PROPOSAMENAK

Zinema artelanekin

Bihar eta etzi 'Aire zabaleko zinema gauak' izango dira Txillida Lekun. Kulturarekin eta artearekin lotura duten ekintzak egingo dituzte udan

JON URBE / @FOKU.
Naroa Rios
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Eduardo Txillida eskultorearen ondarea batzen duen espazio kulturala da Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoa, Zabalaga baserrian eta haren lurretan. «Artearen eta naturaren arteko lotura da», azaldu du Miriam Setoain Txillida Lekuko Komunikazio eta Marketin arduradunak. «Museo bat baino gehiago da: ekintzen bidez natura eta artea batzen dituen gune kulturala». Kultur ekintza horien artean dago gaur hasiko den Aire zabaleko zinema gauak. Bihar eta etzi bi film ikusiko dira: bihar, El gran Maurice —Craig Roberts zuzendariarena—; etzi, Suro —Mikel Gurrea zuzendariarena.

19:00etan hasiko da ekintza, museoa ilunabarrean bisitatu ahal izateko, eta 22:00etan izango dira filmak. Gainera, piknik bat eskainiko dute. Prezio desberdinetako sarrerak daude: 8 urtetik beherakoentzat, doan, eta hortik gorakoentzat, 10 eta 26 euro artean.

Jarduera hau museoaren Udako Programaren barruan dago, baina ez da bakarra. Uztailetik abuztura, igandero, 09:00etan Yoga & Brunch jarduera egiten dute.

Zabalaga osatzen duen eta Txillidaren eskulturez inguratuta dagoen berrogei hektareako eremuan yoga eskolak ematen dituzte. Yoga saioaren ondoren, parte hartzaileek «brunch osasuntsu bat» jateko aukera dute Lurra Cafe kafetegian. Eskola bakoitzaren prezioa 30 eurokoa da.

Udako Programaren barruan beste bi jarduera daude abuztuaren amaierako. Batetik, 23an, Psychedelic Breath Meditational Experience dago. Setoainek azaldu duenez,«yogako antzinako praktika eta gaur egungo neurozientziaren aurkikuntzak konbinatzen dituen esperientzia da».

Eta, bestetik, udari bukaera emateko Musika Hamabostaldiko emanaldiak izango dira. Abuztuaren 25ean eta 27an Zabalaga baserrian Gerhard Laukotearen bi kontzertu eskainiko dira. «Kontzertuak, Dmitri Xostakovitx konpositore errusiarraren omenez eskainiko dituzte», azaldu du Setoainek.

Komunikazio eta Marketin arduradunak jende guztia animatu du udako ekintzetan parte hartzera: «Beti ez da izaten naturaz inguratutako eta 1543ko baserri bateko jardueretan parte hartzeko aukera». Gehitu du antolatutako ekintzak adin guztietako jendearentzat direla aproposak: «Abuztuan familiarekin edo lagunekin plan desberdin bat egiteko aukera da».

'Aire zabaleko zinema gauak'



Bihar eta etzi, 19:00etan, Txillida Leku museoan (Hernani, Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.