegindegi plazan eta Biteri kultur etxean. Nobedadeen erakusleihoa izateaz gain, komiki aurkezpenak eta tailerrak egingo dituzte. Harriet argitaletxekoa da Koro Muro (Hernani, Gipuzkoa, 1967), baita azokaren antolatzaileetako bat ere.

Zer dauka komikiak beste euskarri batzuek ez dutena?

Bi edo hiru arteren uztardura da. Zinema paperean izatea da komikia. Literatura, marrazkigintza eta kontatzeko era diferentea uztartzen ditu. Askotan, batzuei literatura astunegia egiten zaie, eta, komikiak irakurrita, digestioa errazago egiten da.

Testuak adina kontatzen du irudiak?

Bata bestea gabe ez da ulertzen. Askotan, gainera, gutxi dira marrazkia eta gidoia egiten duten egileak. Istorioaren nondik norakoak zehazten dituen gidoilari bat egoten da, eta marrazkilariak beste ikuspegi bat ematen dio istorioari; batzuetan laguntzen du istorioa ulertzen edo bestela ikusten. Biek pisu berdintsua daukate. Batzuek diote gehiago ordaintzen dietela marrazkilariei gidoilariei baino, baina horrek ez du esan nahi garrantzi handiagoa duenik. Marrazkiaren prozesua mantsoagoa eta luzeagoa da gidoilariarena baino, eta marrazkilariak jan egin behar du, jateko ohitura dugu eta.

Nolakoa izan ohi da gidoilariaren eta marrazkilariaren arteko harremana?

Guztiz koordinatuta egon behar dute. Nire anaia [Gregorio Muro] gidoilaria da, eta marrazkilari ugarirekin egin du lan urte askoan. Ikusi dut nolabaiteko konplizitatea sortu behar dela, eta elkar ulertu behar dutela. Bakoitzak egiteko bere era dauka, eta bata bestearekin orekatzen da. Bata bestea gabe ez da ulertzen.

Euskara da Hernani Komik azokaren ardatz nagusi bat.

Bai. Komiki azokak egon badaude Euskal Herriko beste lekuetan, baina euskarazko komikigintzaren erakusleiho gisa ez zegoen bereziki bat. Bere garaian, Bilbon bazegoen Parrapean azoka, baina hura bertan behera geratu zen 2018an. Egia da Iparraldean orain dela hiru urte jaiotako Ziburuko azoka antzekoa dela, euskalgintzan eta euskarazko komikigintzaren inguruan mugitzen delako. Baina Hegoaldean ez geneukan horrelakorik, eta falta sumatzen genuen.

Nolako osasuna dauka euskarazko komikigintzak?

Nik uste dut oso ona daukala. Euskal Herrian sortzaile asko ditugu, eta oso onak. Atzerrian gehiago estimatzen gaituzte hemen baino. Komikizaleok familia txiki bat gara; ez gara gehiegi, baina talentu handia dago. Elkar ezagutzen dugu eta askotan esaten genuen zergatik ez ote zegoen euskal komikiari buruzko azoka bat. Horri ekin genion, eta iaz izan zen lehen aldia.

Iaztik zer ikasi duzue?

Iaz sarituaren inguruko erakusketa txiki bat antolatu nahi izan genuen, baina ezin izan genuen, Biteri kultur etxea obratan zegoelako. Aurten, Juan Luis Landari emango diogu Joseph Camino saria, eta haren ome- nez erakusketa txiki bat antolatu dugu; lortu dugu Biterin egotea.

Zein da Landak euskarazko komikigintzari egin dion ekarpena?

Erreferente bat da nazioartean. Lan oso garrantzitsuak egin ditu, eta ez soilik komikigintzan; ilustrazioan eta marrazki bizidunetan ere erreferente bat da. Orreagako kronikak da bere lan garrantzitsuena, eta hori da Irati filmaren oinarria. Oso marrazkilari fina da, kalitate handikoa. Haren lana ezagutzen duenak ez du inoiz ahazten, oso berezia baita.

Oraindik komikietara gerturatu ez direnei zer esango zenieke?

Askotan ulertzen dugu Asterix, Tintin, Mortadelo eta superheroiak baino ez direla, baina horietaz gain denetarik dago. Mundu itzela da komikigintzarena.

lotsabako

Zein da zure komiki kuttuna? Anaiarena esan beharko dut! Justin Hiriart.

 

Erreferente bat? Ba, nire anaia: Gregorio Muro.

Zure bizitzako pertsonaia? Ez da euskalduna. Bruno Duhamelen komikietako Madeleine.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.